Asier Fullaondo.
ARGI ALDIAN

Emakume eta gizon garunak, desberdinak?

2015eko abenduaren 20a
00:00
Entzun
Aspaldidanik, zientziak gizonen eta emakumeen arteko desberdintasunen azterketan denbora asko eman du; ageriko desberdintasunez gain, garunean zentratu dira gizon-emakumeen arteko desberdintasunen ikerketak. Beti esan da gizonek eta emakumeek desberdin pentsatzen dugula eta trebezia desberdinak ditugula. Horrek gizartean hainbat estereotipo zabaldu ditu, baina benetan, funtzionalki, sexu desberdineko garunen artean desberdintasunak daude?

Aspaldidanik jakina da emakumearen garuna pixka bat txikiagoa dela, baina atalka aztertzen badugu, emakumeak gizonakbaino garatuagoak ditu garun atal batzuk, eta gizonak beste batzuk. Argi dago, beraz, zerbait badagoela garunean bereizten gaituena, baina zenbateko garrantzia du?

Orain urte batzuk gizon/emakume garun kategoriaren ideia zabaltzen hasi da, hau da, gizonen eta emakumeen arteko garunen desberdintasunak hain garrantzitsuak izanda, bi garun mota bezala bereizi beharko liratekeela esan da. Ideia horrek bere inplikazioak ditu; garunen arteko bereizketa benetakoa bada, hezkuntzan ikasleen ahalmenak hobetzeko, sexu banaketa egin beharko litzateke?

Orain hilabete, ikerketa talde batek 1.400 pertsonaren garunen erresonantzien irudien azterketan oinarrituta, gizon/emakume garunen arteko desberdintasunak aztertu zituen. Azterketa horrek erakutsi du gizonen eta emakumeen garunen artean desberdintasunak daudela, ezaugarri batzuk arruntagoak direla emakumeetan gizonetan baino, eta alderantziz; baina gehienok gizon eta emakume ezaugarriak nahastuak ditugula, ezaugarri mosaiko bat garela, ezaugarri nahasketa propioa dugula, eta arraroak direla emakume ezaugarriak soilik eta gizonenak soilik dituzten garunak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.