Uber: distira, autoetan bakarrik

Epaile batek ebatzi du Bizkaiko IG gidariei bidaiarien garraio erregularreko lan ituna dagokiela. Egun enpresa bakarrak ematen du zerbitzua Araba, Bizkai eta Gipuzkoan, eta 100 langile inguru ditu.

IG zerbitzua ematen duen auto bat. MARISCAL / EFE.
Imanol Magro Eizmendi.
Bilbo
2022ko uztailaren 12a
00:00
Entzun
Mundu osoko filtrazio batek Uber plataforma digitalaren miseriak azaleratu ditu. Ikerketa Kazetarien Nazioarteko Elkarteak 124.000 agiri bildu ditu, eta agerian utzi ditu enpresak 2013tik 2017ra bitartean hiri askotako garraio sarean barneratzeko erabilitako azpikeriak. Besteak beste, lege hausteen, lobby jardunaren zantzuen eta agintariak limurtzeko ahaleginen berri eman du. Horrekin batera, autoen gidarien lan baldintza kaskarrak salatu ditu, eta horiek ere mundu osoan zabalduak daude, Euskal Herria barne.

Ricardo Oterok inor gutxik bezala ezagutzen du Uberri zerbitzua ematen dioten enpresen jarduna. Garraiolari ohia da, hainbat garraio elkartetan ordezkari izandakoa, eta egun UGT-Euskadi sindikatuan dihardu. «Gidarien lan baldintzak oso kaskarrak dira: soldata txikiak, hamar-hamabi orduko lanaldiak, atseden egun bakarra, legez kanpoko deskontuak nominan... Pentsa, ugazaba algoritmo bat da». Uberrentzat lan egiten duten gidari askorekin bildutakoa da, eta sindikatua haiengana gerturatzen saiatzen da, baina ez da erraza: «Bakartuta daude, eta aldaketa asko daude. Hogei langile kolpetik irten daitezke, eta beste hogei sartu».

Ares Capital da egun Hego Euskal Herrian Uber-en bitartez lan egiten duen enpresa bakarra. Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan 100 bat gidari ditu, baina auto kopurua txikiagoa da. Gutxi dira lurraldeko 2.121 taxilariekin alderatuta. Ibilgailu gidaridunen (IG) jarduna iaz argitu zen epaibide luze baten ondoren. EAEko Auzitegi Nagusiak arrazoia eman zion Lehiaren Euskal Agintaritzari (LEA), eta indarrik gabe utzi zituen 2019an Jaurlaritzak garraio mota hori arautu eta taxia babesteko onarturiko dekretuko bi arau: ibilgailu gidaridunak (IG) ez dira derrigorrez ordu erdi lehenago kontratatu behar, eta zerbitzu hori ematen duten autoek geolokalizazioa piztuta eraman ahal izango dute bezeroek nondik dabiltzan jakin dezaten.

Ebazpen hori plazaratu zenean, bi enpresak ziharduten Bizkaian: Ares Capitalek eta Euskal Herria VTCk. Azken hori deseginda dago egun: porrot egin zuen, eta hainbat hiletako soldata zorretan utzi zien bere hamabi gidariei. UGTk eraman du haien salaketa, eta lan ikuskaritzak zazpi isun jarri zizkion iaz. Langile horiek Madrilgo IG gidarien lan hitzarmenaren menpe zeuden, ez zegoelako beste lan markorik, baina gerora jakin dute legez kanpokoa zela.

Baina nola da posible gerora ohartu izana? Bada, Euskal Herria VTCk bere garaian Espainiako Lan Hitzarmenen Kontsultarako Batzordeari galdetu ziolako zein lan hitzarmen zegokien bere langileei, eta batzordeak ebatzi zuen Bizkaiko Bidaiarien Garraiorako lan hitzarmena aplikatu behar zitzaiela. Hamabi langileetako batek salaketa jarri zuen, eta Bilboko gizarte arloko epaitegiko hirugarren salak arrazoia eman dio. Ondorioz, enpresak 18.000 euro ordaindu beharko dizkio 2019ko azarotik 2021eko maiatzera arte ez zegokion lan ituna aplikatu ziolako. Beste 11 langileek ere jarri dute salaketa, eta urrian izango dira epaiketak. Euskal Herria VTCren jabea Jose Antonio Parrondo enpresari espainiarra da, eta hainbat IG enpresa ditu Espainian.

Ares Capitalen enpresa ituna dute, baina ez da Madrilgoa baino askoz hobea. Madrilgoan, soldata legezko gutxienekoa da; Aresenean, berriz, pixka bat handiagoa da, «50 bat euro edo», azaldu du Oterok (1.050 euro gordin hilabetean). Bere itxaropena urrian aldeko ebazpen gehiago biltzea da, jurisprudentzia ezartzeko. «Alde handia legoke baldintzetan», nabarmendu du: «Soldata bikoiztu egingo litzaieke gidariei, eta ordu kopurua asko murriztuko. Atsedenak, oporrak eta halakoetan sartu gabe. Gainera, gogorarazi behar da lan erreforma berriarekin enpresa ituna ezin daitekeela izan sektorekoa baino okerragoa». Zehazten jarrita, 14.760 euroko aldea legoke urteko soldatan, alegia 1.230 euro gordinekoa hilabetean.

Sektorea arautu behar da

Oteroren ustez, dena den, tokian tokiko akordioez gain sektorea arautu behar da. Uberrek aurkakoa nahi du, eta ez ditu sindikatuak eta erakundeak inguruan nahi. Uber Files-etan, esaterako, enpresako buruen arteko mezu trukaketa bat ageri da non «pailazo» deitzen baitiote Olaf Scholz Alemaniako kantzilerrari, gidarien soldata igo behar zela esan zuelako. Oterok gorago nahi du langa: «Langileen legez kanpoko zesioa lortu behar dugu. Nagusia Uber izatea da borroka, ez azpikontrataturiko enpresa. Amazonen lortu genuen, eta Glovoko ebazpena aldekoa izan zen».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.