Bonbilla halogenoak itzaliz

Europako Batasunak debekatu egin du irailaren 1etik aurrera bonbilla halogenoak ekoiztea. Gero eta gutxiago erabiltzen da teknologia hori, eta LED argiek ordezkatu dute, jasangarriagoak baitira.

Debekatu dituzten bonbilla halogenoak, artxiboko irudi batean. CHEMA MOYA / EFE.
Irati Urdalleta Lete.
2018ko abuztuaren 18a
00:00
Entzun
Agur bonbilla halogenoei. Beste pauso bat eman du Europak kontsumo handiko eta eraginkortasun txikiko argiztapenaren aurka: bonbilla halogenorik ezingo da ekoitzi irailaren 1etik aurrera.

Tradizionalki etxeak argiztatzeko erabili izan diren bonbillei eragingo die debekuak, batez ere; hain zuzen ere, norabide orotako argia ematen duten eta E27 edo E14 zorroa duten bonbilla halogenoei. Hala ere, banatzaileek saldu egin ditzakete bukatzen zaizkien arte. Aldiz, neurriak ez du eraginik izango, esaterako, autoen fokuetan eta hozkailuetako eta labeetako argietan.

Heber Garmendiak Lazkaon daukan Nortek elektrizitate dendan, 2010etik darabilte halogenoen ordezkoa, LED teknologia, eta etorkizuna bide horretatik doala dio. Kasu oso jakinetan soilik jarraituko zuten erabiltzen, Europak debekatu izan ez balu ere. «Ez zait gaizki iruditzen neurria; ekoizle batzuek jada utzia zioten bonbilla mota hori egiteari». Dendan ere aspaldian bukatuak dituzte: «Azkenengo urteetan, beharraren arabera ekarri ditugu».

Ez da lehenengo debekua

Hainbat aurrekari ditu irailean indarrean jarriko den neurriak. 2009an hasi ziren Europan argiztapen goria debekatzeko lanak, eta 2012ko irailaren 1ean lortu zuten desagertzea. 2016ko irailean,gehienetan dendetan erabiltzen ziren hainbat fokutako lanpara halogenoen txanda izan zen. Normalean etxeetan erabiltzen zirenek 2018ra arte iraun dute, Europako Batzordeak luzapen bat ematea lortu zutelako.

Orain, trantsiziorako beharrezko teknologia garatu da, etaLED argiak izango dira halogenoen ordezkoak. 2017an, %63ko merkatu kuota zuten, 2016an baino sei puntu gehiagokoa. Garmendiak dio gero eta presentzia handiagoa duela LED argiztapenak «Gure kasuan, halogenoak %1 edo %2 izango dira».

Beraz, datuei begiratuz, ez du ondorio handirik izango debekuak. Garmendia ere bat dator, eta eragin handiena arropa dendetan izan dezakeela azaldu du. Izan ere, orain gehiago ordaindu beharko da halogenozko foku jakin batzuek sortzen zituzten efektuak edukitzeko. Konparazio bat ere egin du, jendea lasaitzeko: «Telebista analogikotik digitalera pasatu zenean, bazen beldur estiloko bat, baina ez zen ezer gertatu: aurrerakuntza izan zen».

Europak bultzatu nahi duen LED teknologia horrek hainbat abantaila dakartza. Horren erakusgarri da 50.000 ordu irautea, kontsumo baxukoek halako bi pasa. Halogenoek, berriz, 6.000- 12.000 ordu irauten dute. Energia ere aurrezten dute, LED argiek halogenoek baino %80 energia gutxiago kontsumitzen baitute. Izan ere, halogenoek kontsumitzen duten energiaren %80rekin beroa ematen dute, eta %20rekin, argia. Garmendiak ere baieztatu du energia kontsumo txikiagoa dakartela: «Abantaila azpimarragarriena da kontsumoarena. Lehengo 50Wko halogeno baten lekuan 5Wko LEDak jartzen hari gara». Hala ere, iruditzen zaio zortzi urtean izan den kontsumo beherakadak ez duela jarraipen bera izango. «Kontsumo aldetik, mugara iristen hari dira ekoizleak». Orain, LED argiak beste arlo batzuetan aztertzen ari dira, seguruagoak izateko, argiak eragindako itsutzea eta begi kliskak gutxitzeko..

Ingurumenerako ere mesedegarria da LED argiztapena, CO2 gutxiago sortzen baitu. Bonbilla horiek material birziklagarriz daude eginda, eta erabiltzen bukatutakoan bonbillak ere birziklatu daitezke. Gainera, ez dira berotzen; berehala pizten dira; eta, denbora pasatu arren, argiaren kalitatea ez da murrizten.

Erabiltzaileen poltsikoetan ere izango du mesederik aldaketak: 115 euro aurreztuko dituzte bonbilla halogeno bat LED batekin ordezkatuz gero. Gainera, LED argiak erostea garestiagoa bada ere, inbertsioa urtebetean edo bi urtean berreskuratzen da.

Jendea horretaz jabetu dela dirudi. Izan ere, gaur egun LED teknologia nahiago dute. «LEDaren munduan aukera asko daude, baina ezjakintasuna dago», gaineratu du Garmendiak. Aukeratzeko garaian argiaren tonua eta beste hainbat faktore kontuan hartu behar direla dio. Izan ere, tonuak garrantzi handia du, gizakien nerbio sisteman eragina baitu. «Baina eskoletan eta ikastoletan hartzen al dituzte faktore horiek kontuan argiak aldatzeko garaian? Zer pentsatua ematen du».

Erabakia hamabost egun barru indarrean egongo den arren, jendeak ez du haren berri. Ledvance nazioarteko argiztapen enpresaren arabera, debeku hau ez dute ezagutzen Europako kontsumitzaileen erdiek. Horren erakusgarri da oraindik kontsumitzaileen %29k bonbilla halogenoak edo goriak edukitzea erosketa zerrendetan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.