Reala-Athletic Kopako finala apirilaren 3an jokatuko da, larunbatez

ainara arratibel gascon
2021eko urtarrilaren 29a
00:00
Entzun
Espainiako Futbol Federazioak ofizial egin du: Athleticen eta Realaren arteko Kopako finala apirilaren 3an jokatuko da,espero zena baino egun bat lehenago, Sevillako Cartujan. Zail dirudiena, hala ere, zaleak egotea da. Federazioak oharrean dio, finala baino hilabete lehenago, bi klubak eta Espainiako Kirol eta Kultura Ministerioak bilera egingo dutela, COVID-19aren egoera zein den aztertu, eta azken erabaki bat hartzeko. Beti ere Osasun Ministerioaren irizpideak kontuan hartuta.

Berez finala iaz jokatzekoa zen, apirilaren 18an. Euskal futbolaren festa izatekoa zen. Eta zale ugarik askoz lehenagotik erreserbatuta zituzten Sevillan hotelak eta ostatuak, festa hori bizitzeko. Baina pandemiak zapuztu zuen azkenean dena. Bi klubak harremanetan egon ziren Federazioarekin, eta hark mahai gainean jarri zien ateak itxita jokatzeko aukera. Baina bi klubetako presidenteek argi zuten, nahiago zutela zaleekin izatea, eta hori dela eta atzeratzea adostu zuten azkenean.

Federazioak ontzat eman zuen proposamena, eta baldintza bakarra jarri zuen: aurtengo finala jokatu baino lehenago izatea, eta azkenean atzo egin zuen ofizial data. Bi taldeek txapelketa ikusgarria jokatuta iritsi ziren finalera. Final-laurdenetan Athleticek Bartzelona utzi zuen kanpoan, Williamsek sartutako gol bati esker, San Mamesen; Realak, aldiz Real Madril, Bernabeun. 3-4 irabazi zuen Imanolen taldeak, Odegaardek, Isakek, Merinok eta Gorosabelek egin zituzten golak.Finalerdietan zuri-gorriek Granada azpiratu zuten, eta txuri-urdinek Mirandes. Laugarrenaldia izango da bi euskal talde nor baino nor gehiago ari direla Espainiako Kopako batean. Aurrekoak aspaldi izan ziren: 1910ean Athletic-Baskonia; 1913an Racing Irun-Athletic; eta, 1927an Real Union-Arenas. Realaren eta Athleticen artean 46 aldiz egon dira Espainiako finalean. Zuri gorriak 23 aldiz izan dira txapeldun, eta txuri-urdinak behin.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.