KRITIKA. Zinema

Behi kontuak

Petit paysan filmeko fotograma bat. BERRIA.
Gontzal Agote.
2018ko urriaren 21a
00:00
Entzun

'Petit paysan'



Zuzendaria: Hubert Charuel. Aktoreak:Swann Arlaud, Sara Giraudeau, Isabelle Candelier, Bouli Lanners. Herrialdea: Frantzia. Iraupena: 90 minutu.

Behiak ametsetan, behiak ukuiluan, behiak lagunarteko solasaldietan, behiak nonahi. Argi da behiak direla istorioaren protagonista nagusiak; alde horretatik, pelikula haien inguruko kontu ugari ikasteko baliagarri izaten ahal zaigu hiritar peto eta ezjakinoi.

Hala ere, ez da behiekin bereziki interesatuta egon behar Hubert Charuelen lehen film luzearekiko miresmena sentitzeko. Landa eremuan girotuta, sorpresa atseginez beteriko film sailkaezina egin du zuzendari gazteak. Behiak aitzakia hartuta, oso gizatiarrak diren hainbat gai potolori heltzeko baliatu du ingurua, sotiltasun handiz.

Petit paysan-ek genero nahasketa zail bat du barnean. Ez da batere erraza zuzendariak egin duen nahasketa, baina onik atera da, eta esperimentutik pelikula orekatu eta harrigarri bat ondu du. Batetik, genero kostunbrista dago; bestetik, zinema soziala; familiako drama hurrena; eta, azkenik, ongi dosifikatuko thriller tanta batzuk.

Horrela, ikuslea nahieran maneiatuko du zuzendariak, harekin etengabeko jolas batean ariko da —horren adibiderik nabarmena da Pierre protagonistaren eta albaitaritzaren arteko harremana—. Istorioaren erritmoa ere inguruak eskatzen duen bezalakoa izanen da, patxadatsua, umore tanta batzuekin zipriztinduta, baina geldiuneetarako tarterik utzi gabe.

Bitarte horretan, behien atzean, ondoan edo inguruan, bestelako kontu batzuk azaleratuko dira: abeltzaintza eredu desberdinak, faxismoaren ertz ugariak eta eurofobia, burokraziaren zama, bizimodua aukeratzeko zailtasunak, inposatutako lagunartekoaren biziarteko zigorra...

Horien guztien gainetik, bada kontrolpean izan ezin den hori onartzeko beharra, patua edo dena delakoa. Planik gabe ariko da Pierre gaixoa, eta, gertaerak etorri ahala, zuloak estaltzen saiatuko da, herren. Garaiotako gaitza da gaixotasunaren sintomei ez ikusi egin nahi izatea.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.