Homofobiari ateak zabaltzen

Iruñeko Udalak ituna sinatu du Fabre fundazioarekin. Elkarte horrek «familia tradizionalaren balioak» sustatzen ditu, eta «propaganda homosexuala» kritikatu izan du bere mintegietan.

Enrique Maia Iruñeko alkatea, udaletxean, artxiboko irudi batean. JESUS DIGES / EFE.
Ion Orzaiz.
Iruñea
2020ko azaroaren 21a
00:00
Entzun
Propaganda homosexual handiak eta egungo legediak gero eta gehiago ahultzen dute familiaren eginkizuna, eta galtzen ari da familiaren izaera bera. Askotan, familia normalak bakartuta eta baztertuta sentitzen dira». Fabre fundazioak sinatutako testu bat da, «ezkontzaren eta familiaren alde» Finlandian eginiko tailer baten harira. Orain, Iruñeko Udalak hiriko ikastetxeetara zabaldu nahi du nazioarteko erakunde horren eragina, eurekin hitzarmen bat sinatu baitu, «garapen jasangarriari eta 2030 agendaren helburuei buruzko ikasmateriala» 3 eta 18 urte arteko ikasleen artean banatzeko.

Udalak zabaldutako ohar aseptikoan, unitate didaktikoaren ardatzak nabarmentzen dira soil-soilik: pobreziaren eta analfabetismoaren aurkako borroka, ingurumena, berdintasuna, bakea... Inork gutxik zalantzan jarriko lituzkeen helburuak. Alta, aipamenik txikiena ere ez zaie egiten Fabre fundazioaren oinarriei edo orain arteko ibilbideari.

Ez da aipatzen, besteak beste, gobernuz kanpoko erakunde horrek lotura estuak dituela Kubako antikastrismoarekin eta Espainiako Borboi errege-erreginen familiarekin, eta mundu osoan «pobreziaren eta arrakala sozialen kontra» egiten dituzten kanpainen oinarrian bestelako printzipio batzuk daudela: besteak beste, «familiaren instituzioa indartzea» edota «abortuaren aurka, bizitzaren balioa sustatzea, sortzen den unetik».

Hainbat herrialdetan garatutako proiektuak azaltzen dira fundazioaren webgunean: 2013. urteko maiatzean, esate baterako, Askatasunean hezi izeneko mintegia antolatu zuen Fabre elkarteak Letonian. Haur txikiak dituzten familiei zuzendutako saio horretan, hizlariek aipagai izan zituzten «obedientzia, autoritatea eta askatasuna», eta azpimarra egin zuten «benetako» familia ereduan.

Beste mintegi batzuetan, abortuaren aurkako jarrera argi eta garbi islatu izan du Fabre fundazioak. 2015eko otsailean, adibidez, Gabriel izeneko proiektua aurkeztu zuten Santiago hirian (Kuba), «nerabe eta emakume askok abortura jotzen dutelako egoera familiar edo ekonomikoengandik ihes egiteko edota arazoei irtenbidea emateko bidea delakoan».

Webgunean azaltzen denaren arabera, proiektu horrek laguntza eskaintzen die «nerabe ezkongabeei» eta bazterketa egoeran diren edo GIBa duten emakume gazteei: besteak beste, «garapen psikiko eta emozionala» lantzen dute, jaioberriak urtebetez elikatzeko laguntza ematen diete eta «umeentzako saskitxoak» eskuratzeko aukera ere ematen diete. Hori guztia, helburu bakar batekin: emakume gazte horiek bururaino eraman dezatela haurdunaldia, proiektuaren filosofia baita «bizitzaren balioa» lehenestea.

Eta, abortuaren aurka ez ezik, dibortzioaren eta «propaganda homosexuala» deritzotenaren aurka ere mintzatu dira Fabre fundazioko arduradunak, elementu horiek «familia eredu normalaren aurka» doazela argudiatuta. 2015ean izan zen, Familia pentsatzen izeneko jardunaldien barruan: «Aldaketa erradikalak mehatxu larriak dira ezkontzarentzat eta familiarentzat. Finlandian, dibortzio kuota %50era iritsi da, eta abortua onartua dago haurdunaldiaren alternatiba gisara, biak legezkoak eta erraz eskuratzeko modukoak».

Adierazpenok publikoak dira, eta, atzo arte, ikusgai zeuden Fabre fundazioaren webgunean atzo borratu egin zituzten edukirik polemikoenak, horietako batzuk sare sozialetan azaleratzen hasi zirenean, baina horrek ez die eragozpenik sortu Iruñeko Udalarekin hitzarmena sinatzeko garaian. Kontrara: Navarra Sumak Iruñeko aginte makila eskuratu zuenetik, estutu egin ditu udalaren eta fundazio eskuindarraren arteko loturak. Hala, Fabreren zigilua daraman materiala eskoletan banatzeaz gain, fundazio horretako kide bat izendatu berri dute Coworkids prebentzio zerbitzuko koordinatzaile: Celia Pinedo.

Hitzarmena eteteko galdea

EH Bilduren eta Geroa Bairen udal taldeek gogor kritikatu dituzte Enrique Maia alkatearen azken erabakiak. Celia Pinedoren izendapena jakin eta berehala, EH Bilduk esan zuen «eskandaluzkoa» dela lanpostu tekniko baterako kontratatu izana «haurtzaroko zerbitzuen kudeaketan esperientziarik eta udalarekin edo auzoekin harremanik ez duen pertsona bat». Izendapena «erabaki politikotzat» jo zuten.

Atzo, Fabre fundazioaren webguneko mezu atzerakoiak azaleratu ostean, adierazpen instituzional bat aurkeztu zuen Geroa Bai taldeak, hurrengo udalbatzan eztabaidatu eta bozkatzeko: fundazioarekin sinatutako hitzarmena «baliogabetzeko» eskatu zioten Iruñeko Udalari, argitara ateratako adierazpenak «zeharo gaitzesgarriak» direla iritzita. Koalizioak «berdintasunarekiko konpromiso tinkoari» eusten diola gaineratu zuten agirian.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.