Odolez zikindutako lurrak

Kolonbia hego-ekialdeko Cauca departamenduan, indarkeria eguneroko bilakatu da. Urriaren amaieran, astebetean hamasei pertsona hil zituzten zenbait liskarretan. Narkotrafikoaren inguruko taldeak eta nasa indigenak daude lurralde estrategiko horren kontrola lortzeko borroka amaigabean.

Militar bat, Cauca departamenduko Lopez de Micay herrian. Eskuldean bortizkeria arazo larri bat dute, eta gero eta larriagoa da egoera. E. GUZMAN JR / EFE.
2020ko urtarrilaren 9a
00:00
Entzun
Caucako nasa indigenen aurkako indarkeriak ez du etenik. Caucako Indigenen Eskualde Kontseiluak (CRIC) esan duenez, 2018. urtean 22 indigena hil zituzten Kolonbia hego-ekialdeko departamendu horretan. Iaz, ordea, gutxienez 56 izan ziren hildakoak. FARCek eta Kolonbiako Gobernuak bake akordioa sinatu zuten 2016an, baina, halere, Caucako hilketen egungo zifra konfrontazio gogorreneko garaian bezain handia da.

Urriaren amaiera bereziki odoltsua izan zen Cauca iparraldean. Tacueyoko sarraskia gertatu zen Toribion, non guardia indigenari eraso egin eta gutxienez bost pertsona hil zituzten. Astebetean zazpi indigena hil zituzten, horien artean Cristina Bautista liderra, bai eta beste lau topografo eta polizia bat ere. Guztira, hamasei hildako zazpi egunetan.

Hori ikusita, Ivan Duque Kolonbiako presidenteak 2.500 militar gehiago bidali zituen hara, talde armatuen aurka egiteko. Izan ere, gobernuak dio FARCeko disidentzia, ELN eta narkotrafikatzaile taldeak direla hilketen egileak. Caucako nasa indigenen iritzia, ordea, bestelakoa da. Jhoe Sauca CRICeko buruak azaldu duenez, «narkotrafikatzaileen zerbitzura» dauden taldeak dira erasotzaileak: «Talde horiek ez daude antolatuta, eta ez dute helburu politikorik; soilik tirokatu egiten dute, inolako elkarrizketarik gabe». Lider indigenek Sinaloako kartel mexikarrari ere egozten dizkiote hilketak, baita narkotrafikorako haurrak errekrutatzen jardutea ere. Hala zehaztu du Luis Fernando Ariasek, Kolonbiako Indigenen Erakunde Nazionaleko (ONIC) kontseilari gorenak: «Sinaloako karteleko disidentziak prezioa jarri die lider eta guardia indigenen buruei, eta mehatxuak zabaldu dituzte eskuorrietan».

Ez da kasualitatea hildako gehienak guardia indigenako kideak izatea. Haiek arduratzen dira herritarrak eta haien lurrak babesteaz. Guardia indigenen iritziz, jomugan jarri dituzte, lurrak «inoiz baino sutsuago» defendatzeagatik. Luzea bezain odoltsua da lurren kontrola eskuratzeko borroka; amaiezina. Herri indigenak harrapatuta daude talde armatuen liskarren erdian. Cauca departamendua bereziki arriskutsu bilakatu da lurrak defendatzen dituztenentzat.

Lurralde estrategikoa

Caucak osagai guztiak ditu gatazkatsua izateko. Ez dago estatuaren kontrolik, legez kanpoko meatzaritza eta narkotrafikoa daude, eta gutxienez zortzi talde armatu lurren eta narkotrafikorako bideen kontrola lortu nahian.

Izan ere, Cauca eremu estrategikoa da narkotrafikatzaileentzat. Kokapenagatik, derrigorrezko igarobidea da inguru horietan ekoitzitako droga herrialdetik ateratzeko. Ozeano Pazifikoa eta mendikate zentrala lotzen dituen Naya ibaiaren alboan dago. Halaber, mendebaldea eta ekialdea lotzen ditu Kolonbiako erdigunearekin.

Marihuana eta koka plantazio ugari daude departamenduan, eta bertako familia askoren diru iturri bihurtu dira. Kontuan hartzekoa da Cauca Kolonbiako departamendurik pobreena dela —biztanleen %62 pobreak dira-, NBEren 2015eko ikerketa baten arabera. Aldi berean, desorekarik handiena duen departamendua da, diru sarrerei eta bizi kalitateari dagokionez.

Legez kanpoko negozioek eragin handia dute, Caucan ez ezik, Kolonbiako ekonomian ere. Azken ikerketen arabera, herrialdeko BPGaren %2 narkotrafikoak hartzen du —19,5 mila milioi dolar—.

Gobernuaren erantzuna

Kolonbiako Gobernuak egin izan ditu ahaleginak droga trafikoa desegiteko, baina ez du lortu emaitzarik. Horren adibide da 1999an AEBekin batera hasitako Kolonbia Plana. Batetik, AEBek Latinoamerikan duten esku hartzea handitzeko balio izan du. Bestetik, milaka milioi xahutu dituzte legez kanpoko plantazioak hondatzeko; erabilitako glifatoak kalteak eragin dizkie ingurumenari, nekazariei eta indigenei. Irtenbiderik ez, beraz. Militarizazioa oso handia den arren, nazioarteko erakunde sozialek salatu dute narkotrafikatzaileak «askatasun osoz» mugitzen direla, «indar armatuen begiradapean».

Azken hilketek bultzatuta, Duque presidenteak martxan jarri du Caucako gizarte eraginerako plan bat. 1,3 bilioi peso (390 milioi dolar) inbertituko dituzte «arazoa amaitzeko». Miguel Ceballosek, bakerako goi ordezkari eta planaren koordinatzaileak, adierazi du indigenek mendeetan landu dituztela lurrak, eta «lagundu» egingo dietela, legez kanpoko laborantzak beste uztekin ordezkatzen. Gogoratu du Cauca laugarren departamendua dela kafe ekoizpenean. Planaren asmoa da enpresa eta proiektu berriei laguntza ematea, eta azpiegitura gehiago eraikitzea. Osasun eta hezkuntza sistemak hobetzen ere inbertitu nahi dute.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.