Qatarko Munduko Kopa

Zuriketa berdearen adibide

Qatarrek ziurtatu du aurtengo Munduko Futbol Txapelketa karbonoan neutroa izango dela, baina, Carbon Market Watchen txosten batek salatu duenez, baieztapen hori okerra eta nahasgarria da.

Dohako Al-Thumama estadioa. Munduko Futbol Txapelketarako eraiki diren zazpi estadioetako bat da. EFE.
Gorka Berasategi Otamendi.
2022ko abenduaren 3a
00:00
Entzun
Qatarko Munduko Kopa etorkizunerako mugarri bat izango dela ziurtatu zuten emirerriko antolatzaileek: karbonoan neutroa izango dela txapelketaren historian lehenengoz. Neurri sorta bat aurkeztu zuten helburu hori betetze aldera, baina elkarte ekologistek salatu dute ekitaldia oso urrun dagoela karbonoan neutro izatetik. Zuriketa berdea leporatu diete antolatzaileei, eta txapelketak ingurumenean sortuko duen egiazko kaltea ezkutatzea.

«Karbono neutraltasunaren promesa ez da inolaz ere sinesgarria», Gilles Dufrasne Carbon Market Watcheko ikerlariaren iritziz. Elkarteak txosten bat ondu du Qatarren baieztapena aztertzeko, eta ondorioztatu du kanpaina «zuriketa berdearen adibide argi bat» dela.

FIFA Nazioarteko Futbol Federazioaren kalkuluen arabera, Qatarko Munduko Kopak3,6 milioi tona karbono dioxido isuriko ditu atmosferara, baina Carbon Market Watchek uste du egiazko kantitatea askoz handiagoa dela.

FIFAren datuek diotenez, txapelketaren bueltako joan-etorriak izango dira karbono isuri gehien sortuko dituen aldagaia: 1,9 milioi tona. Qatarrek nabarmendu du Dohan zentralizatuko dela lehiaketa, eta, hortaz, futbol selekzioek eta horien jarraitzaileek bidaia gutxiago egin beharko dituztela partidetarako. Dena den, 150 hegaldi komertzial baino gehiago prestatuta daude egunero zaleentzat.

Carbon Market Watchek ohartarazi duenez, baina, garraioa ez da karbono isuri gehien sortuko dituena. Azterketak dio karbono gehiago isuri dela Munduko Txapelketarako altxatu diren zazpi futbol estadioak eraikitzeko lanetan. Orotara, bi milioi tona karbono baino gehiago. Antolatzaileek esandakoa halako hiru.

Estadio horietako bat, 974 estadioa, behin-behinekoa izango da. Itsas garraiorako kontainerrekin egin dute, eta osorik deseraikiko dute txapelketa amaitzen denean. FIFAren datuen arabera, 438.000 tona karbono isuri dira hura muntatzeko. Gainerako sei estadio berriei dagozkienez, 206.000 tona isuri direla zehaztu du.

Nola liteke behin-behineko estadio bat muntatzen isuritako karbono kantitatea sei estadio finko egiten isuritakoa halako bi izatea? Bada, antolatzaileek abiapuntutzat daukate estadio finkoak 60 urtez erabiliko direla, eta, Munduko Txapelketak hilabete iraungo duenez, soilik denbora tarte horri proportzioan dagokion kantitatea hartu dute aintzat.

Qatarrek adierazi du estadioak erabilgarri izango direla etorkizunean, kirol ekitaldi handiak hartzeko eta bestelako jarduera batzuetarako: hotel, ospitale, eskola eta bulego bihurtzeko, esaterako. Baina proiektuak zehaztu gabe daude, eta aurreko urteetan egin diren Munduko Txapelketetako esperientziak ez dira lasaigarriak. Errusian (2018), Brasilen (2014) eta Hegoafrikan (2010) lehiaketarako eraiki ziren estadio asko gutxi erabiltzen dira, eta ataka estuan jarri dituzte erakunde kudeatzaileen finantzak.

Isurien biltegiratzea

Karbono neutraltasuna lortze aldera, antolatzaileek iragarritako neurri batzuk «sinesgaitzak» dira, Carbon Market Watchen iritziz. Horien artean aipatu du Qatarrek desertu eremu batean sortu duen eskala handiko zuhaitz eta zelai mintegia, sustatzaileen arabera munduko handiena bihurtuko dena. Itsasoko urari gatza kentzeko instalazio baten ondoan jarri dute landareak urez horni ditzan. Helburua da handik eskuratzea, besteak beste, estadioen inguruetarako zuhaitzak eta futbol zelaiek beharko duten belarra.

Antolatzaileek ziurtatu dute milaka tona karbono xurgatzea lortuko dela urtero landare horiei esker, baina, Carbon Market Watchek ohartarazi duenez, onura klimatikoa «erreala» izan dadin beharrezkoa da karbono hori «mendeetan» biltegiratuta edukitzea. Landare horiek desertuan hazteko jartzen diren baliabideak ere kontuan hartu beharrekoak dira, urari gatza kentzeko prozesuak energia asko behar baitu.

Karbono kredituena da iragarritako beste neurri bat. Hau da, isurien eragina apaltzeko, horiek murrizten laguntzen duten proiektuak finantzatzea. Antolatzaileek esan dute 1,8 milioi kreditu erosiko dituztela, baina, azaro hasierarako, 200.000 ziren soilik. Carbon Market Watchek azaldu du «zalantzazkoa» dela kredituek eragin ona izango dutenik, aukeratu diren proiektuak bideragarriak liratekeelako Doharen ekarpenik gabe ere.

Karbono kredituak ikuskatzeaz arduratzen diren nazioarteko erakundeak badiren arren, Qatarrek berea sortu du. «Gardentasunari eta sinesgarritasunari buruzko kezkak areagotu ditu horrek», Dufrasneren ustez.

Qatarren kanpaina aztertzea ez da ariketa hutsala, Carbon Market Watchen esanetan, halakoek baldintzatu egiten baitute herritarren pertzepzioa. Toluna enpresak egindako inkesta baten arabera, Qatarko, Saudi Arabiako eta Arabiar Emirerri Batuetako herritarren %86k uste du aurtengo Munduko Txapelketa karbonoan neutroa izango dela.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.