ana galarraga aiestaran
Koronabirusa. ZIENTZIAREN TALAIATIK

Saguzarrak jomugan

2020ko apirilaren 2a
00:00
Entzun
SARS-CoV-2 birusaren jatorria saguzarrak direla jakiteak jomugan jarri ditu animalia horiek. Joxerra Aihartza Azurtza EHUko zoologoaren taldeak urteak daramatza mundu osoko saguzarrak ikertzen, eta aspaldi hasi ziren haien birusen laginak jasotzen. Hain zuzen, azken laginketa duela hilabete eta erdi egin zuten, Afrikan, Ekuatore Ginean.

Aihartzak azaldu duenez, saguzarrak birus askoren gordailuak dira, ez soilik gizakira jauzi egin dezaketenenak. Horren arrazoiak ez daude guztiz garbi, baina, haien artean, bi nabarmendu ditu ikertzaileak: batetik, talde handitan bizitzeko joera, eta, bestetik, bizi-itxaropen luzea. Hala, saguzar-espezie batzuetan, koloniek milaka saguzar biltzen dituzte; eta Europako espezie bateko zaharrenek 40 urteko bizialdia izaten dute (antzeko neurriko ugaztun batek, sagu batek, adibidez, 2 urte inguruko bizi-itxaropena du). Bi ezaugarri horiek elkarrekin, aukera aparta ematen die birus ugariren ostalari izateko.

Aspalditik jakina da birus horietako batzuek gizakietara jauzi egiten dutela, eta izurriak sortzeko gaitasuna dutela. Horren erakusgarri dira, besteak beste, SARS, MERS edo ebola, eta batzuek susmoa dute azken boladan sarriago gertatzen direla halakoak. Aihartzak dioenez, litekeena da lehendik ere antzeko maiztasunez gertatu izana. Baina, lehen, gertatzekotan, animaliekin kontaktu zuzena zuten talde txikitan gertatuko zen, eta, ondorio txarrik izanez gero, ziurrenik toki jakin hartara mugatuko zen gaitza, eta beste lekuetan ohartu ere ez ziren egingo.

Egun, aldiz, basa-animaliekin harreman estua duten pertsonak ez dira hain bakartuta bizi, eta herriak lehen guztiz basatiak ziren eremuetan barneratu dira. Munduko edozein merkatutan aurki daiteke salgai animalia basatien haragia, askotan merkatu beltzean. Hortaz, asko areagotu da birusak animalietatik gizakietara jauzi egiteko arriskua, eta edonon gerta daiteke, gainera. Eta behin gertatuz gero, azkar heda daiteke mundu osora, gaur egungo bizimoduaren mugikortasunak laguntzaz. Aihartzaren iritziz, beraz, globalizazioak zerikusi zuzena du fenomeno horretan.

Ikertzaileen beste galderetako bat da nola lortzen duen duen saguzarren birus batek beste espezie bat, gizakia, infektatzea eta izurri bat eragitea. Aihartzaren esanean, horrek azalpen molekular bat eskatzen du. Azken argitalpenen arabera, badirudi COVID19an bi birusen elementuak aurkitzen direla, antza, mutazioz edo elkartu direnak: batetik, SARSa sortu zuen ferrasaguzarren birusaren antz handia duena, eta, bestetik, birusa gizakion zeluletan txertatzea ahalbidetzen duen genea, beste nonbaitetik hartua lukeena. Pangolina izan daiteke bigarren elementu horren jatorria.

Edonola ere, adituek aspaldi ohartarazi zuten halako zerbait gertatzeko arriskua zegoela, eta neurriak hartu behar zirela. Aihartzaren ustez, baina, beste kontu batzuei eman zitzaien lehentasuna.

Orain, beldur da pandemia hau saguzarren kalterako izango den. Eta argi du, saguzarrak jomugan jartzea baino, eraginkorragoa izango litzatekeela animalia basatien ezkutuko ehizaren eta merkatu beltzaren aurka egitea.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.