Donostiako 80. Musika Hamabostaldia

Abiatu da Antzinako Musika Zikloa, sei emanaldiko eskaintzarekin

Erredakzioa
Donostia
2019ko abuztuaren 6a
00:00
Entzun
Musika Hamabostaldiko ziklorik «arrakastatsuenetariko» bat da Antzinako Musika Zikloa. Hala berresten dute urtetik urtera kontzertu ia denak goraino betetzen dituzten ikusleek. Atzo abiatu zen aurtengoa, eta egunero emanaldi bat egingo dute, larunbata bitarte. Denak 18:00etan izango dira, Donostiako Santa Teresa komentuan. Salbuespen batekin: azkena, abuztuaren 10ekoa, Zorroagako elizan izango da, eta Collegium Musicum taldeak musika eta antzerkia gurutzatuko ditu.

Iaz baino kontzertu bat gehiago hartuko du zikloak; sei denera. Cantoria laukoteak atzo abiatu zuen zikloa, Errenazimentuko musika iberikoarekin —Artziniegan (Araba) ere egin zuen taldeak emanaldia, herenegun, Musika Aitzaki Zikloan—. Gaur, Al Ayre Español talde aragoiarrak Pasacalles & Chaconas programa aurkeztuko du, Corelli, Muffat, Caldara eta Couperinen obrekin.

Biharkoa Barbara Strozziren omenezko saioa izango da, Ars Atlantica taldearen eskutik. Konpositore italiarra jaio zela 400 urte betetzen dira aurten, eta haren kantata ezezagunak berreskuratuko dituzte. Maria Espadaren eta Marta Infanteren ahotsen alboan, viola da gambak, artxilauteak eta harpak osatutako hiruko instrumentala ariko da.

Etzitik aurrerakoak

Ostegunean, abuztuaren 8an, Gli Incogniti talde italiarra entzuteko aukera izango da. Johann Sebastian Bach bihurtuko dute kontzertuko protagonista; luzez harenak direla uste izan diren obrak joko dituzte, egun egiletza hori zalantzan jartzen bada ere. Ostiralean, berriz, Ensemble Diderotek egingo du zikloko azken aurreko emanaldia: Ingalaterraren eta Europaren arteko harremanaz ariko dira, musikatik betiere.

Zikloa ixteko, Collegium Musicum Juan Sebastian Elkanoren itsasaldiaz ariko da larunbatean. Antonio Pigafettak duela bostehun urte idatzitako kronika abiapuntu, sasoi hartako kantutegia eta herrialde askotako herri melodiak tartekatuko dituzte.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.