KRITIKA. Opera

Lana, ondo egina

Il Lombardi alla Prima Crociata opera, Bilboko Euskaldunan. E.MORENO ESQUIBEL.
2019ko urtarrilaren 25a
00:00
Entzun

'Il Lombardi alla Prima Crociata'

Musika zuzendaria: Riccardo Frizza. Eszena zuzendaria: Lamberto Puggelli. Bakarlariak: Ekaterina Metlova, Roberto Tagliavini, Jose Bros, Sergio Escobar, Jessica Stavros. Abesbatza: BilbokoOpera Abesbatza. Musikariak: Euskadiko Orkestra Sinfonikoa. Lekua: Euskalduna jauregia, Bilbo. Eguna: Urtarrilak 22.

OLBEk kalitate handia erakutsi du Parmako Teatro Regioren ekoizpenean; oso gutxi taularatzen den opera bat: G. Verdiren Il Lombardi, hain zuzen. Arriskutsua da erlijio folletoia duen libreto zaharkitua gaur egun antzeztea; are gehiago, gaztaroko asmakizuna denean. Baina kasu honetan, opera emanaldiak interesa zeukan: Verdi bezalako egile baten ibilbide musikala ezagutzea; baldintza batekin: hots, ondo asmatzea musikariekin, abeslariekin eta eszenarekin. Riccardo Frizza zuzendariak Verdi jatorra eskaini du, guztiz korala den operan. Haren eskuetan Euskadiko Orkestra Sinfoniko boteretsuak bikain jo du epikoak diren fanfarreetan zein tarte liriko edo dramazkoetan. Aipatu behar da Waldemar Machmar EOS-eko concertinoak biolinarekin erakutsi zuen bertutea, hirugarren ekitaldiko preludioan. Beste horrenbesteko edertasuna aitortu behar diegu Bilboko Opera abesbatzak eman zituen kantu ugariei. Nabarmentzekoak dira O signore, dal tetto natio erromesen koroa zein emakumezkoek abestu zituzten erreguak edo bakerako deialdiak.

Bakarlarien alorrean, berriz, guztien gainetik Ekaterina Metlovaren kantaldia goraipatu behar dugu, Giselda protagonistaren rolean. 2010ean, Bilboko Kantu Txapelketa irabazi zuen sopranoak aise gainditu zuen Verdik sopranoari jarritako oztopo lasterketa; hau da, ia denbora guztian abesten dabil, deabruzko tesituretan saltoka. Errusiarrak teknika, garbitasuna eta indarra erakutsi zituen, eta zati lirikoetan ñabardurak egin. Roberto Tagliavini baxuak ez zuen adierazi afonia zantzurik, eta zabal-zabal abestu zuen, Pagano gaiztoaren interpretazio ederrean. Pena handia hartu genuen Jose Bros-en kantaldian. Nabari zen eztarrian duen gaixotasuna, eta, nahiz eta hasierako ahots erasoetan bere tinbre polita haizeratu zuen, ezin izan zituen esaldiak ondo biribildu. Asko gustatu zitzaigun Sergio Escobar tenorraren kantaldia, Arvinoren rolean. Ahots distiratsua, zabala eta ñabardurez beterikoa.

Eszenari dagokionez, Lamberto Puggellik baleko irudien bitartez girotu zuen kartoizko istorioa, ia dekoraturik gabe. Ikuspuntu baketsua erantsi zion gurutzaden epopeiari, horretarako, gerrako kantuetan errealitatea erakusten zuten irudiak jarrita —Picassoren Gernika, juduen aurkako txikizioarenak, eta abar—. Argiztatzea ere egokia: hasieran, Milango grisa erabili zuten, eta Jerusalemeko argitasuna bukaeran, jantzi aproposekin.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.