KRITIKA. Zinema

Soziala eta hurbila

Hirokazu Koreedaren film berriko fotograma bat. BERRIA.
Gontzal Agote.
2018ko abenduaren 27a
00:00
Entzun

'Manbiki kazoku'

Zuzendaria: Hirokazu Koreeda. Aktoreak: Kirin Kiki, Sosuke Ikematsu, Lily Franky, Moemi Katayama, Sakura Ando, Mayu Matsuoka. Herrialdea: Japonia. Iraupena: 121 minutu.

Egun, Japonian egiten den zinematik Hirokazu Koreedarena da gurean ezagunena. Pelikulaz pelikula, filmografia sendo eta koherentea osatzen joan da zuzendaria, jaialdien begiko bihurtu da bere lana, eta, kultura globalaren uniformizazioaren barnean, herrialde askotako zinema aretoetan toki txiki bat egin dute haren pelikulek.

Manbiki kazoku-rekin Canessen Urrezko Palma lortuta, are oihartzun handiagoa lortu du Koreedaren azkenak. Hala ere, ezin esan aurretik ikusi dizkiogunetatik urrun dagoenik; oraingoan saria eman diote, bai, baina betiko Koreeda da bertan agertzen zaiguna. Ezaguna du ofizioa, eta egiten ari den bidean ale eder berri bat da filma.

Ohi bezala, familia du gai, familia da aitzakia. Unibertso txiki horren bitartez, panoramika zabalagoa eskaintzen digu istorioak, gizarte oso baten erretratu xumea egiteraino. Gune itxi batean gertatzen da filmaren parte handi bat: gainpopulatutako etxe txiki batean mugituko dira pertsonaiak, antzezlan batetik asko duen agertoki barroko baten erdian. Espazio klaustrofobiko horretan, kamera non jarri erabakitzea da maisuen lana, eta Ozuri ikasitako altueratik —ikuspegi japoniarretik, alegia— erakutsiko dizkigu familiaren barrunbeak Koreedak.

Familia ez den familia, errealitatea ez den errealitatea. Zinema soziala da, beste behin ere, zuzendariak egin duena, horretarako klixeetan erori behar izan gabe. Oso bestelako Japonia bat ekarriko digu begien aurrera, amarruen bitartez aurrera egiten ohituta dagoena, lehiakortasunetik kanpo gelditu den masa sozial ikusezinaren eguneko ogia. Zornea darion zauriari so egiten dio Koreedaren begirada zorrotzak, distantzia hartuta, baina ezagunaren hurbiltasunaz.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.