Poliziaren indarkeria arrazista. Jazarpen sistematikoa

Sistemaren belauna lepoan

Migratzaileen aurkako jazarpena fenomeno orokortua da Euskal Herrian. Adituek eta gobernuz kanpoko erakundeek salatu dute Poliziak «sistematikoki» erabiltzen duela bortxa pertsona arrazializatuen aurka.

Egonkorrak bilakatu dira Ipar eta Hego Euskal Herriaren artean Frantziako indar armatuek egiten dituzten kontrolak. BOB EDME.
Oihana Teyseyre Koskarat - Jone Arruabarrena - Ion Orzaiz - Javi West Larrañaga
2021eko urriaren 24a
00:00
Entzun

Zirkulazio librekoa behar luke, teorian, Ipar eta Hego Euskal Herriaren arteko mugak. 2015etik, ordea, Frantziako Poliziaren kontrolak areagotuz joan dira, egonkor bilakatu arte. Hain zuzen, urte hartan gertatu ziren Parisko atentatu jihadistak, eta terrorismoaren kontrako alerta egoera ezarri zuen François Hollande Frantziako orduko presidenteak. Hastapenean sei hilabete iraun behar zuen egoera luzatzen aritu dira harrezkero, gaur arte. Ipar Euskal Herrira sartzeko kontrolak etengabeak dira, eta pasabide gehienetan egoten dira Frantziako indar armatuak: Polizia, jendarmeak eta baita militarrak ere. Egoera gogor pairatzen dute Europarantz doazen migratzaileek, eta kontrolen areagotzeak zaildu egin die muga igarotzea; geroz eta gehiago dira zeharkatzeko arrisku handiak hartzera behartuak direnak. Errealitatea gordina da: Bidasoa ibaian bi etorkin hil dira azken hilabeteetan, eta iragan astean hiru hil ziren trenak harrapatuta Ziburun (Lapurdi), kontroletatik kukutzeko trenbidean lotan zirela.

 

«Muga beti izan da migrazioaren pasabidea, alde batera zein bestera igarotzeko», azaldu du Maite Etxeberri CIMADEko zuzenbide adituak. Azken urteotan, ordea, «migrazioaren gaia ikusgaiago» dela uste du, batez ere, Frantziako Poliziaren kontrolak ugaritu egin baitira. Ipar eta Hego Euskal Herriaren arteko mugan, pasabide bat baino gehiago dago; baina Etxeberrik dio zuzenbidearen ikuspegitik muga ez dela «soilik lerro bat». Izan ere, Frantziako legediak modua ematen du mugako «eremuak» izendatzeko: mugatik hogei kilometrora hedatzen da, eta nazioarteko lineak dituzten aireportu, portu eta geltokien ingurura ere heda daiteke. Hala, mugako «eremu» horietan, Frantziako Poliziak nortasun kontrolak egiteko eskubidea dauka, noiznahi. Hortaz, migratzaileek jasaten dituzten kontrolak «legezkoak» direla azaldu du Etxeberrik: «Haatik, esperientziak erakusten du arrazializatua bazara sistematikoagoak direla kontrolak. Arazoa da ez dugula hori egiaztatzeko froga juridikorik; beraz, zaila da erakustea kontrol arrazistak direla».

Tom Dubois Hendaian bizi da; Frantziako Aireko eta Mugetako polizia ohia da, Hendaian bertan aritua. Lanbidea utzi zuen, egiten zuen lanarekiko «desadostasun gehiegi» zituela ulertu bezain laster. Zenbait hilabete geroago, Bidasoa ibaia zeharkatuz itotzear zen migratzaile bat salbatzera eraman zuen patuak. Ordurako, tokiko hautetsiak akuilatuak zituen, Poliziaren kontrolen indartzeak drama bat ekarriko zuelakoan. «Ofizialki, terrorismoaren kontrako kontrolak dira mugakoak; azken urte eta erdian, neurri sanitarioak errespetarazteko kontrolak bilakatu dira. Errealitatean, legez kontrako immigrazioaren kontra egiten dituzte».

«Aurpegi delitua, egon, bada. Ni pasatzen banaiz, eta nirekin batera beltz bat pasatzen bada, besteak nik baino arrisku handiagoa du kontrolatua izateko». Aitortu du «goiko» manuetatik heldu direla irizpide horiek. «Dena den, Poliziaren barnean bada arrazismoa, funtsean, gizarte osoan bezala. Jakin behar da, halere, ideologia politiko nagusia Frantziako Poliziaren barruan Batasun Nazionalarena dela; %80, gutxi gorabehera». Indarkeria arrazista fisikoko kasurik ez du ezagutu Duboisek, baina gogoan du miatze batzuk «indar handiagoz» egiten zituztela bere lankide ohiek «beltzekin zuriekin baino».

Kasurako, 2020an, Hendaiako atxikitze zentroan polizia indarkeriaren hiru kasu salatu zituen CIMADEk, «neurriz kanpoko indarkeria erabiltzeagatik». Etxeberri: «Jaso genuen lehen kasua atxikitze zentroko aldageletan gertatu zen. Poliziak etorkin bat eraman zuen bertara, miatzeko, eta belarrietatik altxa eta inarrosi egin zuten gizona. Bigarrena buruan kolpe bat hartu zuen etorkin batena izan zen. Eta azkena, lepotik altxatu zuten migratzaile batena». Hiru horietatik bakarra ikertu zuten, eta atxikitze zentroko polizia batek hierarkiaren gaitzespen bat izan zuen. «Inpunitateak ez dio mesede egiten Poliziari», Etxeberriren ustez. Harekin bat egin du Duboisek: «Iruditzen zait Poliziaren barneko indarkeria arrazistako kasuak minimizatzeko joera daukala hierarkiak. Frantziako Estatuak ere joera hori dauka; azken finean, irauteko, Poliziaren beharra baitu».

Etsipen iturri

Indarkeria arrazistako kasuen testigantza ugari jasotzen ditu Josune Mendigutxiak. Irungo Harrera Sareko (Gipuzkoa) laguntzailea da, eta herrira heltzen diren etorkinei harrera egiten die, udaletxe plazan. «Historia asko kontatzen dizkigute, bidaian zehar zein muga pasatzean jasaten dituztenak. Eta bat datoz gehienak: Frantziako Poliziaren jarrerak dira okerrenak. Egunero, hamarnaka lagun itzularazten dituzte Iparraldetik Hegoaldera. Batzuetan, poliziek miatzen dituzte, eta soinean dutena lapurtzen diete: sakelakoa, paperak, dirua...». Uste du Frantziako Gobernuak «presio handiagoa» jartzen diola Poliziari; «agian horregatik dira zakarragoak». Mendigutxia: «Etengabeko kontrolek etorkinen bidea zailtzen dute, eta arrisku geroz eta gehiago hartzera behartuak dira muga igarotzeko: Bidasoa ibaia zeharkatzea, trenbidetik joan behar izatea... Hori biolentzia da. Muga pasatuta geldiaraztea eta berehala berriz Irunera itzularaztea? Hori ere biolentzia da, biolentzia psikologikoa».

Bat dator Dubois: «Desesperatzen dira. Hamar aldiz saiatzen dira pasatzen, eta hamar aldiz itzularazten dituzte. Horrek kalte psikologiko handiak ditu, bidaiaren zati handiena eginda blokeatuta ikusten dutelako beren burua». Haren ustez, Frantziako Gobernuaren «zifren politikak» ere eragiten du egoera okertzea. «Hierarkiak Poliziari kontuak eskatzen dizkio. Hainbat lagun itzularazi egin behar dituzte, eta, beraz, agenteek hori egiten dute etengabe». Izan ere, Frantziako Poliziak agiri bat ematen die gelditzen dituzten papergabeei, Frantziako Estatura sartzeko debekua dutela erranez. «Agiri hori hartu eta botatzen dute etorkinek. Gero, berriz pasatzen da pertsona bera, eta berriz ematen diote papera. Frantziako Poliziarentzat bi kanporatze dira, baina pertsona bera da», azaldu du. Frantziako egoera politikoarekin ere lotu du: «Uste dut [Emmanuel] Macron hauteskundeetara begira dagoela, eta bigarren itzuli hipotetiko batean eskuin muturreko norbait badu parean, erranen du: 'Begira, zuek egin nahi duzuen guztia egin dut, legez kanpoko immigrazioa eragozteko indar guztiak jarri ditut'».

Mugako egoera guztiz katramilatuta dago, eta etorkinen eskubideen defentsan ari diren eragileek argi dute kontrolen emendatzearekin batera emendatuko direla dramak ere. Kontrol horiek «argiki arrazistak» dira, Mendigutxiaren arabera. «Ni, muga pasatzean, ez naute inoiz gelditzen. Beltz batek edo magrebtar batek pasatzen badu, sistematikoki geldituko dute. Hori arrazismoa da».

Azalaren kolorearen araberako kontrolak, atxikitzeak eta jazarpena, baina, ez dira soilik mugaldeko kontrolei lotutako fenomenoak. Euskal Herri osoan gertatzen dira, eta kolore guztietako poliziek egiten dituzte. Arrazakeriari lotutako gainerako delituekin gertatzen den bezala, baina oharkabean pasatzen dira gehienak, estatistiketan arrastorik utzi gabe. Are: Europako Batzordearen arabera, arrazakeriari eta xenofobiari lotutako gorroto delituen %80 inguru ez dira salatzen, eta, hortaz, ez dira azaltzen erakundeen txostenetan .

Azken erasoa, Barakaldon

Mamadou Dieng senegaldarra izan da Poliziaren indarkeria salatu dutenetako bat. Barakaldon bizi da (Bizkaia), etxe alokatu batean. Urrian, higiezinen agentziak mezu bat bidali zion esanez 3.600 euro zor zituela, ustez 2019, 2020 eta 2021. urteetan ordaindu gabeko alokairuengatik, eta etxea uztera premiatu zuten. «Mamadouk ez du zentimorik zor. Hilabetero ordaindu du alokairua, eta ordainagiri guztiak gorde ditu, froga gisara», azaldu du Quinndy Akejuk, CNAAE Afro-ondorengoen eta Beltzen Komunitateko EAEko koordinatzaileak.

Agentziaren egoitzara joan zen Dieng, faktura horiek erakusteko, baina, CNAAEk ohar batean salatu zuenez, ez zioten pasatzen utzi, eta Poliziari hots egin zioten: «Poliziek agentziakoen bertsioa entzun zuten soilik, eta modu txarrean behartu nahi izan zuten Mamadou bulegotik ateratzera. Polizia bat bultzaka hasi zitzaion, paretaren kontra jar zedin, eta Mamadouk bultza egin zion bueltan, ez bultzatzeko eskatuz».

Horren ostean, sei polizia azaldu ziren, eta, CNAAEko kideen arabera, bortizki immobilizatu zuten Dieng: «Min handia eman zioten hanketan eta besoetan, eta, eskuak lotu zizkiotenean ere, indarkeria erabiltzen segitu zuten. Lurrean zegoela, orkatila zapaldu zion polizietako batek, eta, Mamadouk esan zionean min ematen ziola, erantzun zion: 'Ba, izorra hadi'». Datorren asteazkenean epaituko dute Dieng gertatutakoagatik. «Beltz bat epaitegian, bi polizia zuriren kontra? Bada, litekeena da epaia kontrakoa izatea», esan du Akejuk. «Poliziak beti du erakundeen babesa; beti dute justifikazioren bat beren indarkeria zuritzeko».

CNAAEko koordinatzailearen hitzetan, Polizia beti izan da «beltzei jazarri zaien eta kriminalizatu egin dituen erakunde bat», eta arrazakeria «instituzionalizatua» dago bertan: «Polizia da arrazakeria instituzionalaren oinarrietako bat; Poliziarik gabe, arrazakeria horrek ez luke gaur egun duen justifikazio maila izanen». Polizia «berriz hezteko» beharra dago, Akejuren ustez: «Indarkeria betikotzen duten bazterketa etniko guztiak errotik erauzi beharko lituzkete; besteak beste, soslai etniko bidezko atxiloketak eta identifikazioak».

Bat dator Beatriz Villahizan SOS Arrazakeriak Nafarroan duen arduraduna ere: «Poliziak muga ikusezinak ezartzen ditu gure hirietan, profil etnikoko identifikazioen bitartez. Auzoak sailkatzen dituzte horietan bizi den migratzaile kopuruaren arabera, eremu bero gisa identifikatzen dituzte jende arrazializatu gehien duten auzuneak, eta sarekada gehiago egiten dituzte horietan».

Espainian eta Hego Euskal Herrian, joera hori 2008. urtetik aurrera indartu zela azaldu du Villahizanek: «Alfredo Perez Rubalcaba Espainiako Barne ministro zen garaian hasi ziren kontrol horiek ugaritzen eta orokortzen. Ordutik, ez dira inoiz eten: intentsitate eta maiztasun handiagoz ala gutxiagoz aplikatu izan dituzte, baina Espainiako Gobernuak ez dio uko egin jazarpen mota horri».

COVID-19aren izurriaren aitzakiarekin arrazializatuen aurkako jazarpena areagotu egin dela uste du SOS Arrazakeriako kideak. «Itxialdian, espazio publikoak erabiltzea eta kalean ibiltzea mugatu zenean, nork nozitu zituen neurri murriztaileak indar handiagoz? Arrazializatuek». Villahizanek gogorarazi du «legez kanpokoa» dela pertsona bat identifikatzea, atxikitzea edo zigortzea azalaren koloreagatik, eta, administrazio guztiek praktika horiek arbuiatzen dituzten arren, «egunero aplikatzen dituzte, kontrakoa badiote ere». Adierazpen instituzionalez harago, «politika eraginkorrak» behar direla uste du SOS Arrazakeriako kideak: «Hitz politak ez, protokolo eta arau berriak behar dira, atxilotuen ongizatea bermatzeko».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.