Euskaltzaindiak eta Eusko Ikaskuntzak jasoko dute Ibilbidearen Elkar saria

Ehun urte bete dituzte bi erakundeek, eta Elkar fundazioak, aitortzaren bidez, gogora ekarri nahi izan du egiten duten lanaren garrantzia

Iñaki Dorronsoro Eusko Ikaskuntzako presidentea, mendeurrena ospatzeko ekitaldian, iaz, Oñatin. MARISOL RAMIREZ / FOKU.
Miren Garate.
2019ko maiatzaren 4a
00:00
Entzun
Sortu zirenetik, ibilbide propioa egin dute bai Eusko Ikaskuntzak, bai Euskaltzaindiak. Hala ere, Elkar fundazioko kideen esanetan, badituzte antzeko zenbait ezaugarri. Esate baterako, Euskal Herria bere osoan hartzen duten erakundeak dira biak, Euskal Herri osoari begira lan egiten dutenak: «Esan daiteke, beraz, euskararen herria egituratzeko nahitaezko elementu direla, beste erakunde askoren artean».

Euskara eta euskal kultura, herri kultura zein kultura jasoa zaindu, landu eta zabaltzeko duten helburua da biek duten beste ezaugarrietako bat; Euskaltzaindiak batez ere hizkuntza du langai, eta Eusko Ikaskuntzak, berriz, jakintza. Halaber, elkarlanaren eredu izan dira beren jardueran. «Alde batetik, talde zabalen bidez egin dute lan, talde lana sustatuz eta jendearen parte hartzea bilatuz. Bestetik, elkarlanerako ateak zabalik izan dituzte; Euskal Herriko herri zein gizarte eragileekin batera aritu dira lanean».

Arrazoi horiek aipatu ditu fundazioak aurtengo ibilbidearen Elkar saria bi erakundeei emateko erabakia arrazoitzeko. «Bakoitza berean, ikur izan dira Euskal Herriarentzat, erreferente eztabaidaezin. Eta, garrantzitsuago dena, ehun urteren ondoren bizirik eta indarrez daude, eta ikur izaten jarraitzen dute etorkizuneko Euskal Herria eraikitzeko orduan».

Maiatzaren 9an egingo da sari-banaketa ekitaldia, 19:00etan, Andoaingo (Gipuzkoa) Bastero kulturgunean. Eta ekitaldi horretan bertan banatuko dute Proiektuaren Elkar saria ere. Orain aste batzuk iragarri zuen fundazioak Euskal Herria Zuzenean festibalarentzat izango zela sari hori.

Horrez gain, iaz emandako Joseba Jaka bekaren laguntzarekin Ma kolektiboak egin duen Lua kastore dantza eta antzerki ikuskizuna ere orduan estreinatuko dute.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.