Futbola
Sadarrera ikurrinak eta Nafarroako banderak eramatera deitu dute
Azken partidetan izandako debeku eta liskarren ondorioz, Sadarren, gureak! kanpaina sortu dute zenbait eragile gorritxok. Osasunak 22:00etan jokatuko du Kopako final-laurdenetako partida, Sevillaren kontra.

Tenperatura zero graduren azpitik izanen bada ere, partida beroa espero da gaur Sadarren, hainbat arrazoirengatik. Batetik, neurketak berak ekarriko du epela zelaira. Izan ere, Espainiako Kopan aurrera segitzea da jokoan –Sevillaren kontra arituko da–, eta, gainera, Osasunak etxean jokatuko du kanporaketa; hori ere bada notizia, gorritxoek kanpoan jokatu behar izan baitituzte azken hamabost kanporaketak. Dena dela, lehiaz besteko gai batengatik ere espero da giroa bizi izatea. Hainbat bazkidek Sadarren, gureak! kanpaina sortu dute, zaleei eskatzeko ikurrinak eta Nafarroako banderak –koroarik gabeak– eraman ditzatela partidara.
Indar Gorrik ere bat egin du deialdiarekin. Twitter bidez zabaldu dute mezua, besteak beste:
GURE HERRIAN GURE IKURRAK pic.twitter.com/Q2cK6wP6G8
— INDAR GORRI (@19IndarGorri87) January 21, 2023
Osasunaren azken partidetan ikur horiei loturik izandako gatazkei erantzuteko egin dute deia. Izan ere, estadioetako segurtasun langileek ikurrinak eta Nafarroako banderak kenarazi dituzte azken asteotan. Urtarrilaren 14an gertatuak izan zuen sona handien: Osasuna Mallorcaren kontra aritu zen Sadarren, eta, neurketa hasi aurretik, segurtasun langileek indarrez erretiratu zituzten ikurrok, argudiatuta zaleek ez zutela horretarako baimenik.
Ikusi gehiago: Ikurrin bat eta Nafarroako bandera bat Sadarreko harmailetatik kenarazi izana ikertuko du Osasunak
Partida horren biharamunean, Osasunak gaitzetsi egin zuen gertatutakoa, ohar batean adierazi zuenez. Halaber, klubak zehaztu zuen ikerketa bat abiatuko zuela eta «beharrezko neurriak» hartuko zituela «erantzuleak topatzeko». Ordutik, ez da besterik jakin auziaren gainean.
Eneko Compains bazkidea eta EHUko Konstituzio Zuzenbideko irakaslea zen horien jabea. Sumindurik, Twitterren eman zituen gertatutakoaren gaineko xehetasunak. Hala bildu zuen BERRIAk:
Ikusi gehiago: Eneko Compains: «Sadarren banderak kentzeko emandako agindua erabat arbitrarioa da»
Besteak beste, Compainsek azaldu zuen ez zela Osasunaren partida batean ikurrinaren eta Nafarroako banderaren kontra gertatzen zen lehenbiziko erasoa. Hain zuzen ere, Osasunak Elxen jokatu zuen handik astebetera, eta orduan ere izan zen liskarrik banderen kontura. Zale gorritxo batek salatu zuen estadioko segurtasun indarrek identifikatu egin zutela Nafarroako bandera eramateagatik.
20. minutuan, txalo zaparrada
Banderak eramatea galdegin ez ezik, beste eske bat ere egin dute Sadarren, gureak! kanpainaren sustatzaileek. Partidaren hogeigarren minutuan txalo egitea nahi dute, Osasunaren sorreraren urteurrenaren harira.
Gaiak
Astekaria
Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.