Agintera heltzeko azken aukera

Kenyan, oposizioko hautagai Raila Odingak auzitara jo du bozetan iruzurra izan den susmoarekin, baina, oraingoz, ez du aurkeztu hori argudiatuko duen froga sendorik.

Mauren eta Mama, Gogo Kampiko (Kenya) bi emakume, janaria prestatzen. OSKAR EPELDE JULDAIN.
Oskar Epelde Juldain.
Nairobi
2022ko abuztuaren 23a
00:00
Entzun
Duncan gaztea bigarren mailako eskola utzi ondoren maileguan hartutako motorrarekin ari da lan bila. Haren esanetan, Kampiko hauteskunde mahaian William Ruto hautagaiaren garaipena erabatekoa izan zen, hilaren 9an egin zituzten presidentetzarako bozetan. «248 lagunek Williamen alde bozkatu zuten, eta zortzik, Railaren alde», dio. Baina bi hauteskunde mahai izan ziren inguru berean, bata Baringo iparraldeko barrutian eta bestea hegoaldekoan. Kampin bozka gehiago izan zituen Raila Odinga oposizioko hautagaiak, iparraldeko barrutian Rutok irabazi bazuen ere. Iparraldean, gehienak kalenjin leinukoak dira, Ruto bezala; herrian, ordea, nahasketa da nagusi, arrantzale eta arrain saltzaile luo ugari baitaude.

Rutoren alde zergatik egin zuen galdetuta, hauxe erantzun du Duncanek: «Atsegin dut Kenyako agintariek jazarri egin diotelako». Kenya erdialdeko kikuiuek ere antzeko iritziak eman dituzte. Mount Kenya barrutian 2,9 milioik bozkatu zuten Rutoren alde, eta 800.000k bakarrik Odingaren alde. Aurrez, goi agintariek eta Uhuru Kenyatta presidenteak Rutoren aurka bozkatzeko eskatua zieten. «Adingabeak bagina bezala, eta guk amorruz erantzun genuen», azaldu du Johnek irribarretsu.

Joan den astean Hauteskunde Batzordeko presidenteak ezagutarazitako datuak benetakoak ote diren da orain erantzun beharreko galdera. Rutok, Kenyattarekin haserretu baino lehen eta presidenteorde izan den bitartean, janaria nekez irabazten duen gehiengoaren aldeko agenda politikoa agindu izan du.

Egiaren bila auzitegira

Kamioiz iritsi ziren atzo Odingaren alderdi Azimio la Umojako abokatuak Milimaniko auzitegira, helegitea aurkezteko Hauteskunde Batzordeko presidenteak duela zazpi egun aurkeztu zituen emaitza ofizialen aurka. Batzordekide gehienek ez zituzten onartu emaitza horiek, salatuz ezin izan zutela boto kontaketa bermatu. Hori da, oraingoz, Raila Odingak aurkeztutako eskaeraren argudio nagusia. Horretaz gainera, batzordeko eragileek emaitzak manipulatzeko aukerak izan zituztela frogatzen saiatu dira helegitean.

2017ko hauteskundeen ondoren Auzitegi Gorenak baliogabetu egin zituen hauteskundeak, prozesua hobetzeko baldintza eta eginbide berriak galdatuz. Oraingo bozetan 46.000 mahai inguruk 34A deitutako ziurtagiriak elektronikoki bidali zituzten zerbitzarira, eta horrela prozesua zeharo gardena izango zela bermatu nahi izan zuen Hauteskunde Batzordeak. Baina Odingaren abokatuek frogatu nahi dute datuetan funtsik gabeko gauza ugari daudela, eta iruzurrerako aukerak izan direla.

Bestelako gertaera ilunak ere izan dira hauteskunde prozesuan. Daniel Musyuola, Ekialdeko Embakasi barrutiko begiralenagusia, bahitu eta hil egin zuten. Oraindik ez da argitu erantzuleak nortzuk diren, baina azken egunetan zabaldu dute litekeena dela hilketa lotuta egotea haren barrutiko hauteskunde mahai batzuetako zenbaketa aktak desagertu izanarekin.

Wafula Chebukati Hauteskunde Batzordeko presidentearen arabera, parte hartzea %65,4koa izan zen. Datuak txarrak dira Kenyaren gisako herrialde batean, gutxitan gertatu izan baita hautesleen herenak baino gehiagok ez bozkatzea. Nanjala Nyabola idazle kenyarraren esanetan, hautesle gehienek ez dute gustuko hautagai bakar bat ere: batetik, ez direlako fidatzen Rutoren iraganaz, eta, bestetik, Odingak 2017ko hauteskundeen ondoren Kenyatta presidentea besarkatu zuelako, harekiko elkartasun keinu gisara, eta orain arteko erabaki ekonomikoen erantzule da hura.

Baina Raila Odingaren abokatuen esanetan, presidentetzarako bozetan partaidetza dezente handiagoa izan zen, gobernari, legebiltzarkide eta senatarien hauteskundeetan baino, eta hori susmagarria dela esan diote auzitegiari. Salatu dute bozka gehiago zenbatu zituztela presidentetzarako hauteskundeen emaitza ofizialetan, eta kontuan hartu behar dela Rutok 69.000 bozkagatik bakarrik lortu zuela hauteskundeetan bigarren txandarik ez egitea.

Bosgarren saioa

Odinga (77 urte) bost aldiz saiatu da presidentetzarako bozak irabazten, eta porrot egin du orain arteko ahalegin guztietan. Rutok (50 urte), berriz, marka guztiak hautsi ditu bere ibilbide politikoan. Legealdiaren azken txanpan sortutako UDA alderdiarekin aurkeztu da hauteskundeetara, Kenyan presidenteordea inoiz ez dela presidente bihurtuko dioen atsotitza gezurtatuz.

Garaiezin ospeak bultzatu du Ruto aurrera orain arte. Hitzeman du kasta politikoari aurre eginez Kenya «behetik gora» garatuko duela, nahiz eta 2007. urtean Nekazaritza ministro karguan aritu zenetik ondasun asko eta lagun boteretsu ugari bereganatu dituen.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.