Albistea entzun

PS ere batu da bozetarako ezkerreko frontera

Frantziako Alderdi Sozialistak aurreakordio bat sinatu du Melenchonekin. Itunak zalaparta eragin du alderdi barruan, eta kontrako ahotsak azaleratu dira
<b>Pierre Jouvet PS Frantziako Alderdi Sozialistaren negoziatzailea —erdian—, atzo, berria ematen.</b>
Pierre Jouvet PS Frantziako Alderdi Sozialistaren negoziatzailea —erdian—, atzo, berria ematen. MOHAMMED BADRA / EFE Tamaina handiagoan ikusi

Nagore Arin - Iñaki Petxarroman - Igor Susaeta -

2022ko maiatzak 5

Ekainaren 12an eta 19an egitekoak diren Asanbleako bozetara baturik aurkezteko bidean da Frantziako ezkerra. Joan den maiatzaren 1ean, akordioa egin zuten LFI Frantzia Intsumisoak eta EELV Europa Ekologia-Berdeek. PS Frantziako Alderdi Sozialistarekin eta PCF Frantziako Alderdi Komunistarekin bildu ziren gero bi alderdiak, eta PSk eta PCFk adierazi dute haiek ere batuko direla ezkerreko frontera. Komunistek herenegun jakinarazi zuten bat egin dutela Jean-Luc Melenchon buru duen Frantzia Intsumisoak egindako proposamenarekin, eta atzo sozialistak gehitu zitzaizkion hautagaitza bateratuari.

PSko ordezkariek azaldu zutenez, aurreakordio bat egin dute LFIrekin. Zehaztu zuten, baina, alderdi barruan zenbait gairen inguruan eztabaidatzen jarraitu behar zutela. PSko Kontseilu Nazionaleko kideek edukiko dute azken hitza. Gaur dira biltzekoak eta erabakia hartzekoak, baina, okerrik ezean, baiezkoa emango diote adostutakoari. Izan ere, organo horretan, alderdiaren belaunaldi berrikoak dira gehienak, eta horiek frontearekin bat egitearen alde daude.

Melenchonen alderdiarekin akordioa egiteak hautsak harrotu ditu PSn. Herenegun, Bernard Cazeneuve lehen ministro ohiak iragarri zuen alderdiko militantzia utzi egingo zuela akordioa berretsiz gero. Atzo Stephane Le Foll Le Mans hiriko alkateak iragarri zuen prest dagoela kanpaina egiteko eta akordioarekin bat egiten ez dutenen lidergoa hartzeko. «Uste dut badagoela beste ezker bat, berreraiki behar den beste ezker bat, eta azken bost urteotan eraman den ildo politikoa eztabaidatu nahi duena». Le Follek iraganekotzat jo du Melenchonen ezkerra, eta esan du beharrezkoa dela etorkizuneko ezkerra eraikitzea.

Jean-Christophe Cambadelis diputatua ere kritiko azaldu da. «Akordioak ez dio aukerarik ematen alderdi sozialistari den bezalakoa izateko», adierazi du. Olivier Faure PSren idazkari nagusia da itunaren sustatzaileetako bat, eta kontra daudenei «hausnartu» dezatela eskatu die.

Melenchonek EB Europako Batasunaren politiken inguruan azaldu izan dituen jarrerak daude PSko buruzagi askoren kritiken oinarrian. Kritika horiei erantzun nahi izan zien Frantzia Intsumisoak atzo. Adrien Quatennens koordinatzaileak ziurtatu zuen alderdiaren programan inoiz ez dutela jaso EBtik irteteko xedea. Alabaina, kritikatu egin du Europak merkatuaren lehiaren izenean monopolio publikoen sorrera debekatzea, eta beharrezkotzat jo ditu halakoak, energiaren alorrean, esate baterako. Ekologistak ere ez datoz bat Europari buruzko ikuspegi horrekin, eta bi alderdiek adostu dute Bruselaren irizpideei muzin egiteko aukera izatea.

Inkestetan, oso atzetik

Presidentetzarako bozen lehen itzulian, apirilaren 4an, Melenchon izan zen gehien bozkatutako hautagaien artean hirugarrena, botoen %22 eskuratuta. Politikariak Frantziako ezkerraren lidergoa hartu du, horrenbestez, geroztik. Ekologistek botoen %4,6 bildu zituzten, PCFk %2,2, eta PSk %1,75. Azkeneko datu hori aintzat hartuta, sozialistek badakite ez zeudela negoziazioetan baldintza askorik jartzeko moduan.

Alderdi txikien ordezkaritza bermatze aldera, ezkerreko indarrek adostu dute ehun bat barrutitan aurkeztea ordezkari ekologistak; horietako 30 irabazteko modukoak direla uste dute. Horiek horrela, ekologistek hamabost diputatu inguru bermatuko lituzkete. Alderdi komunistarekin 60 barrutitan egin dute akordioa, eta horietako hamaseitan irabazteko modua dutela iritzi diote. Hautagai sozialistak 70 barrutitan aurkeztuko dira ezkerreko blokearen ordezkari gisa, eta, banaketa horren bidez, 25 diputatu ateratzeko modua izango dutela uste dute.

Besteak beste, botoa ez banatzeko aurkeztuko dira batera ezkerreko alderdiak. Melenchonen asmoa da gehiengoa lortzea Asanblean, modu horretan Emmanuel Macron jarduneko presidenteari —etzi da kargua hartzekoa— kohabitazioa inposatzeko. Melenchon lehen ministro leloarekin hasiko dute kanpaina, hilaren 30ean. Nolanahi ere, azken inkesten arabera, Macronen alderdiak gehiengoa lortuko du legebiltzarrean (338-378 diputatu); Le Pen eskuin muturrekoarena izango litzateke gehien bozkatutako indarren artean bigarrena (110-140), eta ezkerreko frontea hirugarrena (70-90).

Sareko BERRIAzalea:

Irakurri berri duzun edukia eta antzekoak zure interesekoak badira, eskari bat egin nahi dizugu: Berria diruz babestea.

Zuk eta zure gisako sareko milaka irakurlek egindako ekarpenarekin, eduki gehiago eta hobeak sortuko ditugu. Eta, zuekin osatutako komunitateari esker, publizitateak eta erakundeen laguntzek bermatzen ez diguten bideragarritasuna lortuko dugu.

Euskarazko kazetaritza libre, ireki eta konprometitua eskaini nahi dizugu egunero; bizi zaren munduaren eta garaiaren berri ematen segitu.

Albiste gehiago

Melillako hesiak marraztak izan ohi ditu goialdean, Marokok kontrolatzen duen aldean. ©MARIA TRASPADERNE / EFE

Itsasoak ere baditu mugak

Jone Arruabarrena

Burdinazko hesi batek inguratzen du Melilla; mendietatik hasi eta itsasoraino hedatzen da. Herritar batzuek ihesi datozen migranteei laguntzen diete.
AEBetako jatorrizko herrien protesta bat, artxiboko irudi batean. ©E. GARCIA / EFE

Ezin eska indigenei besteek ezin dutena

Urtzi Urrutikoetxea

Erreserbak lurralde subiranoak izanik, abortatzeko debekutik kanpo daudela iradoki dute, baina asko uzkur daude. Begiradak oraintxe bideratu dira jatorrizko herrietara, baina gogoratu ere ez dira egin haietaz hamarkadotan utzikeria sufritu dutenean.
Serko Kaniwar da Zarok TV telebista kateko aurkezleetako bat. ©BERRIA

Haurrentzako telebista kate batek bizirik eusten dio kurduerari

Lara Villalon

Zarok TV kateak emititzen jarraitzen du, Ankarak aginduta itxi zuten arren. Kurdueraren dialekto guztietan ematen ditu saioak, eta helduek ere ikusten dute, hizkuntza ikasteko.
Polizia operazioaren kontrako manifestazio bat. ©BERRIA

Erdoganek prentsa librea isilarazi du

Orsola Casagrande

Iragan ekainaren 8an polizia operazio bat egin zuten zenbait kazetariren eta hedabideren kontra, Diyarbakirko fiskalak aginduta: hogei kazetari hartu zituzten atxilo. Turkiako Gobernuak prentsa askea mugatu nahi du.

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.

Iruzkinak kargatzen...