urtzi urkizu
Donostiako 67. Zinemaldia. BASQUEWOOD

Juanmiren begirada gogoan

2019ko irailaren 21a
00:00
Entzun
Otsailean zendu zen Juanmi Gutierrez zinemagilea. Arrastoa utzi zuen sektore horretan: pertsonala eta profesionala. Ezagutu zituenen arimetara iritsi zen. Eta Donostiako Zinemaldian utzi duen marka ez da nolanahikoa: hamar urte bete ditu aurten Zinemira sailak, eta hark zuzendutako hamahiru lan proiektatu dituzte sailaren barne.

Baina Juanmi ez zen kopuruez kezkatzen, gizakien benetako arazoez eta sentimenduez baizik. Sos gutxirekin egindako zinema zen harena, ia beti gizarte gaiei lotua, urtez urte ahotsik gabekoei ahotsa ematen ziena. Filosofia horrekin bat egiten du guztiz haren azkeneko lanak: Paseko txoriak. Gaur eta bihar proiektatuko dute Zinemaldian dokumentala, baina, zoritxarrez, ezingo dugu Juanmi bertan ikusi. Egunotan, Kursaalaren bueltan, lehen zubia zeharkatzen dugunean, eta Antzoki Zaharraren edo Principeko ilaratan, ezingo dugu aurrez aurre Juanmi agurtu. Baina gogoratuko dugu Juanmiren begirada, nola heltzen zien gaiei, eskaintzen zien arreta eta begirunea. Azkeneko hamarkada Donostiako Zinemaldian ezingo litzateke ulertu Juanmiren ikuspuntua aintzat hartu gabe.

Afrikatik Irunera (Gipuzkoa) iritsitako errefuxiatuak eta harrera taldekoek egindako lana azaltzen dira Paseko txoriak dokumentalean. Zinez hunkigarria da, moralkeriariarik gabea eta leziorik emateko asmorik gabea.

Ildo berean doa Helena Tabernak zuzendutako Varados dokumentala ere —Zinemiraren hasierako galan estreinatu dute—. Grezian egoera zailetan bizi diren errefuxiatu batzuen egunerokotasuna ikusten da filmean. Ageri dira kozinatzen, solasean, musika entzuten, bikotekideari telefonoz faltan botatzen dituztela esaten. «Borrokan jarraitu behar da», esan du itsasertzean Kamerungo Leonie Amang errefuxiatuak. Ez dira hitz hutsalak. Guk ere jarraitu behar dugu borrokan: gertukoengandik, euskararengatik... Pelikulen esentziatik ikasiz, pertsona hobeak izaten saiatuz. Juanmik erakutsi ziguna ahaztu gabe, ahal bada.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.