Aspaldiko loria begi aurrean

Osasunak Kopako final-laurdenak jokatuko ditu gaur, Sadarren, Sevillaren kontra. Aurkari hori bera kanporatuta iritsi zen finalaurrekoetara 2003an eta 2005ean, Iñaki Muñozen golei esker.

Iñaki Muñoz —ezkerrean—, 2005eko kanporaketan Sevillari sartutako gola ospatzen, Valdorekin. JAGOBA MANTEROLA / FOKU.
enaut agirrebengoa
2023ko urtarrilaren 25a
00:00
Entzun

Kopan topa egin nahi du Osasunak. Final-laurdenak jokatuko ditu gaur, hamahiru urte luzeko itxaronaldiaren ondoren. Zale gorritxoek aspaldiko partez ikusi ahalko dute zuzenean Kopako partida bat. Izan ere, azken hamabost kanporaketak Sadarretik urrun jokatu ditu taldeak. Helburua garbia da: harmailen laguntzaz Sevilla mendean hartu eta historian seigarrenez sartzea final-aurrekoetan. Finalaren atarira 2003an eta 2005ean iritsi zen azkenekoz, bi aldietan, Sevilla Sadarren kanporatu ondotik.

Ikusi gehiago:Sadarrera ikurrinak eta Nafarroako banderak eramatera deitu dute

Kopako gau magiko haiek ederki gogoratzen ditu Iñaki Muñozek (Iruñea, 1978). Jokatu ez ezik, berak erabaki zituen Sevillaren kontrako final-laurdenetako partidak. «Oso neurketa bereziak izan ziren, jokoan zegoenagatik eta zelaiko giroagatik. Lehia handia genuen garai hartan Sevillarekin», oroitu du erdilari ohiak. Gogoz zegoen taldea berriz ere azken kanporaketetan ikusteko. «Kopa txapelketa garrantzitsua izan da beti Osasunarentzat, eta gauza handiak lortu ditu. Handia litzateke final-aurrekoetara iristea».

Duela hemezortzi urte lortu zuen azkenekoz balentria hori. 2005ean izan zen, eta 3-1 gailendu zitzaion Sevillari. Joaneko partidan 2-1 galdu zuen, baina kanporaketa irauli zuen Sadarren. Muñozek sartu zuen hirugarren gola. Hari esker egin zuten aurrera gorritxoek. Eta beste horrenbeste gertatu zen bi denboraldi lehenago. Osasunak hamabost urte zeraman final-laurdenetako langa gainditu ezinda. Neurketa «epikoa» izan zela gogoratu du Muñozek. «Elur asko bota zuen, eta zelaia gaizki zegoen. Luzapenean egin nuen gola, penaltiz».

Oso neurketa gatazkatsua izan zen: 70 falta adierazi zituen epaileak, eta hamabost txartel hori eta txartel gorri bat erakutsi. Txinpartak sortzen ziren Osasunak eta Sevillak talka egiten zutenean. Haatik, Muñozek uste du «hoztu» egin dela bi taldeen arteko aurkakotasuna. «Sarritan jokatzen genuen Sevillaren aurka. Tentsio handia egon ohi zen zelaian. Gaurkoa oso partida lehiatua izango da, baina futbola aldatu egin da garai hartatik».

Eguraldia, ostera, antzekoa izango da. Ez dirudi elurrak zelaia zurituko duenik, baina gaueko hamarretan hasiko da partida, eta hotz handia egingo du. Halere, Sadarren beroan ariko da taldea, giroa gori-gori izango baita harmailetan. «Ez da zentzuzkoa horren berandu jokatzea, baina zaleek sekulako ilusioa dute, aspaldi ez dutelako ikusi Kopako partida bat Sadarren. Gainera, gauez jokatzen diren partidek xarma berezia izaten dute. Ea zaleen berotasunak jokalariak kutsatzen dituen». Erdilari ohiak gustura jantziko lituzke gaur galtza motzak.

«Burua hotz, bihotza bero»

Neurketaren gakoez galdetuta, Muñozek uste du funtsezkoa izango dela Osasunak «tempoen kontrola» edukitzea. «Etxean ariko da, eta horrek lasaitasuna eta konfiantza eman behar dio dakien eran jokatzeko». Zaila da gidoia zein izango den aurrez jakitea, baina uste du nafarren oldarraldia izango dela hastapeneko minutuetan. «Onena, noski, gol bat goiz sartzea izango litzateke, aurkariari zalantzak sortu eta haizea alde aritzeko». Emozioen kudeaketak garrantzia izango du. «Burua hotz izan behar dute, eta bihotza bero».

2005ean jokatu zuen Osasunak orain arteko final bakarra. Talde hau horren urrun iristeko kapaz izan daiteke? «Oso bolada gozoan dago, baina kontuan izan behar da ezusteko gutxi izan dela orain arte; final-laurdenetan zer talde dauden ikusi besterik ez dago. Oso zaila izango da». Lehen pausoa gaur Sevillari irabaztea da, eta, apal dabilen arren, Muñoz ez da fio gorritxoen aurkariaz. «Askok gutxietsi egin dezakete Sevilla, ez jaisteko borrokan dabilelako, baina kontuz: oso talde ona du, eta Kopa da Europarako sailkatzeko duen ia bide bakarra».

Finalerdietara iritsi edo ez, antzekotasunak ikusten ditu Muñozek bere garaiko taldearen eta gaur egungoaren artean. «Futbola asko aldatu da, Osasuna ere bai, baina uste dut esentzia antzekoa dela: etxeko jokalarien eta kanpokoen arteko nahasketa arrakastatsua lortu da, denek konpromiso handia dute, eta bat eginda daude zaleekin». Batasunaren indarra baliatzen saiatuko dira,Kopako ametsari jarraipena emateko.

Jagoba Arrasatek multzoaren sentipenei hitza jarri zien atzoko prentsa agerraldian: «Oso animatuta gaude. Partida polita, garrantzitsua eta berezia izango da» Aurkaria honela aztertu zuen: «Talde ausarta eta oldarkorra da, baina prest gaude»

OSASUNA-SEVILLA
Osasuna Herrera; Moncayola, Unai Garcia, David Garcia, Juan Cruz; Torro, Darko Brasanac, Aimar Oroz; Ruben Garcia, Ez Abde eta Kike Garcia.
Sevilla. Dmitrovic; Bade, Gudelj, Rekik; Montiel, Jordan, Rakitic, Acuña; Suso, Lamela eta Rafa Mir.
Epailea. De Burgos Bengoetxea.
Ordua. 22:00 (La 1).
Lekua. Sadar.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.