urtzirrutikoetxea
Katalunia. Prozesu subiranista. LEKU-LEKUTAN

Handia dator

2017ko irailaren 10a
00:00
Entzun
Kataluniako Diadaren atarian idaztea inoiz ez da erraza. Azken sei urteotan, haustura baten irudikapena izan da, eta ehunka mila lagunek independentziaren alde egin dute herrialde osoko kale eta errepideetan. Bihar ere hala izango da, baina orain inoiz baino indartsuago nabari da hau dela «benetakoa». Espainiako gobernua ere agerian uzten hasi da bereak eta bi egiteko prest dagoela urriaren 1eko erreferenduma galarazteko.

2014ko azaroan ba omen ziren Madrilen, galdeketa kosta ahala kosta eragoztearen aldekoak, baita Guardia Zibila bozkalekuetara bidalita ere. Hala aitortu du Jose Manuel Garcia-Margallo Espainiako Atzerri ministro ohiak. Azkenean, baina, Madrilen eta Bartzelonaren arteko komunikazio-hariari eusteaerabaki eta profil apaleko zerbait egitea adostu omen zuten.Kontsultaren dimentsioa eta Artur Masen garaipen jarrerak oker jokatu zutela ikusarazi omen die Espainiako agintari horiei, eta, ondorioz, argi omen dute behar direnak egingo dituztela hiru aste barru hautetsontzirik egon ez dadin. «Behar direnak» zer diren, hortxe koska. «Estatu-kolpe» eta «diktadura» hitzak darabiltzate Espainiako Gobernuko zenbait arduradunek, Soraya Saenz de Santamaria presidenteordeak esaterako. «Neurri horretako adjektiboak oso ekintza irmoa («contundente», espainolez), prestatzen ari zarenean baino ez dira erabiltzen» zioen Enric Juliana La Vanguardiako kazetariak.

Estatuko fiskaltzak kereila gogorrak aurkeztu ditu Generalitatearen eta Kataluniako Parlamentuko mahaiaren aurka. Mehatxuak herritar arrunten aurka ere. Espainiako Auzitegi Gorenak mila katalan izen eta abizen aipatu ditu, Puigdemontengandik hasi eta TV3ko arduradunengana edo udalerrietako alkateetara. Eta Guardia Zibila ikusi dugu inprimategi baten sartzen. Ez dira oraindik EGUNKARIAN ikusi genituen patrolen irudiak, baina hor dago abisua. Espainiako Gobernua, aski baldarra balitz ere, nekez irudika dezakegu boto-paperen bila enpresa arrunt baten inguruan soilik, edonork etxean inprimatu dezakeela jakinik. Urrats neurtuak izan ei dira, biharko Diada gehiegi ez hauspotzeko. Egiazko erasoa etzitik aurrera etor liteke.

Sezesio prozesu guztietan, polarizazioa gailentzen da azken unera iritsi ahala, eta balizko zubiak zartatuz doaz. Oso garrantzitsua da une horretan zubiaren zure aldean ahalik jende gehien izatea, noski. Espainiako klase politikoa Mariano Rajoyren aldera lerratu da, eta orain arte galdeketaren alde agertu den eremu unionistak ez du ia ahotsik altxatu Madrilen. Katalunian, berriz, Si Que Es Pot taldea ia apurtzea ekarri du polarizazio horrek. Podem-ek galdeketaren alde egin du, prozesuarekiko eta Puigdemontekiko kritiko, baina are kritikoago Espainiako gobernuaren erasoekin. Beste sektore bat, baina, uzkur agertu da, eta, oraingoz, Ada Colau Bartzelonako alkateak ez du bat egin galdeketarekin, 2014an esan eta egin zuenarekiko kontraesanean egonda ere.

Teorian eta legean boto-emaileen artean gutxieneko kopururik aipatzen ez bada ere —Veneziako Batzordeak aholkatu bezala, boikota hauspotzeko balio lezake eta—, denek dakite parte-hartzeak ebatziko duela erreferendumaren zilegitasuna independentzia deklaratzeko. 2014ko azaroaren 9an katalan askok bozkatu zuten, 2,3 milioi herritarrek, baina guztira hamarretik lau izan ziren. Egungo parlamentua aukeratzeko duela urte biko hauteskunde «plebiszitarioetan», herritarren ehuneko 77k parte hartu zuten. Montenegroko erreferendumean %50eko parte hartzea eskatu zuten (eta baldintza arriskutsuago bat: independentziak % 55 behar zuen irabazteko, baina batek baino gehiagok nabarmendu zuten zer-nolako krisi politikoa sortuko zen independentistek botoen % 54 lortuz gero, Serbiari lotuta jarraitunahi zutenek baino 8-9 puntu gehiago eskuratu eta herritarren asmoa ezin gauzatu bazuten. Azkenean, doi-doi baina lortu zuten % 55eko langa gainditzea. Parte hartzea oso handia izan zen), Katalunian ere hornonbait egongo da arrakastaren gakoa, %50eko datutik geroz eta gorago egon, legitimazio handiagoa independentzia-adierazpena egiteko, baietzak irabaztera.

Hori guztia, bistan da, erreferenduma egin egingo dela aintzat hartuta. Datorren ostiralean hasi beharko luke kanpainak, erreferendum legearen arabera. Eta litekeena da ordurako Madrilek gogor jo izana, historian beste hainbatetan egin duen legez. Espainiaren erasoak ere baldintzatuko du independentista izan ez baina galdeketaren alde dauden horien jarrera ere. Puigdemont eta Generalitatearen jarrera ez, ezingo da baldintzatu; hor beti bezain zakar jo du Madrilek agintarien aurka, edozein gerra-eskuliburuk agintzen duen garaituaren iheserako tarterik utzi gabe. Eta, beraz, azkeneraino joatera behartzen. Eutsi gogor, handia dator eta.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.