Okupazioaren atzaparretan

NBEren bitartekaritzak ez du lortu Marokok sahararren aurkako jazarpena gelditzea. Rabatek jomugan jarri ditu Mendebaldeko Saharako giza eskubideen aldeko ekintzaileak eta kazetariak.

Sultana Khaia ekintzailearen aldeko manifestazio bat, iaz, Rabunin, Aljerian. MALAININ MISTAFA / EFE.
arantxa elizegi egilegor
2022ko urtarrilaren 29a
00:00
Entzun
Aminatu Haidar giza eskubideen aldeko ekintzaile ezagunari gertatu zitzaion ostegunean. Marokok ez zion utzi Europarako hegaldia hartzen, Espainiako txertatze ziurtagiria zuelako, eta ez Marokokoa. Haidarrek berak salatu zuen gertatutakoa, sare sozialetan zabaldutako bideo batean. «Ez da lehen aldia Marokok atzerrira joatea debekatzen digula, eta ez da azkena izango. Gaur koronabirusagatik da, baina bihar beste zerbaitengatik izango da», zioen bideoan.

Haidar ez da bakarra, eta ez da azkena izango. Rabatek Mendebaldeko Sahara okupatu zuenetik, ezinezko bilakatu du sahararren egunerokoa, eta edozein arrazoi da ona etxeratze aginduak edo etxeko atxiloaldiak ezartzeko. «Arabiako Kopa jokatu zenean, etxeratze agindua ezarri zuten Marokok eta Aljeriak partida zuten egunean, beldur zirelako sahararrok Aljeriaren garaipena ospatzera aterako ote ginen», azaldu dio BERRIAri Ahmed Ettanjik, Equipe Mediako kazetari eta giza eskubideen aldeko ekintzaileak. Izan zen, ordea, Rabaten araua urratu zuenik, eta ondorioak ez dira nolanahikoak izan: launa urteko kartzela zigorra ezarri diete bi gazteri Aljeriaren garaipena ospatzeagatik. Haien familiek salatu dute torturatu egin zituztela atxilotutakoan.

Bi gazteen kasuan ez bezala, nazioarteko komunikabideen lerroburuetara heldu da Sultana Khaiaren auzia. Ekintzaile horrek eta haren familiak urtebete pasa daramate etxeko atxiloaldian, Mendebaldeko Saharako banderarekin etxeko teilatura igotzeagatik. «Izugarria da haien egoera. Sexu erasoak jasan behar izan dituzte, segurtasun indarrak etxera sartu zaizkie oldarkor, jipoitu egin dituzte, etxean zituzten gauzak eta janaria hondatu dizkiete, argia kendu diete...», dio Ettanjik. Khaiaren osasun egoerak nabarmen okerrera egin duela ere ohartarazi du kazetariak: «Aldian behin produktu kimiko bat botatzen dute Marokoko segurtasun indarrek Khaiaren etxe barrura; Jerusalemgo Xeikh Jarrah auzoko palestinarrak etxetik aterarazteko erabiltzen duten bera. Horrek osasun arazoak eragiten ditu, hasi asmatik eta biriketako minbiziraino». Horiek hala, nazioarteko kanpaina bat abiatu dute sare sozialetan, Khaia askatzearen aldeko sinadurak biltzeko.

Ettanjik argi du arazoa ez dela soilik gutxi batzuena, orokorra baizik. «Rabatek jomugan jarri ditu giza eskubideen aldeko ekintzaileak eta kazetariak. Ezin gara etxetik irten ere egin norbait zelatatzen izan gabe. Ezin zara lagunekin geratu, eta are gutxiago beste ekintzaile edo kazetariekin bildu, atxilotu egin zaitzakete eta», esan du. Jazarpena eta errepresioa ez dira soilik giza eskubideen edo informazioaren alorrean aritzen direnen arazoa; eguneroko bizitzan eragiten du: «Ezin dugu bidaiatu, ezin gara kafetegi batera sartu, Polizia atzetik dugulako; inoiz kafetegiak itxi ere egin izan dituzte, jendea bertan bildu ez zedin. Guri, esaterako, ezkontzea eragotzi ziguten. Ezinezkoa da bizimodu normal bat edukitzea halako baldintzetan».

2020ko azarotik Fronte Polisarioa eta Maroko gerran egoteak zaildu egin du testuingurua, eta arriskutsuago bilakatu ditu sahararren joan-etorriak —aste honetan bertan, familia baten ibilgailua bonbardatu du Rabatek, eta gizon bat hil eta adingabe bat zaurituz—. Equipe Mediako kazetariaren esanetan, herritarren oinarrizko eskubideak are gehiago murrizteko baliatu du egoera Rabatek. «Ez dugu hezkuntzarako edo osasunerako eskubiderik; eskubide oinarrizkoenak ere ukatzen dizkigute. Aire zabaleko espetxe batean bizi gara. Ghetto bat da hau: kolonoz, militarrez eta kuartelez inguratuta gaude», esan du, atsekabetuta, Ettanjik. Kalean daudenen egoerak ez ezik, preso daudenenak ere okerrera egin du. Aste honetan bertan, preso politikoak askatzeko presio egiteko eskatu diote haien senideek nazioarteari.

Informazioa, isilarazia

Marokoko Gobernuak maite du egoera kontrolpean edukitzea, eta, horretarako, oinarrizkoa da informazioa ere hala edukitzea. «Ez gara munduko edozein tokitaz ari; basamortuaz ari gara. Hemen ez dago nazioarteko albiste agentzia independenterik. Mendebaldeko Saharari buruzko informazioa lantzen dugun kazetariok arriskuan jartzen dugu geure bizitza», dio Ettanjik.

Ekintzaileak ondo daki zertaz ari den. Asko dira espetxeratutako kazetariak Rabaten giza eskubideen urraketen berri emateagatik, edota gerrari buruz informatzeagatik. Alde horretatik, nazioarteko komunikabideen babesaren falta sumatzen du Ettanjik: «Ahaztu egiten zaie lankide asko torturatu egiten dituztela hemen haiek han egiten duten lan bera egiteagatik».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.