inaki petxarroman
HIZPIDEAK

Legeari planto, diruari ez

2022ko urtarrilaren 15a
00:00
Entzun
Olga Patiño iruindarra berriki hil da, Nafarroako Unibertsitate Ospitalean. Eskatu bezala, eutanasia egin zioten. Baina kontuak ez ziren joan hark nahi bezala, azken unean ospitalez mugiarazi baitzuten. Azken egunak pasatu zituen San Joan Jainkoarena ospitaletik hara mugitu zuten, Patiñoren senideek salatu dutenez, han ez ziotelako eutanasia egin nahi izan.

Iazko ekainean indarrean jarri zen Hego Euskal Herrian Eutanasiaren Legea, eta medikuei kontzientzia eragozle izateko eskubidea aitortzen badie ere, osasun zentroei ez die ematen aukera hori. Nafarroan jakinekoa da osasun zentro erlijiosoek eta Opusek daukaten indarra. Agerikoa izan da itzal hori abortatzeko eskubideari aurre egiteko egin duten ahaleginean, esaterako.

Herritar guztiei dagozkien legeak eurentzat ere badira, nola ez. Baina, tamalez, beti aurkitzen dute trikimailuren bat arauei izkin egiteko. Kasu honetan, argudiatu dute oherik gabe geratu zirela. Emakumearen senideek uste osoa dute arrazoi erlijiosoengatik mugitu zutela beste ospitale batera, eutanasia egin behar ez izateko. Osasun zerbitzuaren truke administraziotik dirua jasotzeko, jakina, ez dute izaten horrenbesteko arazorik. Kasu honetan, beraz, administrazioari dagokio legea bete ote den argitzea, eta, bete ez bada, dagozkion ondorioak zehaztea, ospitalearekin duen ituna berrikusita, besteak beste.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.