Koronabirusa

COVID-19 kasuek goia jo dute Hego Euskal Herrian: 2.235 positibo atzeman dira

Inoiz baino gehiago izan dira; gehienak, Bizkaian: 1.078. Osakidetzako eta Osasunbideko COVID-19 gaixo kopurua bikoiztu egin da bi astean

Osakidetzako langileak baheketa bat egiten, Agurainen. RAUL BOGAJO /FOKU.
Maria Ortega Zubiate
2021eko uztailaren 23a
00:00
Entzun
Birusaren goraldiak ez du etenik. Egunean atzematen dituzten kasu kopuruak gora egin du azken asteotan, herenegun 2.000 kasutik gora jakinarazteraino; beste behin baino ez zituzten horrenbeste kasu atzeman egun bakarrean, iazko urrian. Atzo, ostera, marka guztiak hautsi zituen Hego Euskal Herriko kurba epidemiologikoak; pandemia osoan atzemandako kutsatu kopururik handiena jakinarazi zuten. 2.235 kasu atzeman zituzten Osakidetzak eta Osasunbideak, aurreko egunean baino ia 200 gehiago.

Izurriak hauspoa hartu du berriz ere, eta gero eta bertikalagoa den kurba epidemiologikoak atzean utzi ditu iazko urriko datu makurrak. Egoera larria eskasa bada ere, Bizkaiko kasua da kezkagarriena, batez ere. Herrialdeak egunak daramatza kutsatuen markak hausten, eta Osakidetzak atzo atzemandako kopuruak berriz ere jarri du lurraldea kutsatzeen buruan: 1.078 zenbatu dituzte bertan, duela bost egun eskas atzemandakoak halako bi. Egoera ez da hain kritikoa beste lurraldeetan, azken egunetatik hona ez baita horrenbesteko igoerarik egon eguneko datuetan. 482 izan dira Gipuzkoan, 434 Nafarroan, eta 204 Araban.

Atzoko datuak izan dira atentzio handiena eman dutenak, marka hautsi dutelako. Baina egoera ez da egun batetik bestera okertu; azken hamalau egunetako datuak ere aski adierazgarriak dira, epe horretan egin diren proba guztien %12,40 izan baitira positibo. Ehuneko horrek alde handiz gainditzen du OMEk izurria kontrolpean izateko ezarritako muga. Beste era batera esanda, azken hamalau egunetan egindako zortzi proba diagnostikotatik bat positibo izan da. Positibo tasa hain handirik ez dute jakinarazi pandemia osoan Osakidetza eta Osasunbideak. Alderatzeko, iazko uda hasieran 200 probatik bat izaten zen positibo. Kutsagarritasunaren bat-bateko igoera aldaera berriei egotzi diete zenbait adituk eta agintarik. Hain justu, azken hilabetean delta aldaera nagusitu da, eta jada Osasunbideak atzemandako kasuen %80 gainditu du. Osakidetzak antzerako kopurua identifikatu du dagoeneko; kasu guztien %75.

Ospitaleratzeen bilakaera

Kutsatuak gora doazenero, ospitaleetako egoerak berebiziko garrantzia bereganatzen du, eta adi erreparatu behar zaio. Txertaketaren ondorioz, aldatu egin da egoera, baina erne jarraitu behar da. Osakidetzak eta Osasunbideak jakinarazitako azken datuen arabera, ospitaleetan 292 gaixo daude gaur egun COVID-19aren ondorioz; horietatik 60, ZIUetan. Erietxeratuta dauden lagunen kopuruak, ordea, aurreko egunarekin alderatuz, pittin bat behera egin du: hamalau eguneko epea kontuan hartuta, halako bi baino gehiago da orain kopurua. ZIUetan, berdin: hamalau egunean biderkatu egin da unitate horietan larri dauden gaixoen kopurua.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.