Onddoaren erreinu erraldoia

Perretxiko biltzaile hasiberriek badituzte kontuan hartu beharreko gomendio batzuk: helburua gastronomikoa bada, arreta nabarmendu behar da: jan aitzin, ziur izan ona dela. Bestalde, zientziaren ikuspegiak onddoaren funtsezko funtzioaz ohartarazten du, eta harekiko errespetua eskatzen du.

Gibelurdina/Korosoa (<em>Rusula virescens</em>). Euskal Herriko mapa mikologikoaren zerrenda gorriko onddoetako bat, desagertzeko arriskuan dena.
Gibelurdina/Korosoa (Rusula virescens). Euskal Herriko mapa mikologikoaren zerrenda gorriko onddoetako bat, desagertzeko arriskuan dena. ARANZADI ZIENTZIA ELKARTEA / EZEZAGUNA

Ainize Madariaga -

2019ko irailak 19

Irailak eta urriak dituzte perretxikoak gehien ekartzen. Jardun arrakastatsua da haien bilketa. Unibertso horretako zein sarbidetatik abiatuko da? Zer da perretxikoa? Zer onddoa? Biltzaile hasiberrientzat zein dira jakin beharreko oinarrizko aholkuak? Interes gastronomikoaz gain, ikuspegi zientifikoaren zabalaz ohartarazi dute hiru adituk.

«Kasu! Onddoen unibertsoak kateatzen du! Denok aditzen baitugu urte guztietan batzuk onddoek intoxikaturik hiltzen direla. Baina, bestalde, forma, kolore, usain erakargarriak dituzte, eta jangarriak nahiz sendatzaileak ere izan daitezke!», erran du irriz Begoña Ojer Irisarrik, mikologian aditua den biologoak. Urriaren 18tik 22ra ematekoa du mikologian hasiberrientzako ikastaroa Iruñeko Kondestablearen jauregian.



Mundu mistiko horrek badu bere zientzia, nahiz eta oraindik «franko» falta den jakitea mikologiaz. «Lehen botanikan ikertzen ziren onddoak; orain aldiz, beraren erreinua sortu diote, aparte», azaldu du Ojerrek. «Bizidunen erreinuan dagoen talde oso garrantzitsua da onddoarena; ez da ez landare, ez eta animalia ere. Bi ezaugarri nagusi ditu: alde batetik, gorputza hifa izeneko hari firu moduko zelula luzez osatua da, mizelioa deitzen dioguna. Bestaldetik, gu bezalaxe, heterotrofoa da; hau da, ez da gai bere elikadura lortzeko: lehengaiak beste izaki batzuetatik hartu behar ditu», argitu du Joxefo Teres mikologian aditua den Aranzadi zientzia elkarteko biologoak. Azken bortz urteotako teknologia aitzinamenduek berritasunak ekarri dituzte; onddoen identifikatzeko DNA baliatzea «iraultza zientifikoa» izan dela nabarmendu du biologoak. Bestalde, barneko osagaiak aztertzen hasi dira. Horri esker, sailkapena berrikusten ari dira. Demagun: zaldun-ziza orrihoria, Tricholoma equestre, jaki bikaina zena, orain pozoitsuetan sailkatu dute: «Behin janda ez da ezer gertatzen, baina, hiruzpalau egunez segidan janez gero, pozoituta hil ziren batzuk Landetan», aipatu du adibide gisa. Horregatik, hain zuzen ere, zientziaren salto ebolutiboen erritmoa galdu gabe, gomendagarria da beti kontsultatzea berritasunik ote dagoen. Ahotsa apaldurik, honako hau erantsi du: «Xabier Laskibar zendu berria da; berak zuen Aranzadi zientzia elkartean mikologia departamentua sortu. Gure maisu handia izan da hura, eta pertsona zoragarria».

Onddoaren onura

Ahosabaiak prezatzen baditu ere, onddoak badu funtsezko rola. Izan ere, materia organikoa deskonposatzen du, eta ekosisteman berriz ere integratzen. «Onddoa bigarren mailakotzat jotzen da; alta, dinamika orokorrean izugarri garrantzitsua da. Sentsibilizatu behar da».

Ojerrek ere protagonismo osoa ematen die errespetua eta arreta hitzei: ikusten diren baina jateko on ez diren perretxikoak errespetatzea galdatzen baitie biltzaileei, «ostikoka barreiatu gabe», gainerako jendeen «gozagarri», hor egoteko eskubidea ere baitute.

Alde horretatik, azpimarratzekoa da onddoak erabateko sinbiosian bizi direla ingurumenean; are gehiago, Teresek ohartarazi du zientifikoki frogatua izan dela oihana «hobeki eta gehiago» garatzen dela onddoekin «elkartua» delarik.

Begoña Ojer Irisarri, biologoa. Jagoba Manterola, Foku

Horregatik, ingurumenean kalteak ekartzen badira, logikoa denez, onddoek ere pairatzen dituzte. Hala, Euskal Herriko mapa mikologikoa aiztur ukaldi batzuk pairatzen ari da.

Sinbiosi horren erakusle, Errotaria edo Salataria da (Clitopilus prunulus ). Hainbertze preziatzen den onddo beltzaren ama ere erraten zaio, aurkituz gero inguruan onddo beltza atzemateko aukera handiak direlako ondoko egunetan. Hortik, salataria. Hala uste du behintzat Mixel Kurutxet perretxiko biltzaile arituak: «Erraza da ezagutzeko, orriak izugarri tinkoak baititu, eta hankara buruz ilunagoak dira».

Biltzera abiatu aitzin, murtxidurarik ote dagoen ikustera doa lehenik, jakiteko perretxikorik aterako den ala ez, eta zenbat. «Ez dira hainbertze, baina baikor naiz. Euria besterik ez da behar. Bota baleza, sekulakoa etorriko litzaiguke!». Atzo, ortzantza karraskan abiatu zen, sekulako euri jasek jarraiturik. Gainera, ilargi beltz laurdena datorrenez, uste du orduan izanen dela perretxikoen loraldia.

Anaia zenarekin ikasi zuen bilketan. Hasieran, ez zituen ttipiak baizik biltzen, eta anaiak orduan galdetu zion nolako onddoak irudikatzen ote zituen bere baitan: «Ttipiak, ezta?». Geroztik, «buruan ditut lerro-lerro, handienetik ttipienera! Eta denak ikusten ditut!». Miren Agur Meabek etzan dituen lerrook, arrantzarako ez ezik, perretxikoentzako ere balio lezakete (Hezurren erretura, Susa, 2019): «Batzuetan arrain bera behin baino gehiagotan jan beharra tokatzen zaigu bizitzan. Ez dakit hala jazotzen zaigun gosea ase nahian ur berdintsuetara botatzen dugulako sarea edo mareak ez digulako ematen guretzat propio gordeta daukana baizik».

Joxepo Teres, biologoa Aranzadi zientzia elkartean. Aranzadi Zientzia Elkartea


Esperientzia da mintzo: «Behin ikusiz gero, onddo beltza ez da gehiago haziko. Saiakera egin izan dut: ikusi, bertan utzi gorderik, eta biharamunean itzuli. Onddoak hazi gabe zeuden, lehorragoak, edota bareek janak!». Perretxikoak ateratzeko ezinbestekoa da lurra bero eta heze egotea. Perretxikoak gutxiago ote dauden ez daki: «Iruditzen zait bortz urteko zikloak direla: haietarik urte bat sekulakoa izaten da, perretxikoz gainezka». Labana darama beti sakelan; izan ere, behin gertatu zitzaion onddo beltza nahigabe errotik ateratzea: «Sekula ez dut berriz egin, onddo umez josia baitzuen ingurua!». Sekulan bildu duen handienak 4,5 kilo pisatzen zituen. Eta, bitxikeria gisa, oroitzen du txapel bakarraren pean lau hanka atzeman zituela.

Onddoaren umea

Onddoa eta perretxikoa bereizteko, sagarrondoarekin egin du paralelismoa Ojerrek: «Onddoa sagarrondoa litzateke; perretxikoa, berriz, sagarra. Hots, perretxikoari esker ugaltzen da onddoa». Biltzen dena, beraz, perretxikoa da, ugalketarako esporaduna; onddoa, aldiz, normalki ikusten ez diren hari zuriak dira: mizelioa. Hiru taldetan sailkatzen dira: onddo saprotrofoa, zeinak elikagaia lortzen baitu hildako izaki bizidunetatik; onddo mutualistak bertze izaki bizidunekin elkar lagunduz lortzen du, eta onddo bizkarroiak bizirik diren izaki bizidunetatik.

 

 

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna

Informazio osagarria