ana galarraga aiestaran
Koronabirusa. ZIENTZIAREN TALAIATIK

Erabateko konfinamenduaz

2020ko martxoaren 26a
00:00
Entzun
Bakartzea eta berrogeialdia izurriteei aurre egiteko osasun publikoko neurri arruntak izan dira, bai aspaldiko garaietan bai oraingoetan. Helburua infekzio-eragilearen transmisioa etetea da, eta, ikuspegi epidemiologikotik, ez dira gauza bera: bakartzea infektatuta daudenak osasuntsu daudenetatik isolatzean datza, eta berrogeialdia, berriz, infektatuta egon daitezkeenak besteetatik bereiztean.

Isolamenduan, beraz, jakina da bakartutakoa infektatuta dagoela; bigarrenean, berriz, zalantza dago, badaezpadako neurria da. Bakartzeak pazienteak infekzioa guztiz gainditu arte irauten du; berrogeialdiak, berriz, gaitza agertu eta hura sendatu arte, edo gaitza ez dela garatuko ziurtatu arte. Gaitzaren iraupena infekzio-eragilearen eta norberaren osasunaren araberakoa izaten da.

COVID-19a dela eta, Txinan, hasiera batean, foku nagusietako biztanleak isolatzen saiatu ziren, eta berrogeialdia ezarri zitzaien leku haietakoren batetik atera eta beste batera joan zirenei, adibidez, beren herrialdeetara itzuli ziren europarrei. Alabaina, neurriak ez ziren nahikoak izan SARS-CoV-2 birusaren hedapena gelditzeko, ez Txina barruan, ez handik kanpo.

Hala, bi neurri horiez gain, konfinamendua ere ezarri dute agintariek, gaitzaren hedapena moteltzeko eta, hala, osasun-zerbitzuek gainezka egitea (kolapsatzea) eragozteko. Berez, konfinamendua bestelako arriskuetatik babesteko erabili izan da: bonbardaketak, tiroketak… Oraingoan, birus batetik babesteko ezarri dute, baina ez osorik: agindua pixkanakakoa izan da, eta, une hauetan, populazioaren zati bati bakarrik eragiten dio: lan ekonomikoki ez produktiboa egiten duenari edo lan produktibo hori etxetik egin ezin duenari.

Askok zalantzan jartzen dute erdizkako konfinamenduaren eraginkortasuna, Italiako adibidea ekarrita gogora: han ere hala jokatu zuten lehen asteetan, baina, azkenean, konfinamendu osoa ezarri dute. Eta Espainian ere lehenbailehen ezartzea eskatzen dute askok, tartean, zientzialariek. Rovira i Virgili eta Zaragozako Unibertsitatean garatutako eredu matematikoaren egileek, esaterako, garbi adierazi dute: Espainia osoan ezin bada, gutxienez foku aktiboenetan ezarri beharko litzateke erabateko konfinamendua, lehenbailehen. Madril, Euskal Autonomia Erkidegoa, Katalunia, Gaztela-Mantxa eta Gaztela eta Leon dira foku horiek, haien esanetan.

Sortu duten ereduaren xedea da iragartzea izurriaren eragina populazio jakin batean, denboran zehar. Aldi berean, kontrol-neurrien ondorioak neurtzeko aukera ematen du, adin-taldeka banatuta. Eredua dagoeneko aplikatu dute Espainian, orain arte infektatutakoen, ospitaleratuen, Zaintza Intentsiboko Unitateen arreta behar izan dutenen eta hildakoen kopuruak aintzat hartuta, eta INE estatistika-institutuaren datu demografikoak eta mugimenduari buruzkoak erabilita. Emaitza hau da: mugikortasuna mugatzen duten neurriak hartu ezean, izurriak apirilaren lehen hamabostaldian joko du gaina Espainian, eta hil honen amaierarako gainezka egingo dute Zaintza Intentsiboko Unitateek. Lekuan leku, askoz ere lehenago iritsiko dira kolapsora. Erdizkako konfinamenduarekin bilakaera leunagoa izatea espero den arren, egileak ez dira baikorrak. Haien esanetan, erabateko konfinamendua ezarri behar da, eta azpimarra: ez da beren iritzia, ondorio zientifikoak dira.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.