Iñigo Muguruza. Musikaria

«Aurrera egingo dugu, jakinda hau iraupen lasterketa dela»

Hiru hamarkada daramatza Iñigo Muguruzak musika munduan, eta ezagutu ditu arrakastaren eta oihartzunaren ondorioak. Azken urteotan lehen baino lasaiago ari da, eta Lurra proiektura bideratzen ditu bere kezkak.
ANDONI CANELLADA / ARGAZKI PRESS

Mikel Lizarralde -

2015eko urtarrilak 22
Lurraren lehen disko luzea, hau da, Akatsa sisteman (5Gora) kaleratu zuela hilabete gutxi igaro diren honetan, bere azken proiektuak transmititzen dituen sentsazio bertsuak igortzen ditu Iñigo Muguruzak (Irun, 1964). 50 urte bete berritan, «bizitzaren erdialdean» umorez dioen bezala, lasaitasuna eta amorrua biltzen ditu bere baitan. Haserrea, Euskal Herrian ez ezik mundu osoan ere gertatzen ari diren bidegabekeria asko ikusita; baretasuna, berriz, bere bizitzan, urte askoren ondoren oreka bat aurkitu duelako...

Atzera begiratzekoa zara? Egin duzunari erreparatzen diozu?

Erreferentzia batzuk ditut: noiz hasi nintzen Kortaturekin, noiz bukatu zen Kortatu, noiz sartu nintzen Deliriumen, noiz bukatu zen, noiz hasi ginen Negu Gorriak-ekin... Baliagarria zait kokatzeko. Pentsa, orain 50 urte bete ditut... Badira batzuk!

Kortatu, Delirium Tremens, Negu Gorriak, Joxe Ripiau, Sagarroi, Lurra... proiektu asko 30 urtean. Atzera begiratze horrek ematen dizu egin duzun horren gaineko ikuspegi bat?

Bai, egia da sei taldetan ibili naizela; marka polita da! Kortaturekin, halako eztandarekin hastea neurri batean putakeria bat da. Bizitza osorako markatzen zaitu! 100.000 disko saldu genituen... Hori ezin duzu bizitza osoan gainditu [barrez]. Hortik aurrera, dena doa gain behera. Baina, tira, orain ere saiatzen gara oso ondo pasatzen, kontzertuetan gozatzen, eta hori ez galtzea da inportanteena.

Lehen planoan izan zaituzten proiektuetan, badago lurrari eta herri musikari lotzen zaituen hari etengabe bat. Horren jakitun zaude?

Bai, konstante horiek hor daude. Alde batetik, sustraiekiko lotura bat dago hor. Eta, bestetik, umorea ere badago. Esango nuke Kortaturen lehen diskotik dagoela umorea, eta, jakina, baita salaketa ere. Garai batean esaten genuen bezala, pataleo-rako eskubidea. «Ez dugu ezer lortuko, baina salatuko dugu gustatzen ez zaiguna». Eta horretan segitzen dugu.

Salaketa bai, baina bizipoza ere bai...

Bai, bai! Joxe Ripiaurekin-eta oso gauza dantzagarriak egin ditugu. Bizitzarekiko eta musikarekiko grina edo pasioa ere izan dut...

Eta gero badago, Lurraren lehenengo disko luze honetan adibidez, munduan oro har gertatzen ari direnekiko nolabaiteko etsipen bat. Benetan zaude etsita?

Etsipena baino gehiago, munduan gertatzen direnekiko amorrua dut. Dena dela, diskoko hitzak Aneren [Garcia] eta bion artean idatzi ditugu, eta agian harenak badira tristeagoak edo etsipenezkoagoak.

Diskoa hasi eta berehala, Fenneh kantuan, bada Ane Garciak idatzitako esaldi ikaragarri bat: «Hartu nire tristura, orain zurea ere bada».

Bai, kontatu zidan nola behin lagun bat mozkortuta eta negarrez ari zen, eta etxera joan zirenean bera ere negarrez hasi zen! Horretan dago oinarrituta hitza.

Lurtar gehiago-n, aldiz, munduan gertatzen denarekiko kezka hori ageri da: «Hiria hormigoizko basamortua da, oasirik ez, estoldetara kondenatu genituen ibaiak, gure oinen azpitik dabiltza...». Hori ere ez da zuk idatzia...

Baina bat egiten dut kantuarekin. Asko gustatzen zait Eduardo Galeanok idatzitako esaldi bat, eta nola esaten duen zuhaitz baten adar gainean gaudela eserita, zerra batekin adarra ebakitzen ari garen bitartean. Hor badago naturarekiko kezka bat, baina baita beste egia bat ere, eta da mundu hau badoala...

Pikutara...

Pikutara, horixe bera.

Ezkorra zara? Diot, zeren eta zuk baikortasuna transmititzen baituzu beste ezeren gainetik.

Gauza batzuen inguruan baikortasuna erakuskea oso-oso zaila da. Adibidez, naturan gertatzen ari direnak ikusita. Baikortasuna jarrera bat da, baina inguruan ikusten direnak ikusita, askotan zaila da jarrera horri eustea. Seme-alabak ditugunok, adibidez, badugu arrazoirik haien etorkizunaz baikorrak izateko? Ufa, ba, zaila dago... Baina, tira, nola esaten duten gehiago bizi direla baikorrak ezkorrak baino, izan gaitezen baikorrak! [barrez].

Ez dakit zuzen nabilen, baina irudipena daukat orain gehiago kezkatzen zaituztela munduan gertatzen direnek Euskal Herriko egoerak baino...

Ez pentsa... Saiatzen naiz egoten hemen gertatzen direnekin ondo informatua. Egia da, halere, kantu baterako hitza egiterakoan ez naizela zentratzen gertaera jakin batean, eta hitzak orokorragoak edo globalagoak direla.

Ane Garcia zu baino 30 urte gazteagoa da, baina ez dirudi munduaz ikuspegi ezberdina duzuenik...

Bai, hala da. Anek 20 urte ditu, eta pertsona heldua da... eta ni, berriz, nahiko infantila! [barrez]. Ez, tira, esan nahi dudana da ez dugula zertan ezberdin pentsatu, nahiz eta 30 urteko tartea izan bion artean. Ane ere hemen egongo balitz, ziur bera ere bat etorriko litzatekeela Galeanok dioen gauza askorekin. Ziur oso tertulia interesgarria izango genukeela. Ni Aneren gitarra irakaslea izan nintzen, eta orduan fitxatu nuen. Kantatzen hasi zen klase batean, eta, oso ahots samur eta goxoa zuela ikusita, hasi ginen hizketan zerbait egiteko. Prozesu luze samarra izan zen Lurra abiatu arte.

Esan izan duzu akorde minorren klubekoa zarela. Nolabait zure kantuek beti jotzen dutela malenkoniara. Bada horretarako arrazoi berezirik?

Ni txikitan ume bakartia nintzen, nahiko tristea... eta horrela ateratzen zaizkit. Baina, tira, gustatzen zaizkit akorde minorreko kantuak. Orain zergatik ateratzen zaizkidan horrela? Bada, psikoanalista bati galdetu beharko genioke! [barrez]. Baina gogoratzen dut auzoan bazela emakume bat El Llanero Solitario deitzen zidana. Horrela ibiltzen nintzen 10 urterekin. Pentsa, 10 urterekin Leonard Cohenen zale amorratua nintzen! [barrez].

Horrek markatu egiten du...

Erabat! Pentsa, Cohenek gaitasuna dauka akorde maiorrekin kantu tristeak egiteko. Bitxia da, baina Kaxianok ere akorde minorrekin kantu alaiak egiten zituen, eta akorde maiorrekin tristeak. Adibidez, «Zorionak, zure urtebetetzean...» [kantatzen hasi da] akorde minorrekin egina dago, eta «Itsasontzi baten, Euskal Herritik kanpora...», maiorrekin. Oso musika alaia da, baina hitzak...

Zuk ere jokatzen duzu horrekin batzuetan, hitz triste batzuei musika alaiagoa jarriz. Oreka zaindu beharra dago?

Gertatu izan zait Anek ekartzea hitz batzuk eta akorde maiorrekin janztea, bestela latza izango zen- eta!

Esan nahi dut zure kantuetan malenkonia bat egon daitekeela baina beti dela oso samurra...

Bai, bai; ez gara Anari edo Lisabo. Lisabokoak, edo Fernando Sapo, oso pertsona sentikorrak dira, baina oholtza gainean transformatu egiten dira, munstroa ateratzeraino.

Zu, berriz, baretuta ikusten zaitugu azkeneko urteetan.

Bai, lehen baino askoz bareago. Nik pilak jarri nituen lehen alaba jaio zenean. Ondo egon behar nuen, edo, bestela, alabari transmitituko nizkion nire frustrazio eta ostia txarrak. Egin nituen nire etxeko lanak orekatuago egoteko.

Zuk zeuk aldatuta ikusten duzu zeure burua?

Bai, bai, aldatu naiz.

Zertan?

Nire lehentasunak aldatu egin dira; edo nire lehentasunen rankinga, behintzat, bai. Pentsa, gure belaunaldikoontzat garai batean osasuna oso behean zegoen ranking horretan, eta orain, aldiz... Ikusi dugu jendea hiltzen, jendea arazoekin... horrek aldarazten zaitu. Nire kasuan, ranking horretan buruko osasuna jarriko nuke lehendabizi, eta gero familia, lagunak eta beste...

Beti eman dit atentzioa zenbatetan aipatzen dituzun alabak. Ez da oso ohikoa musikari batengan, ezta?

Niretzat, aitatasuna oso gauza handia izan da; handia zentzu guztietan. Bizitza aldatu dit. Mundua haurren ikuspegitik ikusten lagundu dit.

Garai batean, musikan ez ezik, ikus-entzunezkoetan eta antzerkian ere aritu zinen. Eta haur literatura ere idatzi zenuen. Non dira zaletasun haiek?

Baztertuta dauzkat, batez ere zinema eta literatura. Halako batean, pentsatu nuen diziplina gehiegi landu nahian ari nintzela, eta hobe zela bakar batean zentratzea. Alabak jaio zirenean hasi nintzen haien irteera xelebreak biltzen, agian egunen batean ateratzeko asmoarekin... baina han gelditu ziren, eta ez dakit berreskuratuko ditudan. Ikusten dut bideoklipak duela etorkizun handia. Askotan, kantuak berak baino gehiago zabaltzen dira sare sozialen bitartez. Lurraren diskoko Oinutsik kantuaren bideoklipa egin dugu, eta sekulako harrera izan du. Oso pozik gaude.

Zer nahiko zenuke gertatzea Lurrarekin?

Mmmm...

Beste modu batean galdetuko dizut. Modu berean bizi dituzu Lurra eta, adibidez, Joxe Ripiau?

Esango nuke ezetz. Beste helburu batzuk ditudala esango nuke. Joxe Ripiaurekin, ondo pasatzeko gogoa genuen, eta hori egin genuen. Lurrarekin ere bai, baina lasaiago. Azeleragailutik altxatu dut oina, eta entzuten dudan musika ere lasaiagoa da. Horrek guztiak eragina du. Ez dut helburuetako bat gure publikoa dantzan ikustea, baina bai nahiko nuke jende asko etortzea kontzertuetara. Gure asmoa hori da. Aurrera jarraituko dugu, jakinda hau iraupen lasterketa dela. Hasiak gara bigarren diskoa prestatzen, hitzak lantzen eta abar.

Zer entzuten duzu orain?

Asko entzuten dut Nouvelle Vague taldea, Sex Pistols, The Lords of The New Church eta bestelakoen bertsioak egiten dituena. Gustatzen zait reggae afrikarra, kontu etnikoak... Munduan gauza oso benetakoak daude, sustraiak dituztenak... Orain ari naiz irakurtzen Fela Kutiren biografia, eta baliatu dut haren musika ere entzuteko, eta, bueno, gauza batzuk gustatzen zaizkit eta beste batzuk ez. Niri hiruzpalau minutuko kantuak gustatzen zaizkit. Kantu formatua beste ezeren gainetik. Bai, leloa, estrofa.... inoiz ez zaizkit gustatu bateria soloak. Eta jan ditut batzuk! [barrez]. Garai batean joaten ginen [Donostiako] belodromora, Iron Maiden, Anthrax eta abar ikustera! Manowar ere bi aldiz ikusi nuen.

Heavya izan zinela, alegia...

Bai. Orain barre egiten dugu. Manowarrena umorez hartzen genuen, eta oso dibertigarria zen. Baina pentsatu behar duzu gu oso gaztetxo ginela anaia Jabierrek Deep Purpleren Made in Japan ekarri zuela, Rory Gallagherren diskoak... AC/DCren zale amorratua ere izan naiz. Baina beti kantu soilak gustatu zaizkit. Euskal Herrian, adibidez, orain nire rankingaren lehen postuan Petti dago. Number one!

Etorkizunaz galdetuko dizut. Nola ikusten duzu?

Baikortasunez begiratu beharko diogu! Musika hain da gauza ederra... nahiz eta gauza txarrak ere badauden!

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna