inaki petxarroman
HIZPIDEAK

Pitzadura bat erakusleihoan

2021eko azaroaren 26a
00:00
Entzun
Morez margotu ziren atzo Euskal Herriko erakunde nagusietako hormak. Promesez eta hitz ederrez bete ziren agintarien ahoak, egunero gizarte hau hankaz gora jartzen duen indarkeria matxistaren kalteaz eta haren aurrean duten konpromisoaz eta asmoez. Egunkarietako azaletan eta irrati tertulietan nagusitu ziren indarkeria patriarkalari aurre egiteko egin beharreko bideak eta adierazpenak. Indarkeria Matxistaren Kontrako Eguna erakusleiho bat izan zen, ohi duen moduan, nork zer eskaintzeko prest dagoen erakusteko.

Baina, bitartean, epaile baten aginduz, Ertzaintzaren agenteen borren laguntzaz, senarraren bortxa matxista jasan duen emakume bat bere etxetik kaleratu zuten Bilbon. Auzokideek babesa azaldu zioten emakumeari, eta ohartarazi ez dutela nahi erasotzailea bizilagun izan, indarkeria jasan duen andrea nahi dutela bidaide. Gogor egin zuen emakumeak. Azken unera arte eutsi zion aldarrikatzen zuen eskubideari, berea izan duen etxean bizitzen jarraitzeko asmoari. Baina Jaurlaritzako Etxebidek mehatxu egin zion, eta, etxegabetzea oztopatuz gero, agindutako etxebizitza ez ziotela emango ohartarazi.

Joan egingo da, eta bizkartzain batekin bizitzera behartu duen erasotzailea itzuli da etxera. Legearen, epaileen, polizien eta administrazioaren oniritziarekin. Pitzadura bat egin du kasuak erakuslehioan, egunik desegokienean.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.