Joseba Zalakain.
Koronabirusa. GIZARTEA PENTSALDIAN

Oinordetza, desberdinkeria eta zergak

2020ko ekainaren 6a
00:00
Entzun
Azken urteetan asko hitz egin da gizarte mugikortasunari buruz, hau da, pertsonek beren jatorrizko egoera sozioekonomikotik abiatuz aurrera edo atzera egiteko dituzten aukerei buruz. Esan izan da, zentzu horretan, aukera horiek gero eta mugatuagoak direla, eta berebiziko garrantzia berreskuratzen ari dela norberaren jatorria etorkizunerako bizi-baldintza eta aukerak baldintzatzeko orduan. Zentzu horretan, herentzia edo oinordetza —hau da, jatorrizko familiak senide gazteei uzten dizkien ondasun ekonomiko, kultural edota erlazionalak— berriz ari omen da bilakatzen aukera berdintasunerako oztopo. Familiek seme-alabengan egin dezaketen inbertsioa, esaten du adibidez Esping-Andersen soziologoak, gero eta erabakigarriago izango da etorkizunerako ibilbideetan, batez ere kontuan hartzen badira ezagutzaren gizartean beharrezkoak izango diren trebetasunak.

Ekonomista askok kezka agertu dute aberastasunaren banaketari dagokionez gertatzen den desberdinkeriari buruz ere. Errenta desberdinkeria izan da kezka nagusia urte askoan—maila batean errazago neurtzen eta antzematen delako—, baina datu berriak argi ari dira jartzen nolako desberdinkeria izaten den ondasun edo aberastasunen banaketari dagokionez. Madrileko Unibertsitate Konplutentseko bi ikerlarik argitaratu berri duten lan baten arabera, ondasun desberdinkeria hori nabarmena da Espainian, batez ere finantza-ondasunari dagokionez. Hori, edozein kasutan, bagenekien: ez genekiena da desberdinkeria hori batez ere oinordetza edo herentzien ondorio dela. Ikerketaren arabera, aberastasun desberdinkerien %69 oinordetzei dagozkie, beste herrialde batzuetan baino gehiago. Erresuma Batuan, adibidez, %15 dira.

Era berean, ekonomistak ez ezik politikariak eta gizartea bera ere kezkatuta daude zahartze demografikoak ekarriko dituen ondorio ekonomikoak direla eta, are gehiago hasi berri dugun krisi honetan. Nola ordainduko dira pentsioak edota adineko pertsonek beharko duten osasun arreta? Nola ordaindu mendekotasuna duten pertsonek behar dituzten zaintzak? Plazaratu diren aurreikuspenen arabera, handia da gaur egun gai horretan egiten den gastua eta, demagun, hemendik 25 urtera egin beharko genukeenaren aldea. Herrialde askotan —Frantzian eta Alemanian, esaterako—, mendekotasuna duten pertsonen zaintza finantzatzeko kotizazio eta zerga berriak sortzea erabaki zuten, langile eta enpresarien artean ordainduak. Euskadin, Espainiako Estatuan bezala, ez zen horrelako beharrik ikusi. Osasun eta gizarte zaintzak behar bezala emateko zailtasun ekonomikoak nabarmenak dira, ordea.

Ba al da hiru kezka horiei erantzuna emateko biderik? Erresuma Batuan aspaldi proposatu zen Oinordetza eta Dohaintzen gaineko Zerga erabiltzea hiru arazo horiei —neurri batean behintzat— erantzuna emateko. Zentzu horretan, proposamena bikoitza da: alde batetik, zerga igotzea herentzia edo oinordetza jasotzen dutenek zerga handiagoak ordaindu ditzaten. Gaia eztabaidagarria den arren, pentsa daiteke zerga horrek lagundu dezakeela aipatutako aberastasun desberdinkeria leuntzen eta aukera berdintasuna, maila batean behintzat, errazten. Beste aldetik, zerga horretatik jasotako kopurua zuzenean zahartze demografikoarekin zerikusia duten zerbitzuetan gastatzea. Horrek, alde batetik, gizarte zerbitzu askotan ezartzen den koordainketa murriztea ahalbidetuko luke eta, era berean, mendekotasunari loturiko arriskuak maila handiago batean partekatzea. Hau da, mendekotasunaren zama ez lukete mendekotasuna duten pertsonek edo familiek ordainduko neurri handienean, baizik eta, orokorrean, mendekotasuna izateko arrisku handiena duten pertsonen ondorengoek.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.