Osasun sistemak porrot egin du

Abeslari ezagun baten heriotzak argitara atera ditu Hego Sudango osasun sistemaren gabeziak. Egun, zerbitzuen %80 inguru nazioarteko erakundeek eta garapen agentziek ematen dituzte.

Trisha Cee abeslaria bere amarekin. BERRIA.
Oskar Epelde Juldain.
Juba
2021eko apirilaren 10a
00:00
Entzun
Hego Sudango osasun sistemak dituen gabeziak lau haizeetara zabaldu dira Juban, Trisha Cee abeslariaren heriotzak eragin duen saminarekin batera. Cee ura zeraman kamioi batek harrapatu zuen martxoaren 29an, Jubako biribilgune batean. Hiritar ugari hil dira inguruan modu berean, trafikoaren kudeaketa txarraren ondorioz. Cee boda-boda edo mototaxi batean zihoan istripua gertatu zenean. Motor gidaria berehala hil zen. Bera Peace ospitalera eraman zuten, haustura anitzekin.

Ceeren laguna zen mediku batek BERRIAri azaldu dio gertatutakoa. «Azterketa medikoa egiten utzi nituen, eta lepoko baten bila atera nintzen. Itzultzean, bentrikulu-fibrilazioa egiten aurkitu nituen; intubatua zegoen, eta, gainera, atxilotuta, istripua gertatu aurreko gauean protesta batzuetan parte hartu zuelako. Halako batean, CPR-berpiztea egiten hasi ziren, baina konpresioen sakonera ez zen egokia. Ardura nire gain hartu nuen, eta saiatu egin nintzen, ez nuela berpiztuko ikusi, eta utzi nuen arte. Odola beranduegi iritsi zen. Osasun sistemak porrot egin du», azaldu du Sokiri doktoreak.

Ceek 27 urte zituen, eta alaba bakarra zen. 4 urte zituenean, aitarengandik banandu behar izan zuten, SPLA Sudan Askatzeko Herri Armadaren aurkako gerra zela eta. «Ama ez zen berriz ezkondu; aitaren zain jarraitu du, eta, orain, alaba galdu du: nola iraunen du?», esan du Sokirik.

Sistemaren hutsak

Cee hil aurreko gauean protestak izan ziren hirian. Manifestariek diote minaz betetako eremuan bizi direla. Abeslaria hil ostean, hainbat lagun bildu ziren istripua izan zen gunean, osasun sistemaren gabeziak salatzeko. Poliziak, ordea, indarrez sakabanatu zituen, eta atxilo eraman zituen batzuk. Horietako bat, AK Dans komikoa, polizia etxetik atera ondoren odol transfusioetarako zerbitzu arduraduna ikustera joan zen lagun talde batekin, galdetzeko istripua gertatu zen egunean zerbitzua zergatik zegoen itxita. «Lur jota gaude. Gure osasun sistemaren gabeziak konpontzea ez da arratsaldeko lauretan etxera joatea erabakitzen duen medikuaren ardura; ez da 1,69 euroko soldata duen erizain baten eginkizuna, ezta aurrekontu orokorraren %1 jasotzen duen Osasun Ministerioarena ere».

Ardura euren gain hartzeko prest, odol bilketa kanpaina bat jarri dute martxan AK Dansen taldekoek, baina, horrekin batera, are ozenago eta beldurrik gabe eskatzen dizkiote kontuak gobernuari. Hego Sudango Osasun Profesional Arduratsuen Elkarteak dio osasun azpiegitura egokiarekin eta bizitzaren zainketarako ekipamenduekin, horrelako heriotza asko eragotziko liratekeela. Idatzi batean salatu dute Ceeren heriotza «osasun langile batzuen zabarkeriak» eragin bazuen ere «sistemaren hutsegite sistemikoek» eragiten dituztela heriotzak.

Nabarmendu dute, baita ere, Osasun Ministerioak ez daukala gaitasun instituzional eta teknikorik politika berriak martxan jartzeko: «Duela hamar urtetik hona hiru puntu gutxitu da dagokion aurrekontua. Osasun zerbitzuen %80 giza laguntzarako erakundeen eta garapen agentzien esku uzten dute». Salatu dute 100.000 pertsonarentzako bi mediku eskas daudela, eta 50.000 pertsonarentzako, erizain bakarra; ez dela inbertsiorik egin osasun langileak trebatzeko; Hego Sudango ospitale nagusi Juba Teaching Hospitalek ez duela behar duen kirurgia-ekipamendurik, ezta trauma sistemarik ere, eta, transfusioetarako odol nahikorik ere ez dutenez, gaixo asko hil egiten direla.

Gizarte zibileko eragileek ere kritikatu dute gobernuaren arduragabekeria. Antolakuntza Aurreratzeko Komunitateen Ahalduntzea erakundeko Edmund Yakanik gobernuari egotzi dio krisi garaian herritarrak alde batera utzi izana, eta egoera nazioarteko erakundeen esku uztea.

Hamar urteko independentziaren ondoren, menpekotasuna sakondu egin da. Hamabi milioi biztanle ditu Hego Sudanek, eta gero eta gehiago dira elikadura eta laguntza humanitarioa behar dutenak. Halaxe ohartarazi zuen NBE Nazio Batuen Erakundeko idazkari nagusiaren ordezkari ohi David Shearerrek, kargua utzi aurretik Segurtasun Kontseiluan egin zuen azken agerraldian. Batetik, esan zuen Hego Sudango aberastasunak, petrolioa eta abar, herriari onurarik eman gabe ustiatzen dituztela, sekretupean eta ondorioez kezkatu gabe, eta, bestetik, nazioarteko komunitateak ere baduela zerikusirik Hego Sudango gaur egungo egoerarekin. «Bakea ez dute oraindik eraiki». Hego Sudango presidente Salva Kiir Mayarditek behin egotzi omen zion «eskaleen nazio» bihurtzen ari zirela herrialdea. Shearerrek, erantzukizuna onartu arren, gogorarazi zion gobernuaren menpeko erakundeek ere urratsak egin behar lituzketela.

Bake akordioaren arabera, armadak bateratu behar dituzte, konstituzio bat idatzi, Afrikako Batasunarekin batera justizia sistema bat eraiki, eta, azkenik, bozak egin. Baina oinarrizko segurtasuna ere ez da bermatu oraindik toki askotan. Herritarrek egin dute lehen urratsa. «Politikariak ahaztu, eta bila ditzagun konponbideak», adierazi du Ceeren lagun batek.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.