Koronabirusa

Ostalariek ez dute polizia (ere) izan nahi

Atzotik, Euskal Herri osoan da indarrean COVID ziurtagiria. Araba, Bizkai eta Gipuzkoako 50 lagunetik goitiko jatetxeetako langile eta bezeroek egun batetik bertzera egokitu behar izan dute neurrira

COVID ziurtagiri bat, bezero baten sakelako telefonoan, atzo. JON URBE / FOKU.
Maddi Ane Txoperena Iribarren - Ane Eslava
Donostia - Iruñea
2021eko abenduaren 5a
00:00
Entzun
Itxi aterkia, jantzi maskara, kendu berokia. Sartu ostatura, ondotik jantokira. «COVID ziurtagiria, mesedez?». Atera sakelako telefonoa, bilatu dokumentua. «Hemen daukat». Jarri irakurtzeko betaurrekoak. «Barkatu, itxaron, non daukagu QR kodearen irakurgailua?». Donostiako Igara auzoko Aratz jatetxean prest dauzkate mahai zapi zuriak, saltsak eta suak, baina ziurtagiriaren berritasunak neurriko kaosa ekarri du: «Zerbitzari guztiak ari dira galdezka nola egiten den, nola ez den egiten». Xabier Zabaleta erretegiko nagusi eta sukaldariak ere ez daki xuxen zer egin behar duten, eta ez dago konforme: «Gipuzkoako ostalaritza elkartearen barruan gaude, eta atzo [ostiralean] mezu bat bidali zuten, 18:30ean, esateko neurri berriak sartuko zirela. Baina ez digute bidali aplikazioa jaisteko lotura». Ari dira, halere, ahal bezala ziurtagiriak eskatzen: «Zorrotz jarri behar gara, eta ez da isunagatik. Ezin dugu besterik egin».

Larunbat eguerdia da, eta betetzear daukate jantokia, baina Zabaletak ohartarazi du izan dela bezperatik erreserba bertan behera utzi duen bezerorik ere: «Gaur, bihar, etzi, erreserba pila bat kentzen ari dira, ze batzuek ez daukate pasaportea, beste batzuek ez dakite nola atera...». Telefonoak jo dio, bat-batean. «Ez, guri ere ez digute bidali», erantzun dio bertzaldekoari. «Beste taberna bateko jabea, galdezka. Horrela daramat goiz osoa».

Aratzeko sukaldaria neurria ezartzeko epeez da bereziki kexu: «Jakinda hori eskatu behar zutela, lardaskeria handi bat da jendeari ez ematea erraztasunik horri aurre egiteko. Esan dute ostiral batean, eta konturatu behar gara gaur larunbata dela, erreserba pila bat genuela». Ostalaritzako hainbat lekurentzat egunik jendetsuenak, hain zuzen. Eusko Jaurlaritzak ezarri berri dituen neurriak ekarri dien lan gehigarriarekin ere ez dago kontent: «Hasi beharko gara banaka eskatzen eskuko telefonoa... Polizia lanak egiten, azkenean. Ematen dizu lan gehiago, eta, nire ustez, gurea ez den lan bat, kobratuko ez duguna, baina egin beharra daukaguna». Berriro jo dio telefonoak: «Ez, ez, guri ere ez».

Jatetxera sartzen ari diren bezeroek ez dute hainbertzeko eragozpenik sumatu. Edo ez, behintzat, Maria Jose Lloro eta Antonio Chamochok. Huescakoak dira (Espainia), adinekoak, eta asteburu-pasa etorriak dira Donostiara. Jantokira sartu direnerako prest-prest zeukaten agiria sakelako telefonoan: «Lehenagotik bageneukan». Zerbitzariari erakutsi diote, eta barnera. «Alaba medikua dugu, eta ez dugu inolako zailtasunik izan deskargatzeko», zehaztu du Chamochok. Neurria «primerakoa» iruditzen zaiola gehitu du Llorok: «Orain lasaiago gaude, txertatua ez dagoen jendeak txertatu egin beharko duelako lekuren batera joan nahi badu». Haiek jada eskatua dute hirugarren dosia jartzeko ordua: «Ia hurrengo urterako eman digute!», kexatu da gizona.

«Ardura kolektiboa»

Bertze mahai batean Herrialde Katalanetatik etorritako gazte talde bat dago. Azaldu dute asteon jarri dutela ziurtagiriaren neurria Katalunian ere, eta arazo teknikoak izan direla: «Sistema kolapsatu zen, eta lauzpabost ordu pasatu behar izan genituen agiria deskargatzeko. Baina denok daukagu», erran du Ricardo Palaciok. «Bestela, ez geundeke hemen», segitu du Ana Muñozek, irribarrez. Duela hilabete batzuetatik zeukan hark dokumentua: «Udan txertatu bazinen, bazeneukan». Grisella Obradok gaineratu du «oso egokia»iruditzen zaiola, «jendea txertatzera behartzen» duelako, eta... Zerbitzariak moztu dio: «Barkatu, zapoa nola nahi zenuen, saltsa berdean ala parrillan?». «Saltsa berdean, saltsa berdean. Ba, hori: ardura kolektiboa da, azken finean». «Hemen dituzue kroketak».

Zuatzuko Iñausti jatetxean lasaiago zeuden atzo: «Hona astean zehar etortzen da jende gehiago, eta gaurkoa proba moduko bat izango da». Jabeetako bat da Joseba Etxeberria, eta bere COVID ziurtagiri propioa deskargatzen harrapatu du zerbitzuaren aitzinetik egin ohi duen bazkariak. Platerean haragi gorria, eta eskuan sakelako telefonoa: «Orain dela hogei urtetik, hasi ginenetik, ez dugu horrelako gauzarik sekula ikusi. Burutik nahasten ari gara». Arauak fiteegi aldatzen direla dio, eta ez diela denborarik ematen egokitzeko: «Orain gela, gero musukoa, jendeari exijitzen ibili beharra... Egin behar duzu polizia lana». Eta langile kopuru berarekin: «Lehen ere ezin ailegatuta ibiltzen gara, eta, orain, lan gehiago».

Nafarroan, ohitu gabe

Lapurdin, Nafarroa Beherean eta Zuberoan joan den abuztutik dago ziurtagiria indarrean; eta, Nafarroan, berriz, astebete darama. Iragan larunbatetik, COVID ziurtagiria eskatzen dute 60 lagun baino gehiago sartzen diren jatetxeetan, gaueko ostatu eta dantzalekuetan, eta jan-edana baimendurik duten mila lagunetik gorako ikuskizunetan.

Bezeroek, oro har, onartu egin dute erabakia, eta baldintza horiek dituzten tokietara joatean prest izaten dute ziurtagiria, gehienek sakelakoan; baina nahasmena ere bada. Hala iruditzen zaio Adolfo Larraza Iruñeko Olaverri erretegiko jabeari: «Toki batzuetan ziurtagiria erakutsi behar denez eta beste batzuetan ez, jendea nahastu egiten da». Ziurtagiririk ez dutenei ez diete jatetxera sartzen uzten, eta batzuk «haserretu» egiten dira. «Errua guri botatzen digute, gu honen arduradunak izan gabe».

Jatetxeko nagusiak begi onez ikusten du neurria, haientzat «kaltegarriagoak» liratekeen beste arau batzuk ekiditeko balio duelako: «Itxi behar izatea saihesteko balio duen guztia da ongi etorria». Hala ere, uste du agintariek ez dutela asmatu irizpideak ezartzean: «Kaotikoak dira». Arauak nahasgarriak direla ikusita, ostalariek «serio» jokatzearen garrantzia nabarmendu du: «Zeren, guk ez baditugu neurriak betetzen, sinesgarritasuna galduko baitugu».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.