Qatarko Munduko Kopa

Gasak ematen dio distira

Qatar munduko gas erreserba handienen jabe da, eta, energiaren krisia tarteko, haren eragina handitu egin da. Hainbat gobernuburu izan dira aurten han, horren karietara.

Gasontziak gas natural likidotua kargatzen, Golkoko uretan, Qatarren. QATARGAS.
Irune Lasa.
2022ko abenduaren 15a
00:00
Entzun
Munduko Kopa hartzeak lustre handia emango dio Qatarri 2022. urte honetan. Baina emirerriari are distira handiagoa ekarri dio GNL gas natural likidotuaren munduko esportatzaile handienetakoa izateak. Ontziz garraia daitekeen gasa mundu guztiarentzako guraria bihurtu da aurten, Ukrainako gerraren ondorioz Europa behartuta dagoelako Errusiako gasa ordezkatzera, kosta ahala kosta.

Izan ere, energia krisi globalaren ifrentzuan erregai fosilen eta batez ere gasaren herrialde esportatzaileak daude, AEBak esaterako; eta, nola ez, Qatar bera ere bai. Nazioartea atzeraldian erortzear dagoela, Qatarren barne produktu gordinarentzat %5 inguruko hazkundea iragarri dute aurten.

Eta ez da dirua soilik, gas desiratuak herrialdearen eragin ahalmena ere handitu du; Europak eta gasa erosteko harekin lehian dauden Asiako herrialdeek negu honi soilik ez, hurrengoei ere begiratu behar diete, eta Qatar munduko gas erreserba handienen jabe da.

Horrek esplikatzen du Munduko Koparen aurretik ere aurten Dohatik pasatu izana hainbat estatuburu eta gobernuburu; tartean Olaf Scholz Alemaniako kantzilerra, Mario Draghi —artean Italiako lehen ministroa zenean—, eta Joe Biden AEBetako presidentea.

Ondoren etorri dira kontratuak. Alemaniarekin hitzartutakoa izan da, hain zuzen, Ukrainako gerra piztu ostean sinatu duen epe luzeko lehen kontratu handia. Esanguratsua da Alemaniak oraintsu arte ez zuela gas likidotua berriz gasifikatzeko modurik. Eta are esanguratsuagoa erregai fosila erosteko kontratuaren sinatzailea Robert Habeck Ekonomia ministro berdea izatea.

Hamabost urterako kontratua da Alemaniak hitzartutakoa. Urtean bi milioi tona gas erosteko izango da. Jakina, zalantza berehala sortzen da: eta noiz deskarbonizatu behar du, bada, Alemaniak? Habeckek kontratua sinatzean bertan zehaztu zuen Alemaniak urte batzuetan bakarrik erabiliko duela Qatarko gasa, eta hortik aurrera beste herrialdeei salduko diela —Asian, alegia—. Dena den, neurri batean, mendekotasun bat bestearengatik ordezkatuko du Europak: Errusiako gasbideko gasa, gas likidotuarengatik.

Gasaren etorkizuneko erabilerari buruzko erreparo gutxiago ditu Txinak. Azaroan, GNLaren historian sinatutako kontraturik handiena itxi zuten Sinopec txinatarrak eta Qatar Energyk: 27 urterako kontratua, urtero lau milioi tona gas erosteko.

Azkenean, 2022. urteak energiaren mundua irauli du, eta, urtebeteko tartean, Qatarrek suspertu egin ditu bere gas erreserbak ustiatzeko zituen amets handinahiak. Urte hasieran, ez zegoen argi North Field gas putzuaren hedapenak zentzurik ote zuen, handik atera zitekeen gas natural (likidotu) guztiarentzat nahikoa erosle izan ote zitekeen. Orain, aldiz, kontratu luzeak ziurtatzen ari da Qatar, bere gasa saltzeko, baita hura ustiatzeko ere. Herrialdearena berarena baino azalera handiagoa duen putzuari esker.

North Fielden zabalkundea

1971. urtean topatu zuten munduko gas putzurik handiena Persiar golkoan. Munduko gas erreserben %10-%12 daude han. Qatarko uren azpian dago putzuaren zatirik handiena, 6.000 kilometro karratu, eta beste 3.700 kilometro karratu Irango uretan daude.

Qatarrek orain arte putzuaren zati batzuetan soilik atera du gasa, baina gehiago atera nahi du. Plana da putzuaren kapazitatea %64 handitzea, urteko 77 milioi tonatik (mtpa) 126 milioi tonara 2027an.

Orain gutxira arte, hazkunde asmo horiei buruzko zalantza asko zeuden, ea Qatarrek sal zezakeen ekoiztea pentsatzen zuen gas guztia. Ukrainako gerrak zalantza horiek uxatu ditu, eta, prezio handiagoez eta erosle gehiagoz gain, inbertsiogileak ere ekarri dizkio Qatarri, hain zuzen, North Fieldeko zabalkunde horretarako.

Gas eremuan ondorengo bazkideak ditu gaur egun: Total Energies (Frantzia), proiektuaren %9,3rekin; Shell (Erresuma Batua), %9,3rekin; eta Conoco Phillips (AEB), %6,25ekin. Lehiatik kanpo gelditu dira Exxon Mobil (AEB) eta Eni (Italia), Qatar Energyk planaren laurden bat soilik zabaldu dielako atzerriko inbertsiogileei. Esanguratsua da hori.

Kontratuak, inbertsioak, negozioak... Hala ere, gasari buruzko beste datu batzuk ere ez lirateke ahaztu behar. Bank Track gobernuz kanpoko erakundeak egin dituen kalkuluen arabera, Qatarrek bere erreserbatan duen petrolio eta gas guztia erabiliko balitz, azterketa baten arabera, 50.000 milioi tona metriko karbono dioxido isuriko lirateke atmosferara. Distiraren atzean zikina ere ezkuta daiteke.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.