Koronabirusa

«Berriz hura bada?»

Nafarroako Ospitale Guneko hiru solairu daude COVID-19a dutenez beteta. Langileek diote oraingoan lana «progresiboki» ugaritu dela

arantxa iraola
2020ko urriaren 20a
00:00
Entzun
COVID-19aren datuek gora egin ahala, berehala erietxeetara begira jarri behar izaten da, kasurik larrienak osasun zentro horietan artatu behar izaten baitituzte. Nafarroako Ospitale Gunean, esaterako, gaitzak jotako pazientez beteta dituzte dagoeneko hiru solairu. Martxoan, izurriaren lehen oldarraldian, bost izan ziren, eta aparteko espazioak ere atondu behar izan zituzten pazienteentzat. Egoera oro har «egonkorra» dela diote langileek. Hala ere, izurriaren datuak entzunda, kezka badute. «Martxo-apirilekoa ikaragarria izan zen. Zenbaitetan, pentsatzen duzu: 'Berriz hura bada?'», azaldu dio BERRIAri ospitale guneko zaintza intentsiboetako erizain batek. Beste hainbat langilek ere hartu dute hitza; haien egunerokoaren berri emanez azaldu dute zertan den orain egoera, eta zer alde dituen lehenbiziko oldarraldiarekin.

Hematologoa da Irati Ormazabal, eta COVID-19a duten pazienteak artatzen dihardu. Azaldu du oraingoan lana era «progresiboan» ugaritu zaiela. «Aurreko olatuan, bat-batekoa izan zen dena». Orain, ezagutza handiagoa ere badute: «Orduan, gauza berria zen; ez genuen argi zer egin, zein zen tratamendua, zer eboluzio izan zezakeen». Estu eta larri harrapatu zituen epidemiak bakartze neurrietara begira antolatu zituzten protokoloetan-eta ere, malgutasunik gabe, eta egoera aski mingarriak izan ziren: «Izan ziren pazienteak bakarrik hil zirenak». Orain, horretan ere hobetu egin dute jarduteko era: «Pazienteen senitartekoak, neurri batzuk hartuta, etor daitezke egoera jakin batzuetan. Ordutegiei-eta dagokionez ere malguagoak gara, are mendekotasun handiak dituzten pazienteekin, eta, senitartekoren batek geratu nahi badu, horretarako aukera ematen dugu».

Azken asteotan Nafarroari buruzko datuek aparteko oihartzuna hartu badute ere, Ormazabalek adierazi du irailaren erdialderako erietxean lan zama handitzen hasia zela, eta lantaldeetan izurriaren gaineko datuak entzuten dituzten bakoitzean sentitzen duten ardura gizarte osora hedatu behar dela: «Saiatu behar dugu denok arduratsuak izaten». Erizain batek nabarmendu nahi izan du, izenik eman gabe, martxoan baino askoz ere hobeto ari direla eusten orain: «Hedabideetan gauza asko esaten dira, eta positiboak asko dira, baina orain erietxera heltzen diren pazienteak, ez hainbeste». Esan du kasu asko orain hobeto artatu direla, lezioa eta ondo ikasita eta«etxeko ospitaleratzeen» bidez-eta. «Eta, oro har, COVID-19a duten eriak artatzen ari garen langileak ondo zainduta gaude».

Birusaz aparte, birusarekin

Oro ez da COVID-19, ordea. Maider Valencia Alzueta anestesiologoa da Nafarroako Ospitale Gunean, ez ditu propio gaitza duten pazienteak artatzen, baina arrunt kezkatuta dago egoerarekin. «Lanez gainezka gabiltza». Horra egoera zein den, lehen pertsonan kontatuta: «Lehengo astean 60 ordu egin nituen lanean». Lan martxak ematen dion talaiatik, alde nabarmen bat ikusi du. Martxo-apirileko oldarraldian, osasun sistemak aparte utzi zituen; aldez aurretik antolatutako kirurgiak-eta, adibidez, ez ziren egin. Orain, aldiz, ahalegina egiten ari dira horiei eusteko, eta zinetan garrantzitsua dela onartu du Valenciak.

Baina izurria hor da. Igartzen dute, adibidez, ez kutsatzeko jarraitu behar izaten dituzten protokoloetan: «Aparteko neurriak hartu behar ditugu». Gaitza ondora heltzen zaienean ikusten dituzten hainbat jarreratan ere igartzen dute izurriaren ondorioen itzala: «Eritzen direnak ez dituzte ordezkatzen. Gaudenok atera behar dugu lan guztia». Hortik artegatasuna: «Honako sentimendu hau dut: ez dakit denera iritsi ahal izango dugun».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.