Albistea entzun

KRITIKA. Dantza

Afrikatik datoz galderak

Agus Perez -

2019ko irailak 14

'Kalakuta Republik

Kontzeptua eta koreografia: Serge Aime Coulibaly. Sorkuntza eta interpretazioa: Marion Alzieu, Serge Aime Coulibaly, Ida Faho, Antonia Naouele, Adonis Nebie, Sayouba Sigue, Ahmed Soura. Lekua: Miarritzeko Kasinoko aretoa. Eguna: Irailak 12a.

Erantzunak baino gehiago, galderak maite ditu Serge Aime Coulibalyk, eta Burkina Fason duen jatorria ederki konbinatzen du Belgikarekin dituen harremanekin. Miarritzeko Dantza Maitaldiaren balio nagusietako bat da afrikar konpainia garaikideen lanak ikusi ahal izatea, eta Kalakuta Republik honekin handik datozkigun auzi batzuk heldu zaizkigu, ez era cartesiarrean —Mendebaldeko pentsamenduari komeni zaion erara—, erraietatik baizik, hau da, afrikar erara.

Taula gaineko atzealdea bi oihal zurik bete dute eta haietan proiektatu dira noizbehinkako irudi latzak: Libia, Gaza edota Yemengoak izan zitezkeen eremu suntsituak, iheslarien ilara ikaragarri jendetsuak... Eszenako albo batean sofa handi bat kokatu da eta plastikozko aulki beltz batzuetatik altxatu dira zazpi dantzariak —lau gizon eta hiru emakume, haietariko bat zuria erritmo bizigarri baina monotono batekin dantzan hasteko. Noizean behin, geldiune laburrak gertatu dira haietariko baten aginduz, koreografoak auzitan jarri nahi izan dituelako lidergoaren rola eta haren beharrizana. Ordea, balizko auzi hori oso era lausoan planteatu da, eta askoz gehiago interesatu zaizkigu dantzari guztien jarduera fisiko trinkoa eta beren keinu-aberastasun nabarmena.

Afrikako musikari handien bidetik —Manu Dibango, King Sunny Ade, Toure Kunda...—, protagonismo handia izan du lehen zati horretako soinu-bandak, eta musika mota horretan ohikoa den bezala, peredikuak, galderak eta gogoetak plazaratu ditu abeslariak, eta bitartean, erantzun kolektiboak errepikatzen zituen koruak, aberastasun handiko orkestrazio batean bilduta.

Coulibalyren asmoari jarraituz, bi zatitan banatu da emanaldia, eta bigarrena askoz koloretsuagoa izan da, baina askoz kaotikoagoa aldi berean. Izan ere, koreografoaren asmoa da agerian uztea lidergoei jarraituz lortutako garaipenak laster urardotzen direla matxinadaren ostean. Eremu eszenikoak Uagaduguko dantzaleku famatu bateko giro etilikoa jaso du, festa osteko giroa hain zuzen ere. Orain plastikozko aulkiak edonon daude botata, gizon batek botilatik edaten du zuzenean, beste batek zigarretako kea botatzen dio soul eder bat abesten duen emakumeari, beste emakume batek pelbiseko astinduak egiten ditu kaxa baten gainean eta atzeko oihal zurietan «gerla arazte erritu bat da» eta «dekadentzia bera helburua ere izan daiteke» bezalako mezu nihilistak proiektatu dira.

Amaiera aldera, ordea, hiru emakumeak gizon banaren lepora igo dira, eta handik burutu dituzte beso eta eskuen keinu enigmatikoak, beren paparretan emandako zaplazteko ugariak tarteko, eta horrela desagertu dira eszenatik, jarrera hori mundurako irteera bakarra izan daitekeela iradokiz eta ikusleengan esperantza eta kezka aldi berean utzita.

Sareko BERRIAzalea:

Irakurri berri duzun edukia eta antzekoak zure interesekoak badira, eskari bat egin nahi dizugu: Berria diruz babestea.

Zuk eta zure gisako sareko milaka irakurlek egindako ekarpenarekin, eduki gehiago eta hobeak sortuko ditugu. Eta, zuekin osatutako komunitateari esker, publizitateak eta erakundeen laguntzek bermatzen ez diguten bideragarritasuna lortuko dugu.

Euskarazko kazetaritza libre, ireki eta konprometitua eskaini nahi dizugu egunero; bizi zaren munduaren eta garaiaren berri ematen segitu.

Albiste gehiago

Eñaut Zubizarreta musikaria, atzo, Ahotsenea gunean. ©ARITZ LOIOLA / FOKU

Bat, bi, bat, bi, hiru, lau

Iñigo Astiz

Murrizketekin ere, aurten Durangoko Azokako guneek berreskuratu egin dituzte beren programak, eta, murrizketak murrizketa, poza azaldu dute arduradunek, berriz ere jendeari aurrez aurreko saioak eskaini ahal izateagatik.
Maia Iribarne eta Paxkal Irigoien musikariak eta <em>Bañolet</em> websailaren egileak, atzo, Durangoko 56. Azokan. ©ARITZ LOIOLA / FOKU

Heldu bilakatzearen konkista

Itziar Ugarte Irizar

Maia Iribarnek eta Paxkal Irigoienek 'Bañolet' websailaren aurrerapena aurkeztu dute, iaz sormen beka irabazi ondotik. Bederatzi kantuko diskoa ere kaleratu dute: 'Bañolet kantuz'
Kurdistango ordezkariak eta haien kideak, atzo, Irudienean. ©ARITZ LOIOLA / FOKU

Hondakinen gainetik, liburuak

Andoni Imaz

Kobaneko liburutegiaren istorioa kontatzen du 'Hala ere' dokumentalak. Kurdistango zenbait ordezkarik aurkeztu dute, Durangoko Azokan

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.