Irakeko inbasioa. 20. urteurrena. Lily Hamourtziadou. Iraq Body Count-eko kidea

«Askok sinesten zuten Irak demokrazia liberal bat bilakatuko zela»

Ikertzaileak nabarmendu du gerra «baliagarria» izan zela potentzia handientzat; «hondamendia», aldiz, irakiarrentzat, «segurtasuna bermatzeko gai ez den herrialde batean» bizitzera kondenatu zituelako.

BERRIA.
arantxa elizegi egilegor
2023ko martxoaren 19a
00:00
Entzun
Birminghamgo (Erresuma Batua) Gizarte Zientzietako Eskolako irakaslea eta Iraq Body Count erakundeko sortzailea ere bada Lily Hamourtziadou. Ikertzaileak hoegi urte daramatza Irakeko inbasioaren ondorioak dokumentatzen, eta lan horretan jarraitzeko asmoa du aurrerantzean ere.

Ikusi gehiago:Hogei urte beteko dira bihar AEBek Irakeko inbasioa hasi zutela

Irakeko gerraren jarraipena egiteko jaio zen Iraq Body Count erakundea. Baina gatazka 2011n eman zuten amaitutzat, eta zuek lanean jarraitu duzue, zergatik?

Irakeko inbasioak epe motzean eta luzean herritarrengan zituen ondorioak dokumentatzeko sortu zen erakundea. [AEBetako presidente] George W. Bush presidenteak 2003ko maiatzaren 1ean inbasioa amaitutzat eman zuen arren, gerra hasi besterik ez zen egin. AEBek eta Erresuma Batuak osatutako koalizioak 7.500 zibil hil zituen inbasioaren lehen sei asteetan; baina hortik aurrera ere Iraq Body Countek jarraitu zuen zibilen hilketak dokumentatzen, hasi koalizioak eragindakoetatik eta Estatu Islamikoak eragindakoetaraino. Inbasioa 2003ko maiatzean amaitu zen arren, gerrak jarraitu egin zuen. Uste dugu gure eginbehar morala dela irakiarrek bizi izan duten eta hogei urte geroago bizi duten giza hondamendia dokumentatzen jarraitzea.

Nola aldatu da Irakeko egoera azken urteetan?

Gerra ez zen amaitu duela hamabi urte. 2011n gertatu zena izan zen AEBetako tropak erretiratu egin zirela Iraketik. Erretiratzea gertatu eta 2014an Washington Irakeko hiriak berriz bonbardatzen hasi artean, 20.000 zibil hil zituzten. 2014an, Estatu Islamikoa Iraken sartu ondoren, beste lau urtez bonbardatu zuten AEBek Irak; tarte horretan 15.000 zibil hil zituzten. AEBen bonbardaketetan hildako azken zibilak 2020ko martxokoak dira; EI 50.000 zibil irakiarren hilketen erantzule da. Tamalez, 2011n ez zen ezer amaitu.

Zeintzuk izan ziren Irakeko inbasioaren atzean egon ziren benetako arrazoiak?

Inbasio haren arrazoiak inbasio guztien atzean dauden berak dira: nork bere interesak babestea. Potentzia handien segurtasun estrategia ohikoenetako bat da inbaso bat abiatzea dagoeneko haren gertukoa ez den erregimen bat aldatzeko. Aliatu batek aliatu izateari uzten dionean, eta ez denean baliagarria potentzia handi batentzat (ekonomikoki, politikoki edo estrategikoki), aliatu ohia mehatxu bilakatzen da beste herrialdearen interesentzat, eta beharrezko bilakatzen da erregimena aldatzea.

Potentzia handientzat gerra baliagarria izan zen, baina irakiarrentzat hondamendia izan zen. Milaka errugaberen bizitzak galdu ziren; baina, aldi berean, matxino talde indartsuak ere sortu ziren, baita talde terrorista eta milizia ugari ere, beste milaka lagun gehiago hil zituztenak. Horrek milioika desplazatu ere eragin zituen. Ihes egin ezin zutenak muturreko pobrezian, beldurrez eta segurtasunik gabe bizitzera kondenatuak izan ziren, bere burua demokratikotzat jo arren, herritarren segurtasuna bermatzeko gai ez den herrialde batean.

Zer herrialde mota utzi du Irakeko inbasioak?

Irak diktadura bat zen 2003a arte. Gizarte ahula zuen, sekten arabera banatutakoa. Estatuaren ekonomia gain behera zihoan, urteetako gerren eta zigorren ondorioz; politikoki ere ahula zen, diktadoreak ez zuelako babesik, ez etxean, ezta atzerrian ere. Inbasioa babestu zutenek ezin zuten irudikatu haren ostean herrialdea okerrago gera zitekeela; egiaz, askok sinesten zuten Irak demokrazia liberal bat bilakatuko zela, gizarte baketsu eta inklusibo batekin, non giza eskubideak babestuak izango ziren. Aldiz, estatu biolento, hauskor eta ezegonkor bat dute; egunero hilketak, giza eskubideen urraketak gertatzen diren estatu bat, non pobrezia eta langabezia nagusi diren.

Munduko estatu boteretsuenetako batek egindako 2003ko lehen erasoaldi haren ondoren, urteetako okupazioa, matxinada, terrorismoa eta estatuaren kontrola lortzeko borrokak heldu ziren. Etxean talka egiten zuten suniten, xiitten, kurduen, muturreko islamisten, laikoen eta musulman ez zirenen interesek; nazioartean aurrez aurre zeuden AEBen eta Erresuma Batuaren, eta Iranen eta Siriaren interesak, guztiek nahi baitzuten beren eragin ekonomikoa, politikoa eta ideologikoa handitu, edozein preziotan. Ondorioz, herrialde hondoratu bat utzi du inbasioak.

Izan zen irabazlerik 2003an hasitako gerra hartan?

Inbaditzaileek irabazi zuten gerra. Egitura neoliberal bereziki gogorra ezarri zuten, eta herrialdea utopia neoliberal batean bilakatu. Saddam Husseinen erregimena garaitu zutenean, eta Behin-behineko Koalizioaren Agintea ezarri, Paul Bremer buru zuela, hainbat neurri jarri zituzten indarrean, besteak beste, estatuarenak ziren 200 konpainia pribatizatuz, atzerriko enpresei Iraken zituzten aktiboen %100ari eusteko aukera eskainiz eta banku sistema goitik behera aldatuz. Irakeko estatuari ukatu egin zioten subiranotasun ekonomikoa, baita bere auzietan erabakiak hartu ahal izatea ere. Kolpetik, lanik gabe geratu ziren milioi erdi irakiar baino gehiago.

Gerraren sustatzaile nagusiak, AEBak, Erresuma Batua eta Espainia, ez zituzten zigortu.

Gerraren ezaugarri nabarmenetako bat izan da justiziarik egin ez izana. Irakeko milaka zibil hil zituztela frogatzeko elementuak egon arren, ez da ikerketarik egin, ez da atxilotu edo epaitu inbasioaren, okupazioaren, hilketen eta torturen erantzulerik. Bushek, [Erresuma Batuko lehen ministro Tony] Blairrek eta [Espainiako gobernuburu Jose Maria] Aznarrek eta euren armadek ihes egin diote justiziari, eta hildakoen gaineko erantzukizun oro terroristen gain utzi da. Mendebaldeak onartu egin du hori, eta militarrak moralaren armada balira bezala onartu ditu; baina, aldi berean, ahots berberek Errusiako buruzagi politiko eta militarrak epaitzeko eskatzen dute, Ukrainan egindako krimenegatik.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.