Zaldibarko luiziaren urteurrena

HONDAMENDI BATEN ONDORIOAK

Nahi izatera, eragotz zitekeen Verterren zabortegiko luizia, Euskal Herrian azken urteotan gertatutako hondamendi ekologiko handienetakoa. 2011n ireki zutenetik, aurreikusi baino azkarrago betetzen ari ziren hondakindegia. Jaurlaritzak bazekien. Amildu, eta bi langile lurperatu zituen. Ezkutatzen zena azaleratu zuen horrek, eta hainbat ondorio ekarri zituen.

Amilduta. Zabortegiko luizian 500.000 tona zabor erori ziren guztira; hau da, instalazioaren %20. JON URBE / FOKU.
Igor Susaeta.
2021eko urtarrilaren 31
00:00
Entzun
Martxan jarri zuten arte, bederatzi urte pasatu zituzten tramitazioak egiten, baina Verter Recycling 2002 SM enpresak Zaldibarko Eitzaga auzoan (Bizkaia) irekitako zabortegia azkar hasi zen irabaziak ematen. 2011ko maiatzean ekin zion hondakinak biltzeari, eta jabeen irabazi garbiak 0,7 milioi euro izan ziren 2012an. Etekinak 1,4 milioi euroraino handitu ziren 2014an, 2015ean eta 2016an, eta ia 1,8raino iritsi ziren 2017an. 2018ko eta 2019ko datuak ez dira publikatu.

Baina oro ez da urre. Urtez urte gero eta zabor gehiago hartuz handitu zituen irabaziak Verterrek. 2012an, 185.000 tona; 2017an, 380.000; eta bai 2018an bai 2019an, 500.000. 2,8 milioi tona hondakin zituen 2019an; hau da, instalazioaren betetze maila %61 zen, eta, erritmo horretan, aurreikusita zegoen 2022rako beteta egongo zela. Eusko Jaurlaritzak ia hasieratik zekien betetze erritmoaren aurreikuspenak gainditzen ari zirela zabortegian.

Ez zion trabarik jarri, ordea. Aurrera. Administrazioak bazuen, gainera, zabortegiko jardueraren bestelako irregulartasunen berri. Hau da, eragotz zitekeela iazko otsailaren 6an gertatutako luizia, Euskal Herrian azken urteetako hondamendi ekologiko handienetako bat izandakoa. 500.000 tona hondakin amildu ziren; hondakindegiaren %20 erori zen, alegia. Bi langile betiko lurperatu zituen, eta azalean geratu ziren sektorean Zuloa deitzen zioten zabortegiko praktika irregularrak. Ezbeharrak hainbat ondorio eragin ditu. Jarraian nagusiak.

BEHARGINEN BILAKETA

Ia-ia urtebete pasatu da Zaldibarko zabortegia amildu zenetik, baina erreskate taldeek ez dute oraindik topatu hondamendian desagertutako bi beharginetako bat, Joaquin Beltran. Hilaren 21etik B4-s gisa identifikatutako eremuan ari dira Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Saileko teknikariak hura bilatzeko lanetan —B4 eremuaren inguruan agertu zen haren autoa, iazko otsailean—, Arantxa Tapia Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen sailburuak joan den astelehenean jakinarazi zuenez, kazetarien galderei erantzunez, Eusko Jaurlaritzaren Hondakinen Prebentziorako eta Kudeaketarako Planaren zirriborroa aurkezteko ekitaldian. Aurreikusi zuen lanak bukatuta egongo zirela urtarril amaierarako. Jaurlaritzaren arabera, eremu hori ez zegoen bilaketarako lehentasunezkoen artean, eta, ez baldin badute topatzen, teknikariek B1b eta B1c eremuetara joko dute; hau da, instalazioan oraindik arakatu gabe gelditzen diren bietara. Horiek ere ez ziren lehentasunezkoak. Beltranen inguruko iturriek BERRIAri esan diote gobernuak espero duela otsailaren 15aren bueltan hastea, berriro, bi eremu horietan bila. Izan ere, eremu batera sartzen diren aldiro prozedura bati jarraitzen diote teknikariek: pilatutako hondakinak kentzen dituzte, zabortegian egindako biltegietara eramaten dituzte, eta gero, luizirik ez izateko eta bilaketa lanetan hasi ahal izateko, eremuen segurtasuna bermatzen dute.

Denboran atzera eginez gero, aintzat hartu behar da Jaurlaritzak iazko azaroaren 20an bukatutzat eman zituela Beltran azkenekoz ikusi zuten tokian —B1a eremuan— egin beharreko bilaketa lanak. Lan horiek aurkezteko, agerraldi bat egin zuten Josu Erkoreka Jaurlaritzako Segurtasun sailburu eta lehen lehendakariordeak eta Tapiak urriaren 9an, zabortegiaren azpian, eta orduan adierazi zuten «lehentasunezko» bi eremuetako batean aurkitzen ez baldin bazuten identifikatuta zeuzkatela bilaketa lanetarako beste eremu batzuk. Nolanahi ere, Erkorekak azpimarratu zuen «hipotesi hori», B1b eta B1c eremuetara jo behar izatea, ez zutela planteatzen. Azkenean, hamabi hilabete geroago, eremu horietan ahalegindu beharko dute Beltran topatzen.

Bilaketa lanek hasiera-hasieratik eman zuten zeresana. Lur jausia gertatu zen, eta Beltran eta Alberto Sololuze, desagertutako beste behargina, hondakinen azpian harrapatuta gelditu ziren. Nahasiak izan ziren otsailaren 6ko 16:00 aldera ezbeharra gertatu eta ondorengo orduak eta egunak. Berehala hasi zituzten erreskate lanak, baina Osalaneko teknikari batek lanok eteteko agindu zuen biharamuneko 01:00 inguru zirela, zabortegiko langile batek jakinarazi baitzion amiantoa ere biltzen zutela han —material arriskutsu hori ez zuten behar bezala bereizten eta sailkatzen—. Eguerdian berriro ekin zieten lanei, amiantoarekin lan egiten espezializatutako enpresa baten babesarekin. Otsailaren 7ko gauean, sute bat piztu zen zabortegian, eta, gainera, instalazioko lurrak ezegonkor zeuden. Horren ondorioz, lehen egunetan ezin izan zieten segidarik eman lanei. Beltranen eta Sololuzeren senideak kexu agertu ziren horregatik.

Sutearengatik, dioxina eta furano maila handiak atzeman zituzten instalazioaren inguruko herrietan; beraz, hori itzali arte, agintariek herritarrei aholkatu zieten etxeko leihoak ahalik eta gutxien irekitzeko. Egoera horrek bizpahiru aste iraun zuen.

Hurrengo urte erdian berritasun bakarra egon zen bilaketa lanei zegokienez: apirilaren 5ean, Sololuzeren autoa topatu zuen Ertzaintzak hondakinen artean. Baina behargina ez zegoen autoaren barruan. Sololuzek zabortegiko baskulan lan egiten zuen, B1 gunean, eta, instalazioko langileen esanetan, han ikusi zuten azkenekoz.

Eta bai, baskularen inguruan, azpian hain zuzen, 23 bat metro behera eginda, 250.000 metro kubiko zabor mugituta, gorpuzki batzuk topatu zituztela jakinarazi zuen Eusko Jaurlaritzak abuztuaren 16an. Sei hilabete pasatu ondoren aurkitu zuten lehen giza arrastoa: berna hezur bat oihalez inguratua. Hori aintzat hartuta, hurrengo orduetan bilaketa lanak moteldu zituen Jaurlaritzak, hondakinak «metroz metro» aztertzeko asmoarekin. Gorpuzki gehiago eta objektu pertsonalak ere topatu zituzten: argazki kamera bat, erloju baten uhala, eguzkitako betaurrekoak eta giltzarrapo bat.

Gorpuzkiak laborategira eraman zituzten, eta DNA proben emaitzek espero zena baieztatu zuten hiru egun geroago, abuztuaren 19an: Sololuzerenak ziren topatutako giza arrastoak. Bilaketa lanetan aritutako guztiei «esker ona» adierazi zieten hildako beharginaren senideek. BERRIAri esan zioten «sekulako arindua» hartu zutela, «esperantzaz apal» zeudenean heldu baitzen albistea. Iñigo Urkullu Eusko Jaurlaritzako lehendakariarekin bildu ziren aurreko egunean. Beltranen senideek, aldiz, uko egin zioten bileran parte hartzeari, argudiatuta informazioa nahi zutela, «ez argazki bat». Aurreko hilabeteetan, bi familiek hainbatetan salatu zuten babesik gabe sentitu zirela, bilaketa lanen nahikoa informaziorik ez zutelako eduki. Instituzioei «utzikeria» egotzi zieten. Verterrek, berriz, ohar baten bidez, azaldu zuen«lasaigarria» izan zela gorpuzkiak topatzea.

«Esan genuen biak topatu arte ez geniola lan egiteari utziko», nabarmendu zuen orduan Elena Morenok, Jaurlaritzako Ingurumen sailburuordea zenak. Ia sei hilabete igaro dira Sololuzeren gorpuzkiak topatu zituztenetik, urtebete luizia gertatu zenetik, baina Beltranen arrastorik ez da agertu.

AUZI JUDIZIALA

Durangoko epaitegiek (Bizkaia) otsailaren erdialdean ekin zioten zer gertatu zen ikertzeari. 1. Instrukzio Epaitegia hasi zen ikertzen ea langileen eta pertsonen kontrako deliturik egin ote duten, eta 2. Instrukzio Epaitegia ingurumenaren aurkako deliturik egon ote den. Joan den abuztu amaieran bi auziak 1. Epaitegiko epailearen esku uztea ebatzi zuen Durangoko epaile dekanoak, baina ez dituzte prozedurak bateratu; alegia, bi instrukzio egiten ari dira. Iturri judizialek BERRIAri adierazi diotenez, «oso-oso motel» doaz instrukzioak, eta lekuko nagusiak ere ez dituzte deitu deklaratzera. Hori izan beharko litzateke hurrengo pausoa, baina ez dago eperik. «Ideiarik ere ez. Gainera, diligentzia asko daude egiteke». Jose Ignacio Barinaga Verterren jabe eta sortzaileari, Arrate Bilbao Barinaga kudeatzaileari eta Juan Ignacio Etxebarria azpiegiturako ingeniariari zuhurtziagabekeria larriz eragindako giza hilketa inputatu zien Sofia Maria Sanchez Ortega 1. Epaitegiko epaileak, joan den uztailean.

Hain zuzen, uztailaren 21ean atxilotu zituzten. Ez deklaratzeko eskubidea zuten, eta horri heldu zioten 23an Durangon egindako auzi saioan. Gero, aske utzi zituen epaileak, kautela neurriak ezarrita: agindu zien hilean behin epaitegira sinatzera joatea, eta pasaporteak kendu zizkien. Iturri juridikoek BERRIAri adierazi zioten gisa horretako delitu bat leporatzen zaienei kautelazko beste neurri batzuk ezarri ahal zaizkiela. «Hilean behin sinatzea... Delituak arinagoak izanda ere, ohikoa da epe hori bi astekoa izatea». Espainiako Zigor Kodearen arabera, zuhurtziagabekeriaz egindako giza hilketagatik kondenatutakoei sei hilabete eta lau urte arteko kartzela zigorra ezarri ahal zaie. Verterreko buruak ingurumenaren aurkako delituaren kausan ere badaude ikerketapean.

Inputatutakoak atxilo hartzeko moduak nahasmena eta kontraesanak eragin zituen. Ertzaintzak haiek atxilotzea «proposatu» zion epaileari 21ean, baina, epailearen arabera, ez zuen horretarako agindurik eman, eta azaldu zuen «soil-soilik polizia operazio batean» egin zirela atxiloketak. 21ean Segurtasun Sailak esan zuen epaile batek eman zuela agindua, baina hurrengo egunean «gaizki-ulertu bat» egon zela nabarmendu zuen, eta zehaztu, hori bai, epaileak eman zuela Eibarko (Gipuzkoa) komisariara eramateko «baimena». Verterrek salatu zuen «Poliziaren erabakiz» egin zirela atxiloketak, eta jokabide hori «legearen kontrakoa» zela. BERRIAk kontsultatuko iturri judizialen ustez, instrukzio bat judizializatuta dagoenean, eta Zaldibarkoa hala dago, «beti-beti» epaile batek eman behar du atxiloketak egiteko agindua.

Kontuak kontu, inputatuta daude. Bestela, ikerketez apenas zabaldu den ezer azken urtean. Iturri judizialen arabera, «ohikoena» prozedura bakarra egotea litzateke, «ekintza batasuna baita asmoa azkenean». Gainera, zenbait bikoizketa ez lirateke sortuko; esaterako, lekuko batzuek bi aldiz deklaratu behar izatea. Iturri horiek ez dakite Sanchez Ortega epaileak zergatik ez dituen bi kausak instrukzio bakarrean bateratu. «Juridikoki hitz eginda, uste genuen hala egingo zuela».

Maialen Zabala 2. Epaitegiko epaileak, ingurumen kaltearen ikerketa zeramanak, bi auziak lehen epaitegian bateratzeko eskatu zuen martxoan. Bizkaiko Probintzia Auzitegira jo zuen, eta hark Durangoko epaile dekanoaren esku utzi zuen erabakia. Dena 1. Epaitegian dago, hortaz, abuztuaz geroztik, eta, iturri judizialen esanetan, hango epailea «ez omen dago oso pozik». Baliabide gehiago eskatu ditu, baina Bizkaiko Probintzia Auzitegiak ukatu egin dio eskaera. «Irizpide batzuk daude ezarrita, eta horiek kontuan hartuta bidaltzen dizkizute errefortzuak. Hasieran, epaitegi batek lan asko duenean, errefortzuak eska ditzake». Iturri horiek ez dakite errefortzu gabezia hori ote den auzibidea «oso mantso» joateko arrazoia. Hurrengo pausoa litzateke «lekuko kualifikatuenak» deklaratzera deitzea. «Gutxienez, hamar bat pertsona. Ingeniariak-eta, han zebiltzanak».

Mantsotasun horren adierazle da ingurumenaren aurka deliturik egin ote den ikertzeko kausan herri akusazio gisa aurkeztutakoak onartu berri dituela 1. Instrukzio Epaitegiak, Ekologistak Martxan-ek herenegun jakinarazi zuenez. Hauek onartu dituzte herri akusazio gisa: Ekologistak Martxan bera, GuraSOS, Euskal Herriko Eskubide Sozialen Aldeko Plataforma, Zaldibar, Ermua (Bizkaia), Eibar eta Elgetako (Gipuzkoa) udalak, Interbiak Bizkaia SA sozietatea, Allianz Seguros, eta luizian desagertutako bi langileetako baten senideak; Beltranenak, kasu honetan.

Eskubide Sozialen Gutunak eta Zaldibar Argitu herri plataformak elkarrekin aurkeztu zuten herri akusazioa, joan den urrian. Gutunaren iturri judizialek BERRIAri herenegun adierazi ziotenez, artean jakinarazpen ofiziala jaso gabe zeuden. «Pentsatzen dugu laster esango digutela».

PERITU IKERKETA

Zabortegia zergatik amildu zen ikertzeko eskatu zien Eusko Jaurlaritzako Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitza Sailak «nazioarteko ospea» duten hiru adituri. Apirilaren 8an eman zuen horren berri, eta adierazi sei hilabeteko epean plazaratuko zituztela peritu ikerketaren ondorioak, zabortegia zergatik amildu zen argitze aldera. Eduardo Alonso Perez de Agreda (Bartzelonako Unibertsitate Politeknikoko katedraduna), Cesar Sagaseta (Bide ingeniari eta Kantabriako Unibertsitateko irakasle emeritua) eta Jorge Cañizal (Bide Ingeniaritzako doktore eta Kantabriako Unibertsitateko irakaslea) dira hiru aditu horiek, eta ikerketaren gertuko iturriek duela bi aste BERRIAri adierazi ziotenez, txostenaren «atariko bertsio bat» prest dago, «adostua» izateko zain. Peritu ikerketa hori enkargatu zuela jakinarazi zien Jaurlaritzak Durangoko epaitegiei apirilean.

Orduan plazaratu zuenez, aditu horiek, teknikari batzuen laguntzarekin, martxoaren 17an ekin zioten ikerketari. Kolapsoaren aurreko informazioa, luiziaren ondorengo topografia eta hiru dimentsioko ereduak aztertzen hasi ziren, besteak beste. Horrek modua emango zien, betiere Jaurlaritzak apirilaren 8an argitaratutako informazioan oinarriturik, «ondoriozko» eredu geometriko bat ezartzeko eta «hutsegitearen arrazoiak edukitzeko». Adituak, gainera, zabortegia zabaldu zutenetik han izandako jarduna ere baziren ikertzekoak, eta informazio guztiarekin laborategian hainbat proba egitekoak.

BILTEGIAK

Beltran eta Sololuze bilatzeko lanetan mugitutako lurrak pilatzeko, Jaurlaritzak erabaki zuen martxo hasieran bi segurtasun gordeleku eraikitzea: bat zabortegiaren goiko aldean, eta bestea behekoan. 300.000 metro kubo hondakin hartuko zituzten biltegiek; hau da, 120 igerileku olinpikok har dezaketen kopurua. Zaldibarko zakarrak han dira gelditzekoak, eta, orduan, espazio gehiago behar da haietarako. Beraz, zabortegiaren ondo-ondoan biltegi bat eraikitzeko baimena eman zuen Jaurlaritzak ekainaren amaieran. Horiek eraikitzeko lanak abuztuaren hasieran hasi zituzten, eta espero zuten 2022ko apiril edo ekainerako bukatuta egotea. 804.000 metro kubikoko edukiera izango du, eta Jaurlaritzaren aginduak zehaztu zuen, hitzez hitz, bertako zakarrak soilik bota ahal izango dituztela biltegira.

Bi fasetan eraikitzen ari direnez, udan aurreikusten zen aurtengo maiatzerako-edo biltegira zaborra botatzen hasteko moduan egotea. Lehengo astelehenean, kazetariek galdetu zioten Tapiari ea lanak nola doazen, ea aurreikuspenak beteko diren, eta ez zuen argi erantzun.

Verterrek, berriz, zabortegi zaharra handitzea proposatu zuen. Jaurlaritzak, baina, ezetz erantzun zion. Azkenean, amildutako zabortegiaren ondo-ondoan ari dira eraikitzen. Hartuko duen lur gehiena hondakindegiaren jabeena bada ere, desjabetu behar izan dituzte biltegia eraikitzeko behar zituzten lur zati batzuk.

Obrak 9,3 milioi euroko aurrekontua du. Jaurlaritza ordaintzen ari da, «subsidiarioki», zabortegiaren bueltako lanak, eta esana dauka lan guztiak amaitutakoan faktura pasatuko diola zabortegiaren jabeari. Uztailean adierazi zuen 13,4 milioi euro zeramatzala gastatuta.

Instalazioaren etorkizunari dagokionez, Beltran bilatzeko lanak bukatutakoan hura zigilatzeko asmoa dauka Jaurlaritzak. «Zabortegi honek bukatu ditu bere lanak», azpimarratu zuen Tapiak urrian. Ohartarazi zuen, halere, «denbora asko» beharko dela dena zigilatu eta egonkortzeko.

IKERKETAK EUROPAN

Zaldibar Argitu plataformak, Ekologistak Martxan elkarteak eta Sallabente auzo elkarteak (Ermua, Bizkaia) auzia ikertzeko eskatu zuten Europako Parlamentuko Eskaeren Batzordean, eta hark tramiterako onartu zuen eskaera, joan den azaroaren 24an. Horrenbestez, Ingurumen eta Enplegu Batzordeak eta Europako Batzordeak auzia ikertu eta jarrera bat azaldu beharko dute. «Hasieran, ikertu behar da, esklusiboki, ea Europako zuzentarauren bat urratu duten: zabortegien zuzentaraua, ea kontrola nahikoa zen...», azaldu dio BERRIAri Carlos Alonso taldeko ekologistako kideak. «Europako Batzordeak informazioa eskatzen dio Espainiako Gobernuari, eta hark, gero, Eusko Jaurlaritzari», erantsi du, prozeduraren bidea zehazte aldera.

Zenbait hedabidek azaroaren 24an kaleratu zutenez, Europako Batzordeak urtarrilaren 21era arteko epea zuen azalpenak emateko. «Guri ez ziguten datarik eman. Uste dut Barrenaren gauza izan zela», adierazi du Alonsok. Izan ere, Pernando Barrena (EH Bildu) eta Sira Rego (IU) europarlamentariek eskaera babestu zuten. EH Bilduren Bruselako iturriek BERRIAri esan diotenez, auziaz galdetu dute, eta erantzun diete txostena «aurreratuta» dagoela.

Europako Batasunean auziarekin loturiko beste ikerketa bat dago martxan. PPko Dolors Monserrat eta Javier Zarzalejos eurodiputatuek eta Ciudadanoseko Soraya Rodriguezek otsail amaieran eginiko galderei erantzunez, Virginijus Sinkevicius Europako Batzordeko Ingurumen komisarioak adierazi zuen maiatzaren 13an ikerketa bat abiatuko zutela, «kasuaren larritasuna ikusita». Eusko Jaurlaritzari ez zitzaion gustatu, eta, Bruselaren asmoen berri eduki eta berehala, nabarmendu zuen «oinarririk gabeko ondorioak» eman zituela batzordeak. Sinkeviciusen jarrera «deitoratu» zuen.

Zenbait hilabete geroago, azaroaren amaieran, Izaskun Bilbao europarlamentariak (EAJ) Twitterren adierazi zuen Sinkeviciusek jakinarazi ziola, bere galdera bati erantzunez, batzordeak abenduaren amaierarako aurkeztuko zuela ikerketa horren emaitza, eta Espainiako Gobernuari erantzun bat emango ziola. Oraingoz, inork ez du ikerketa horren emaitza publiko egin.

Hori bai, Jaurlaritzak zabortegiari emandako ingurumen baimenak Europako zuzentarauak betetzen zituen, baita lege irizpide guztiak ere, Ricardo Energy & Environment ikuskaritza etxearen txostena aintzat hartuta. Jaurlaritzak apirilean eskatu zion ikerketa egin zezala, eta emaitza irailaren hasieran eman zion Erresuma Batuko enpresak. Eusko Legebiltzarrera eraman zuen txostena gobernuak.

INGURUMEN ESPEDIENTEA

Verter Recycling 2002 SM da Zaldibarko zabortegiak eragindako «ingurumen kalteen» erantzulea, iazko otsailean amildutako instalazioaren kudeatzailea den neurrian. Hori ebatzi du Eusko Jaurlaritzak, «ingurumen erantzukizuneko espedientea» aztertuta. Joan den urtarrilaren 20an argitaratutako ohar batean, nabarmendu zuen enpresa dela eremuko lurzoruetan eta azaleko eta lurpeko uretan egindako «kalte esanguratsuen» erantzulea. Arantxa Tapiak egun horretan bertan oroitu zuen amiantoa zuen gela bat «hautsi» egin zela, material toxiko hori zabortegiaren «leku guztietan» isuri zela, eta, «beraz, lur guztia kutsatuta» dagoela. Hamar eguneko epea eman zioten enpresari «ingurumen kalteak konpontzeko» proiektua aurkeztu zezan. Tapiaren esanetan, horren «ikuskaritza bat» egingo dute, eta ondoren emango dute «azken ebazpenaren» berri, zeinak zehaztuko duen «kaltea non dagoen, norena den erantzukizuna, eta nola konponduko den».

Enpresak gaitzetsi egin du erantzukizun guztia berari «esklusiboki» egotzi izana. Urtarrilaren 22an ohar bat kaleratu zuen, eta nabarmendu «inplikatutako» beste eragile batzuk ere «erantzule» izan litezkeela. Ez zuen izenik eman, baina, besteak beste, Jaurlaritzaz ari zela ondoriozta daiteke, kontuan hartuz gero hainbat ahotsek salatu dutela administrazioaren kontrola falta zela zabortegiaren egitekoa zaintzeko garaian. «Balorazioak» egitean «zorroztasun handiagoa» izateko eta «gertakari objektiboetan» oinarritzeko eskatu dio Jaurlaritzari.

2030ERA BEGIRAKO PLANAK

4.000.000 metro kubo jasotzeko ahalmena zuten, iazko martxoan, Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan aktibo dauden hondakin ez-arriskutsuen hamar zabortegiek. Arantxa Tapiak eman zuen datua, lehengo astelehenean, Eusko Jaurlaritzaren Hondakinen Prebentziorako eta Kudeaketarako Planaren zirriborroa aurkezteko agerraldian. Baina Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen sailburuaren arabera, 2030era bitartean 7.500.000 metro kubo jasotzeko ahalmena beharko dute, aintzat hartuta «industria ehunaren beharrak» eta sor litezkeen «ustekabeak».

Mutiloako (Gipuzkoa) eta Larrabetzuko (Bizkaia) hondakindegiak itxi dituzte, eta Zaldibarren «gertakari bat» izan da, baina Jaurlaritzak ez du aurreikusten zabortegi gehiago eraikitzea; «gehienez ere», Tapiaren esanetan, eraikita daudenen bolumena areagotuko dute. Hiru modu planteatu dituzte: zabortegi publikoren bat «handitzea edo hobetzea»; zabor geldoetarako» zabortegiak «eraldatzea», horiek hondakin ez-arriskutsuetarako zabortegi bilakatuz; eta «handitzeko gaitasuna» duen zabortegi pribatuetakoren bat handitzea.

Planaren helburua da zabortegietara eramandako hondakinak %85 murriztea 2030erako, egungo datuen aldean. Asmo hori gauzatu ahal izateko, hamarkada honetan 97 milioi euro inbertitzekoa da Jaurlaritza.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.