Ferreira, Karras eta besteak

Hainbat zinemagilek sartu dituzte jesuitak beren filmetako protagonisten edo pertsonaien artean. 'The Mission' eta 'The Exorcist' dira adibideetako batzuk.

Roland Jofferen The Mission (1986) filmaren fotograma bat. BERRIA.
begona del teso
2021eko irailaren 15a
00:00
Entzun
Bada jesuita bat (edo bi, edo hiru) pertsonaia eta protagonista duten film sorta interesgarria. Javier Godinok antzeztua, Raul Lopezek muntaketa gelan eraikia eta kolore arduradun Juanjo Agirreolea duen Iñigo estreinatu ostean, Alfonso Pineda Ulloa mexikarrak sortutako The Jesuit-en berri izango dugu. Boteprontoan botatako begirada batean, thriller antza du: Jesuita ezizenaz ezaguturiko gizon bat egin ez duen delitu batengatik da kartzelan. Hilko diote emaztea, eta semea bahitu... Mendeku gosez da. Bai, zinema beltza dirudi, baina adi, erne, zeren eta Paul Schrader dugu gidoigile. Berak idatzia da Taxi Driver. Eta Raging Bull. Eta The Last Temptaion of Christ. Berak zuzendua First Reformed. Scorsese bezala katolikoa eta Jesuitetan ikasia, Errua, Barkamena, Fedea (eta Fede eza), Salbazioa (eta Salbazioaren Ezina) izan ditu beti gai eta oinaze.

Gustuko du Deabruak bera bezain jakintsuak eta bizkorrak izan daitezkeen horiekin borroka egitea eta euren flakeziak bere alde erabiltzea. Horrexegatik, zinemak ezagutzen dituen etsai-kentzailerik onenak jesuitak dira, The Exorcist-eko Aita Damien Karraseta Aita Lankester Merrin, izan ere. Biak... hilak.

1986an mundu guztia belauniko jarri zen Roland Jofferen eta Ennio Morriconeren The Mission-en aurrean. Bertan, Askapenaren Teologiaren hastapen urrunak izan zitezkeen Uruguain eta aldameneko lur galduetan sortutako misioen berri ematen ziguten. Hango orduko jesuitakmunduko botere guztien kontra (Eliza bera barne) lehiatu ziren guarani herriaren alde. Baina goian dauden horiei ez zaie interesatzen behean daudenentzako paradisuak izan daitezen.

Scorsesek, Silence izenburuko lan mingotsean, erlijioa ulertzeko bi modu kontrajarriak kokatu zituen kamera aurrean: Frantzisko Xabierkoak bultzaturik, Japonian Jesu Kristo ezagutarazi nahi izan zutenena; eta, eguzkia gauero hiltzen eta egunsentiro pizten dela jakinik, hilobian hiru egun eman zituen jainko baten beharrik ez zuten horiena. Beste hamaika eztabaidagai ditu gidoi sendo eta lodia duen filmak. Esaterako... ulertuko luke Jainkoak Aita Ferreira bezalako kristauen apostasia, bizitza salbatzeaz gain, Fedea bera pizturik gordetzeko burutzen bada? Exijitu egiten al du Jainko horrek martirien gorputz sakrifizioa...?

Pedrok hiru aldiz esan bazuen ez zuela ezagutzen... nolatan eskatuko dio Goiko Jaunak herrixka bateko laborari umil bati duen gauza bakarra, hots bizitza, bere alde emateko?

Ez, ez dira azalekoak jesuitak protagonista dituzten filmak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.