Tere Maldonado.

Disonantzia kognitiboak

2022ko uztailaren 10a
00:00
Entzun
Balio Etikoak ikasgaian landu ohi ditugu obra filosofikoetan jorratutako gaiak, askotan aurretik dakigun horretan sakontzen dutenak. Askatasunaren eta erantzukizunaren arteko harremana (eskubide eta betebeharren artean dagoenaren paraleloa) gai horien artean dago. Kasu honetan, Kant eta Sartre izan daitezke bisitatu beharreko filosofoak. (Postmoderno mokofinentzat: paper nietzschearra jokatu nahi izatea hemen, moraltasunik ezaren pose bat irudikatzeko, luxu burges-txikia da, Bigarren Hezkuntzan onartu ezin duguna). Askatasunik egon ezean, ezin zaio inori erantzukizunez jokatzeko edo bere egintzen aurrean erantzuteko eskatu. Berdin beste norabidean: ezin dugu askatasun-maila altua exijitu erantzukizuna onartzeko prest ez bagaude. Nerabeek ulertzen dute, ikusten dute, eta horretan sakondu ahal dute modu teorikoan, hausnarketa banakoa zein taldekoa elikatuz. Oso komenigarria da. Baina ez da nahikoa.

Ez da nahikoa, jokabide etikoa jarduera praktikoa delako. Gidatzen edo igerian ikastearekin gertatzen den legez, teoria beharrezkoa da, baina ez dugu gidatzen ikasten testak egiten autoeskolan. Gidatzeko praktikari ekin behar zaio (imitatzea ere garrantzizkoa da, baina imitazioaren gaia garatzeak urrunegi eramango gintuzke orain). Ez dugu kozinatzen ikasten sukaldaritza-liburuak irakurriz; hauek, eskola teorikoak bezala, beharrezkoak izan daitezke, baina zartagin eta lapikoekin jarri behar gara, saiakerak egin, huts egin noizbait (hau erre egin zait, hori gutxi egina dago...) trebetasuna hartu arte. Egin eta errepikatu, behin eta berriz, usadio bihur dadin. Lehenetan kotxea kalatuko zaigu seguru, baina behin gidatzen ikasi ondoren, berez aterako zaigu, konturatu gabe, ezustekorik topatzen ez dugun bitartean behintzat.

Berdin gertatzen zaie ikasleei: teoria etikoa ulertu, partekatu eta ikas dezakete. Baina hori berori eguneroko bizipenetan ez badute esperimentatzen, ez dute izaeran txertatuko. Etika ethos hitzetik dator, izaera esan nahi du, izaera eratzea da. Ulertu ahal dugu askatasuna erantzukizunaren beste aldea dela eta ezin dela alde bat moztu (edo handitu) bestea moztu (edo handitu) gabe. Egintzek ondorioak dituztela onartu ahal dugu teorian. Baina bizitzen dugunak kontrakoa erakusten badigu, hauxe da ikasiko eta barneratuko duguna.

Azterketa txarrak, lanik eta ahaleginik ez, baina azkenean gainditua ipini diote ikasle bati ikasgai batzuetan (aitzakia asko egon daitezke horretarako, pandemia barne). Edo jokaera errespetu gabekoa izan du ikastetxean (klase-kide, irakasleekiko) eta ohar asko eraman ditu etxera, gurasoak jakinaren gainean egoteko. Baina gurasoek seme-alabaren portaera nola edo hala justifikatu egiten dute, eta ondoriorik gabe pasatzen da. Hamaika ariketa egin ahal ditugu klasean egintzek ondorioak dituztela erakusteko, baina bere esperientzia bestelakoa da, askotan kontrakoa. Diskurtsoaren eta eskarmentuaren artean lehia dagoenean, azkenak irabazten du beti. Sistematikoki esana eta egina ez badatoz bat, berbak sinesgarritasuna galtzen du, esangura gabeko soinu huts bilakatuta, erortzen den euriarena bezalakoa, belarri batetik sartu eta bestetik irten. Oso arriskutsua da berbak sinesgarritasuna galtzea, erlatibismo eta egia-osteko munduan sartzen baikaitu.

Helduok helarazten dizkiegun mezuak eta nerabeen bizipenak ez datoz bat. Ez etxean, eta ez askotan institutuan ere. «Jarrera ez baduzu aldatzen atera gabe geldituko zara asteburuan», baina gero, hain gogorra omen denez etxean egonaraztea umea (16 urtekoa, badakizu); zigorrak txarrak direnez; kaltegarriago izan daitekeenez gaztearen erreakzioa... bada, tira, izan dadila azken aldia honelako errespetu falta izaten duzula. Baina ondoriorik ez dauka, behin eta berriz, nerabeak egindakoak. «Ez baduzu ikasten, edo klasean lanik egiten, ez duzu ikasgaia aterako». Baina ez du ikasi, ezta klasean lanik egin ere, eta aurrera atera du ikasgaia. Honelako disonantzia kognitiboa esperientziaren alde ebazten da beti, inoiz ez teoriaren alde (horrek ez du esan nahi teoria beharrezkoa ez denik, nahikoa ez dela baizik). Errepikatzen zaionaren aurka, bere ikaspena argia da: errespetu gabeko portaerek edo lanik ez egiteak ez dute ondoriorik.

Jakina, baliteke egunen batean gauzak beste era batera suertatzea: behingoz, ez du lortuko espero zuen nota edo ez du gaindituko ikasgaia, edo ikasturtea, edo esku hartu beharko dute erakundeek, errespeturik gabeko jokabidea urrunegi iritsi delako. Hori gertatzen bada, norbere egintzen ondorioak onartzeko ezintasuna hain ezarria egon daiteke, ezen nerabeak ia burua gal baitezake. Ezaguna denez, nerabe asko ez dira gai frustraziorik txikiena ere jasateko, zoratu egiten dira ia: ostikoka eta ukabilka has daitezke, biraoka, negarrez, garrasika. Sarri, psikologoak datoz gero begi-bistakoa nabarmentzeko: «Kontua da ez dakiela bere burua kontrolatzen». Bada, bai. Arazo bat du. Eta ingurukoek ere bai. Psikologiak maiz egiten du talka etikarekin, bere eremuan sartu nahian. Psikologikoki azaltzea ez da etikoki justifikatzea, baina batzuetan nahasten dira bi gauzak, edo lehenetik bigarrenera pasatzen da arinkeriaz.

Aspalditik hona, egintzek ondoriorik ez dutela ikusi eta ikasi du: portaera aurkeztezina doan edo oso merke atera zaio edo kurtsoa aurrera atera du ezer ez egin arren. Orduan, eskakizun maila orkatilatik gora igotzen denean, emaitzak ez baldin badira nahi dituenak, birao eta oihu egiteaz gain, mundu osoari errua botatzeko prest agertuko dira nerabe asko. Denak dira errudunak, eurak izan ezik. Frustrazioa ez dakitela maneiatzen mantra bihurtzeko zorian dago, baina zelan maneiatuko dute, bada, euren esperientzian babesa eta euren egintza-garbiketa besterik ez badute ezagutu? Ondoriorik ez badago inoiz?

Gauzak horrela, berdin da zer landu ikasgelan. Etorriko diren hezkuntza legeen printzipioen adierazpen guztietan, herritar arduratsu eta erantzuleak heztea ipin dezakegu helburu nagusi. Bost axola, paper errea besterik ez da izango. Hurrengora arte.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.