Maite Asensio Lozano.
ANALISIA

Inguruko beste Irune Costumeroak

2021eko ekainaren 13a
00:00
Entzun
Maiz entzundakoa da: GAS gurasoen alienazioaren sindromea faltsua da, ez da existitzen, hura erabiltzearen aurka mintzatu dira nazioarteko hainbat eragile eta instituzio, baina, hala ere, erabili egiten dute erakundeek, bai epaitegiek, bai gizarte zerbitzuek. Aste honetan, GASa defendatzen ere aritu dira Bizkaiko Lurralde Auzitegian. Diputazioko lau langile epaitu dituzte —tartean, Sergio Murillo, egungo Gizarte Ekintza diputatua—, sindrome faltsu hori argudio hartuta Irune Costumerori alabaren zaintza kentzeagatik. «GASa existitzen da», adierazi zuen fiskalak asteartean; bereziki kezkagarria da estatuaren ordezkari batek halakorik baieztatzea, are gehiago kontuan izanda berriki indarrean sartu dela Haurren Babeserako Espainiako Legea, eta berariaz debekatzen duela GASa. Unai Rementeria Bizkaiko ahaldun nagusiak ere langile horien jarduna defendatu du; ez da lehen aldia, jada inputatuta zegoenean izendatu baitzuen Murillo diputatu, eta batzar nagusietan behin baino gehiagotan babestu baitu haren lana.

Emakumeen aurkako indarkeria instituzionalaren eta justizia patriarkalaren adierazlea da GASaren erabilera. Oinarri zientifikorik eta medikorik gabeko teoria bat da, estereotipo sexista eta misoginoetan oinarritua: emakumeak maltzurrak eta manipulatzaileak diren ustean. Hala berresten du GASaren jatorriak: AEBetako psikiatra pedofilo batek asmatu zuen —akademiatik egotzi zuten—, haurren aurkako sexu abusuak egiteaz akusatutako gizonak defendatzeko; oraindik ere abusuak, tratu txarrak edota bestelako gatazkak ikertzeko oztopo nagusitzat daukate adituek. Funtsean, haur batek uko egiten badio gurasoetako batekin harremana izateari, beste gurasoak manipulatu egiten duela ondorioztatzen da, eta horrek eragiten duela umeak asmatzea bortizkeria jasan duela. Ustezko tratamendua mehatxu bidezko terapian datza, haurrak «desprogramatzeko». Oro har, amak izaten dira guraso «alienatzaileak»; are, beste izen bat ere jarri zioten garai batean: ama maltzurraren sindromea.

GASaren deslegitimazioa handitu ahala, termino hori apurka desagertu da erakundeen agirietatik, baina beste kontzeptu batzuen pean dirau jardun berak: gurasoen instrumentalizazioa erabiltzen da, besteak beste. BERRIAk sakon landu zuen auzia 2019ko azaroan, eta bertan hitza hartutako adituek adierazi zuten uste baino ohikoagoak direla halako kasuak: haur batek aitarekiko beldurra edo ezinikusia adierazten duenean ia sistematikoki jotzen dela amari errua egoztera, adingabeen ongizatearen izenean, baina adingabeei entzun gabe. Adibide erreal bat: banatutako bikote batean, aitak dauka umea eskolan jasotzeko txanda, baina lan arrazoiak direla medio, ez da agertu, eta ez da lehen aldia; ikastetxetik amari deitu diote, eta hark lana utzi behar izan du haurraren bila joateko; haserre iritsi da, eta umearen aurrean iruzkin bat egin du aita kritikatuz; eta eskolak deitutako gizarte langileak instrumentalizazioaren item-a markatu du txostenean. Anekdota batek baldintzatu egingo du hortik aurrerako prozesua, susmo hori berrestera bideratuko baitira behaketa guztiak.

Eta halako egoeretan, asko dute galtzeko emakumeek, joera patriarkal agerikoa baitute balorazio horiek. Katixa Agirre idazleak kontatu du Twitterren, hain justu, aldundiko lau langileen aurkako epaiketan antzemandako zerbaiten harira: psikologoek Costumerori txarretsi diote zintzoa ez izatea haiekiko elkarrizketetan, baina jarrera hori bera normaltzat jo dute haurraren aitaren kasuan, aita guztiek agertu nahi dutelako ahalik eta atseginen halako prozesuetan. Hau da, gizonengan ulertzen edota txalotzen den jokabide berengatik emakumeak susmopean jartzen dira. Ez da arrotza andreentzat: haien haserrea, irmotasuna eta ekimena zigortu egiten da gizarte patriarkaletan. Eta horrek ia irtenbiderik gabe uzten ditu banaketa prozesu konplexuetara iristen diren ama asko: edozer egiten dutela, haien kalterako izango da. Izan ere, tentsio une batean eginiko komentario —agian desegoki, agian beharrezko— batek adierazten al du amak eragin negatiboa duela haurraren bizian, ongizatean eta zaintzan? Eta halako arazorik balego ere, neurrizkoa al da amarekiko atxikimendu handia duen haur bat harengandik urruntzea? Mesedegarria al da umearentzat?

Eta, zurrunbilo horretan, non daude haurren eskubideak? Non geratzen da gizarte zerbitzuek irizpide nagusi gisa ezarria duten adingabeen ongizatea? Ikertzen al da umeek adierazten dituzten beldurren jatorria? Agian auzi honek gogoeta bat ekarriko du adingabeen artaren arloan. Haurren arreta zerbitzuetako langileen egitekoa ez da erraza, inola ere: oso egoera gogor eta konplexuekin egiten dute topo, eta irtenbide zaila izaten dute. Sistema patriarkala, ordea, erakundeen eta pertsonen barruraino sartuta dago, ia natural bihurtuta, eta nahi baino sarriago baldintza ditzake hainbat jarrera, jokabide edo prozesu. Baina emakumeen, eragileen eta adituen hitzei erreparatuta, premiazkoa dirudi haurren babesgabetasuna neurtzeko tresnak aztertzea, eta, bereziki, instrumentalizazioaren eta halakoen erabilera: noiz eragiten duten haurren egiazko babesgabetasuna eta zein gatazka ezkutatzen duten, noiz oinarritzen diren estereotipo misoginoetan, noiz dituzten ondorio neurrigabeak, eta noiz balio duten andreak zigortzeko eta, bide batez, haurrak are babesgabeago uzteko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.