KRITIKA. Donostiako 80. Musika Hamabostaldia

Luxu erromantikoaren irekiera

Seong-Jin Cho piano jotzailea. HOLGER HAGE / DONOSTIAKO MUSIKA HAMABOSTALDIA.
2019ko abuztuaren 3a
00:00
Entzun

Mahler Chamber Orkestra



Zuzendaria: Jakub Hrusa. Pianoa: Seong-Jin Cho. Egitaraua: Felix Mendelssohnen Hebridak obertura, Frederic Chopinen Pianorako 1. Kontzertua, eta Ludwig van Beethovenen 4. Sinfonia. Lekua: Donostiako Kursaal auditoriuma. Eguna: Abuztuak 1.

Mahler Chamber Orchestrak Musika Hamabostaldiaren inaugurazio egunean eman zuen kontzertuaren inguruan esan edo idatzi litekeen edozer kritika bat izatetik urrun egongo da halabeharrez. Hogei bat herrialdetako musikariak biltzen dituen orkestra horren handitasuna agerian geratu zen Felix Mendelssohnen Hebridak obraren lehen akordeak goxotasunez oholtzatik atera eta olatuen antzera Kursaala bete zuten unetik. Erromantizismoaren izpiak airean, Jakub Hrusaren keinua dotore jantzi zen, Fingalen haitzulorako bidaian orkestra malgutasunez gidatuz.

Pianoa agertokian sartzeko behar izan ziren minutuek entzuleon ikusmira areagotu baino ez zuten egin, arrazoi osoz. Seong-Jin Chok —2015. urtean Chopin Nazioarteko Lehiaketan lehenengo saria erdietsi zuen horrek— bere instrumentua maisuki menderatzen duela gutxi esatea da. Batzuetan kopeta zimurtuz, bestetan giltzei irribarrez, pianoarekin jolastu, hitz egin eta eztabaidatu ere egiten duela dirudi, betiere eite barea mantenduz. Frederic Chopinen Pianorako 1. Kontzertua instrumentu honen luzimendurako idatzita dago, eta orkestrak bere rola bigarren mailan bete behar izatea eragiten du horrek gehienetan. Oraingoan, haatik, korearrak agertutako ulermen eta sentikortasun sakonak orkestrari ere ñabardurak atera zitzan gonbita egin zion. Sinbiosi horri publikoak txalo-zaparrada amaigabeaz eman zion erantzuna, eta horrek Chopinen Nokturnoa do sostenido minorrean (B. 49) jaso zuen bis gisa.

Atsedenaren ostean, Ludvig van Beethovenen jeinu erromantikoarekin geneukan hitzordua, lasaiagoa omen datorren bere 4. Sinfonia-rekin. Hrusak bizitasunez egin zuen bidea, batzuetan gehiegizkoak ziruditen keinu eta imintzio tematiak landuz. Berak dantzaz eta saltoz eskatutakoa gorputz osoz eman zigun orkestrak. Dinamiketan oparo eta haizea bereziki eder, instrumentuen eta zuzendariaren arteko hartu-emana une oro atzeman zitekeen. Harribitxiez ulertzen ez duen luxuak ireki du Hamabostaldia.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.