Koronabirusa

ELA: «Jaurlaritza etengabeko publizitate kanpaina batean dago»

Urkulluren gobernuak iragarritako planak kritikatu ditu: «Ez du aurrekontuaren %1 ere bideratuko krisiaren ondorioei aurre egitera»

Amaia Muñoa, Mitxel Lakuntza eta Mikel Noval, atzoko prentsaurrekoan, ELAren Bilboko egoitzan. ELA.
Paulo Ostolaza.
2020ko ekainaren 25a
00:00
Entzun
«Oso kezkatuta» dago ELA Eusko Jaurlaritzarekin. Koronabirusak eragindako krisiari erantzuteko iragarri dituen planak oso eskasak iruditu zaizkio, ez diotelako «egoerari erantzuten». Sindikatuaren iritziz, «Jaurlaritzak ez du aldatu nahi bere politiken zentzua, eta etengabeko publizitate eta propaganda kanpaina batean murgilduta dago, bere diskurtso triunfalistarekin errealitatea ezkutatzeko».

Mikel Noval ELAren arlo sozialeko arduradunak azaldu zuenez, nagusiki bi kontugatik egin diote kritika Eusko Jaurlaritzari. Alde batetik, ELAren arabera, ez duelako «aurrekontuaren %1 ere bideratuko COVID-19aren ondorioei aurre egiteko planetara», iragartzen ari diren plan gehienak «hilabete batzuk lehenago onartutakoak» direlako. «Gainera, horietako asko oraindik ez dituzte aldizkari ofizialean argitaratu ere egin».

Adibide bat jarri zuen sindikatuak: «Jaurlaritzak, joan den astean, enplegua suspertzeko 140 milioi euroko plan bat iragarri zuen, baina horietatik hamar soilik dira berriak. Gainontzekoak lehenago onartutako aurrekontuei dagozkien planak dira, urtero errepikatzen direnak, eta, gure ustez, bide okerretik doazenak».

Beste alde batetik, Jaurlaritzak aurreikusi duen osasun gastuaren igoera «Espainiako Gobernutik jasoko duen kopurua baino askoz txikiagoa» dela salatu du sindikatuak. Lakuak esan du Osasunerako aurrekontua 200 milioi euro handituko dela, eta, egin dituzten kalkuluen arabera, Madrilen Susperraldi Ekonomikorako Funtsetik 600 milioi inguru jasoko dituzte. Printzipioz, zatirik handiena osasungintzarako da.

Egoerari aurre egiteko, lehendik aurkeztua zuen proposamenari eutsiko dio ELAk. Hartan, besteak beste, langabe guztientzat eskatu dute lanbide arteko gutxieneko soldata adinako langabezia saria; DSBE diru sarrerak bermatzeko errenta gutxieneko soldata adinakoa izatea; eta legez aitortzea mendekotasun egoera guztiak estaliko direla sistema publiko, unibertsal eta doako baten bidez.

Zerga erreformarik ez

Sindikatuak, gainera, kritikatu du Jaurlaritzak zerga erreformarik ez egitea: «Haren asmoa da zorra Madrilek uzten dion neurrian gehitzea». Hori, batetik, «subiranotasunari uko egitea» dela iritzi dio, eta, bestetik, «aurrekontu sozialen erronka bete ezin denean besteari errua egozteko aitzakia bat».

Horregatik exijitu du ELAk «bidezko zerga erreforma bat, biltzen den dirua taxuz gehitu eta tratu bereizkeria amaitu dadin errenta taldeen artean: lanekoak, enpresa eta kapital errenten kontra».

ELAren proposamenarekin, Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan 3.750 milioitik gora bilduko lirateke: «Zerga erreforma baztertzeak esan nahi du erabakitzen dela gaurko gastua bihurtzea biharko zor eta etziko murrizketa, 2008an bezala».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.