Haurren aurkako sexu indarkeria

FAMILIAREN TABUA URRATZERA

Adingabeen kontrako sexu abusuak ikuspegi feministatik aztertzen ari dira hainbat aditu eta eragile. Haien iritziz, indarkeria matxista mota bat dira abusuok, eta horien inguruko isiltasunak eta ikusezintasunak lotura estua dute familiak erakunde gisa duen sendotasunarekin.

BERRIA.
Maite Asensio Lozano.
2021eko azaroaren 21a
00:00
Entzun
Ur azpian izaten dute icebergek izotz masaren parterik handiena: ezkutuan, neurria hartzeko modurik eman gabe. Bortizkeria matxistaren alderdi ikusezinak deskribatzeko erabili izan da sarri metafora hori, eta orain, haurtzaroko indarkeria sexuala ezkutuan eta isilpean dela salatzeko erabiltzen hasiak dira irudi bera hainbat eragile. Zaila baita adingabeen aurkako sexu abusuen benetako dimentsioa ematea: kopuruak estimazioetan oinarritzen dira, eta eraso gehienak ezkutuan geratzen dira. Argi du Josebe Iturrioz irakasle eta ekintzaile transfeministak: «Benetako datuak izango bagenitu, ikaratuko ginateke; are gehiago jakingo bagenu familietan zenbat gertatzen den». Izan ere, haurren kontrako sexu indarkeriaren inguruko isiltasuna urratzen hasi da hainbat eremutan, baina ez abusu gehien gertatzen diren esparruan: familian. «Sendian gertatzea bera oztopo handia da isiltasuna hausteko; harrizko instituzio bat da», azaldu du Norma Vazquez psikologoak. Ezagutza eta praktika feministak aldarrikatu dituzte biek gaiari heltzeko. «Adingabeen aurkako abusuez ikuspegi feministatik hitz egiteko beharra alde bikoa da: batetik, indarkeria matxistaren puzzle osoa eduki behar du feminismoak, bortizkeria hobeto ulertzeko; eta, bestetik, premiazkoa da lehenbailehen auzi honetan ikuspegi feminista txertatzea, bestela ikuspegi politiko, sozial eta juridiko patriarkala gailentzen ari baita», nabarmendu du Iturriozek.

Umeen eta nerabeen kontrako bortizkeria sexualarena auzi «izugarria» da, baina «ezezaguna», Save the Children erakundearen hitzetan: «Ez dakigu zenbat kasu dauden, ezta zenbat detektatzen diren ere, ez baitago erregistro bateraturik», dio joan den astean aurkeztutako Etxepe berean txostenak. Nazioarteko ikerlanen arabera, adingabeen %10-20k jasan izan dute bortxa molderen bat; «gehienetan» erasotzailea ezaguna da, «haurraren edo nerabearen inguru hurbilekoa», baina umeek jasandako abusuen %2 baino ez dira jakinarazten gertatzen direnean.

Hala antzeman du Vazquezek ere. Besteak beste, haurtzaroan sexu indarkeria jasan zuten andreekin lan egiten du; kontsultan izan ditu aitek, aitaordeek, aitonek, anaiek edota osabek abusatutako emakumeak. «Batek ere ez du salaketa jarri, hau da, ez dira inongo datuetan ageri; eta gutxik jakinarazi dute familian. Gehienek irentsi egin dute, bakarrik». Familiaren erakundearen indarrari egotzi dio. Sortzez Mexikokoa da Vazquez, eta aldea sumatu du Latinoamerikako eta Euskal Herriko gizarteen artean: «Familia nuklearrak pisu handiagoa du hemen. Mexikon edo El Salvadorren ikusi dugu familiak zabalagoak direla, eta barnean hartzen dituztela odol loturarik gabeko lagunak, zaintzaileak... Euskal familia itxiagoa da, eta mugatzaileagoa. Sendiaren ideia hori, ezin kritikatzea, ezin traizio egitea... oztopo bat da indarkeriaz hitz egiteko».

Bat dator Iturrioz ere: «Familia nuklearra da gure gizarteko instituzio garrantzitsuena, sistema kapitalista ahalbidetzen duena; eremu pribatuaren espazio sakratua da. Asko kostatu zaigu ikusaraztea zenbat andre hiltzen dituen erakunde horrek». Hala, sendian sexu bortizkeria gertatzen denean, haustura bat izaten da, pentsaezina baita adingabeak babestu behar dituen espazio batean halako jokabide gaitzesgarriak izatea. «Ukatzera jotzen da: oso zaila da onartzea zure aitak zure alaba bortxatu duela. Familia hankaz gora jartzea dakar».

Biktimentzat eurentzat ere ez da samurra errealitate horretaz jabetzea, besteak beste, segurtasunarekin eta afektibitatearekin nahasten direlako erasotzaileekiko sentimenduak. Egoera «krudelak» direla esan du Vazquezek: «Behin tratatu nuen neska nerabe bat, aitak abusatua; hark esaten zuen: 'Ezin dut gorrotatu bizitzan gehien maite dudan gizona'. Psikologikoki jasangaitza da: nola gorrotatu zure maitasun eta babes figura den pertsona hori, balioa ematen dizuna? Andreei asko kostatzen bazaie harremanak haustea, neskei gehiegi eskatzea izan daiteke».

Ondorioak ere latzak dira: zauri sakonak uzten dituzte abusuek. «Nesken konfiantza suntsitzen dute», esplikatu du Vazquezek; «Eragina du gerora, ni-a eraikitzeko prozesuan; ez soilik sexualitatean, baizik eta bizimodu osoan, norbere buruarekin eta munduarekin erlazionatzeko moduan. Bizitzari aurre egiteko mekanismo ez-osasungarriak dakartza: min fisikoak, traumak, askotariko sufrimenduak, autolesioak...».

Ikusi nahi izatea

Bat datoz biak: familia barruan gertatzen diren abusuez hitz egiteak auzitan jartzen du erakundea. Erasotzailea aita edo aitona denean, pater familias figura ere apurtzen da. GAS guraso alienazio sindrome faltsuak utzitako arrastoa aipatu du Iturriozek, horren adibide: «Aiten aurkako salaketak ezinezkotzat hartzen dira, haien figura ezin delako zalantzan jarri; beraz, umeak instrumentalizatuta daudela pentsatzeko joera izaten da, abusuak asmatzen ari dela. Haurraren hitza ez da sinesten, eta hori ordaintzen dute salatzen duten emakumeek, gehienetan, amek; kondena alderantzikatu egiten da».

«Bortizkeria detektatzeko, ikusi nahi izan behar da. Eta hemen, maiz, inork ez du jakin nahi zehazki zer gertatu den», erantsi du Vazquezek. Lagundu dituen emakumeek kontatutakoak oroitu ditu: «Batzuetan, ez diete sinesten; familia ideologia errealitatea baino indartsuagoa da. Beste batzuetan, aldiz, amak ez dira gai neurri irmoak hartzeko». Familiaren inguruan «tabu» bat ikusten du: «Ez da hitz egiten. Eta familiaz hitz egin nahi ez izateak dakar sendian adingabeen aurka dagoen indarkeria ikusi nahi ez izatea». Izan ere, psikologoaren ustez, «egiturazkoa» da bortxa hori: «Feminismoak lagundu digu familiaren rol eta egitura patriarkala aztertzen. Badakigu oso gogorra dela. Jendeak esaten du: 'Familia da gure babes emozionala eta ekonomikoa'. Bai, baina hau ere bada. Babes horren idealizazioan, zenbat indarkeria geratzen da ezkutuan?».

Egiturazko izaera horrek, gainera, lotura du umeei sendien barruan ematen zaien rolarekin. Vazquez: «Eskubide guztiak dituzte, baina, aldi berean, bat ere ez». Iturrioz: «Kide zaurgarrienak dira, baina jabetza bat balira bezala tratatzen dira: onartzen da familiek, eta batez ere aitek, nahi dutena egin dezaketela haurrekin, batik bat neskekin». Adibide gisa jarri ditu eskoletan sexu heziketa lantzeari jarri izan zaizkion trabak: «Umeak doktrinatzea leporatzen digute guraso batzuek, baina ukatzen ari zaizkie abusuak detektatzeko eta haiei aurre egiteko tresnak».

Maskulinitatea oinarrian

Hain justu, sexu indarkeriak boterearekin duen lotura nabarmendu du Vazquezek: «Kontrol adierazpen bat da. Batzuetan, neskak biktima bikarioak dira: erasoa amari egin nahi zaio, alabaren bidez. Besteetan, dominazioa gauzatu nahi da: umeak ez dira beti gai ezetz esateko, edo ez diete erasoei aurre egiten, eta egiten dutenean, errazago hartzen dira mendean. Erasotzaileak erabateko kontrola du».

Ildo horretan, bi adituak kezkaz mintzatu dira abusen egileak patologizatzeko joeraz. Erasotzaileei buruko gaitzen bat egoztea ohikoa izan da indarkeria matxistaren forma guztietan, eta oso agerikoa eskola erlijiosoetako kasuetan. Iturrioz: «Patologizatzen dugunean, benetako esplikazio soziala eta estrukturala ezabatzen dugu, eta abusuak ikuskizun bihurtzera jotzen dugu. Baina bortxa sexuala errealitate mingarria da: abusatzailea ez da munstro bat; zure aita da, edo anaia, laguna...». Vazquez: «Errazagoa da deabruak edukitzea, normaltzat hartu ditugun gizonak baino. Baina hor ez dago patologia psikiatrikorik».

Eta ez da kasualitatea erasotzaile gehien-gehienak gizonezkoak izatea. Maskulinitate hegemonikoaz mintzatu da Iturrioz: «Sexualitateaz duen ideia bortxaketatik oso hurbil dago. Emakumearen profila da ahalik eta zaurgarriena; adibidez, gizonei ez zaizkie gustatzen haiek baino handiagoak diren emakumeak, eta normalizatua dugu 19 urteko mutil bat 14 urteko neska batekin ateratzea, baina ez alderantziz. Gainera, maskulinitateari ez zaio mugarik jarri oraintsu arte: gizonei esan zaie nahi zuten guztia begiratu eta ukitu zezaketela». Vazquezek ere gabezia handia ikusten dio gizontasun eredu horri: «Ez du bestea ikusten subjektu gisa; objektu bihurtzen ditu bai haurrak, bai emakumeak, hau da, ahultzat dituenak».

Konplexutasuna ulertu

Ildo horretan, Iturriozek ezinbestekotzat jo du abusuok bortizkeria matxista gisa jotzea. Ikuspegi feminista osatzeko: «Indarkeria matxistaren konplexutasuna ulertzea dakar: abusuak, neskek ez ezik, mutilek ere pairatzen dituzte». Eta feminismotik ekiteko: «Mugimendu politiko gisa erabili dituen estrategiak baliagarriak dira abusuen auzian. Nik sinesten dizut leloaren haritik, aldarrikatu behar dugu umeak subjektu politikoak direla, hitza dutela. Ahalduntzean eta kontzientziazioan ere jardun behar dugu: jasan ditugun abusuak kontatzeko espazioak behar ditugu, errealitate horiek ikusgai jarri. Eta politiketan eragin behar dugu: indarkeria matxistari buruzko protokoloetan adingabeen aurkako bortizkeria txertatu, profesionalak trebatu, baliabideak landu...».

Vazquez ere sinetsita dago ikuspegi feminista funtsezkoa dela abusuen auziaz gogoetatzeko: «Indarkeria matxistari buruzko teorizazioak erakusten dizkigu haurren aurkako bortxaren formak eta ñabardurak; horrek pentsarazten digu normalizatuakditugun hainbat jokabide berraztertu behar genituzkeela, hala nola umeei etengabe musuak eskatzea, xantaia emozionalak egitea...». Iturriozek uste du harago jo behar dela: «Gai hau serio hartu nahi badugu, familia politikak birdefinitu behar ditugu: begiratu behar diegu gizartea produzitzeko erabiltzen ditugun erakundeei, egiturei eta botere harremanei. Eta lehen urratsa da onartzea umeak ez direla inoren jabetza».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.