Beiruteko portuko leherketa. Mariana Fodulian. Biktimen Familien Elkarteko ordezkaria

«Borroka egingo dugu, azkenean hamar baino ez bagara ere»

Portuko leherketan ahizpa galduz geroztik, lana utzi du Fodulianek, eta justizia egitea da haren helburu bakarra. Biltegian «amonio nitratoa baino zerbait gehiago» ere bazela uste du, baina ez dietela esan nahi.

Joan Cabases Vega.
Beirut
2022ko abuztuaren 4a
00:00
Entzun
Mariana Fodulianek dio bere ahizpa Gaiak ez zuela bizia galdu, baizik hil egin zutela. Azken bi urteetan, justizia lortzeko borrokan aritu besterik ez du egin, eta, dioenez, sendabidearen parte du hori. 2020ko abuztuaren 4an Beiruteko portuan izandako leherketaren Biktimen Familien Elkarteko ordezkaria da. Libanon zigorgabetasunaren erregimen esaten dioten horren kontra borrokatzen da talde hori, baina baita herrikideen eszeptizismoaren kontra ere, biztanleek ez baitute uste prozesu judizialek ezer ekarriko dutenik.

Bi urte borrokan. Indartsu zaudete oraindik? Zenbateraino?

Leherketa izan zenean, Libanoko politika nola doan ikasi behar izan nuen, zer gertatzen ari zen ulertzeko. Orduz geroztik, lana utzi dut, eta justiziaren aldeko borrokara emana bizi naiz. Ezin dugu esan indartsu gaudenik, baina esan dezakegu justizia nahi dugula eta horretarako ari garela borrokan.

Hemen, Libanon, zerbait txarra gertatzen den aldiro, jendeak besterik gabe espero izaten du ez dela berriz gertatuko, eta kito, aurrera. Baina oraingoan ez da posible. Munduko leherketarik handienetan hirugarrena izan zen. Biktima guztiak etxean zeuden, edo lanean. Ez zebiltzan ezein gatazkatan, borrokarako asmoz armak hartuta.

Agintariek kanpaina bat abiarazi dute leherketa ikertzen saiatu diren bi epaileen kontra.

Tarek Bitar buru duen ikerketak blokeatuta darama zazpi hilabete. Horren aurretik beste epaile bat izan genuen, Fadi Sawan. Eginahalak egin zituzten hura ikerketatik egozteko. Motiboa, hauxe: haren emazteak etxe bat zuela Axrafiehn [Beiruteko portuko barrutian], eta etxe hori suntsituta geratu zela leherketaren ondorioz. Paradoxa da, zeren, hasieran, beraiek jarri baitzuten epaile hori kargu horretan, kasua ikertu zezan. Baina, orduan, Sawan zenbait ministro ohiri deitzen hasi zen galdeketa egiteko, eta orduantxe hasi zen klase politikoa etxe horretaz hitz egiten.

Zer sentitzen duzu politikariak ikusten dituzunean ikerketaren kontra egiten?

Gure familian, ni baino ez naiz ari justiziaren alde borrokan. Ama atzerrian dago, eta esaten du Libanon sekula ez dela justiziarik izango. Nik, berriz, beti esaten dut ez dela esperantza galdu behar. Borrokan segitu behar da. Azkenean hamar lagun baino geratzen ez bagara ere. Ni libanoar-armeniarra naiz; ehun urte pasatxo pasatu dira armeniarren genozidiotik, eta beti ari gara horretaz hizketan. Bada, beste hainbeste egin behar dugu leherketarekin ere. Klase politikoak ekinean dihardu ea zein nekatzen den lehenago: beraiek edo gu.

Maiatzeko bozetan, jendeak politikari berberei eman die botoa.

Jendeak irudipena dauka politikariek ematen dietela bizitzeko modua herritarrei, eta sinetsarazten diete norbanakoek ezingo luketela ezer askorik egin talde politikoei bizkarra emanez gero. Horrez gainera, botoak erosi ere egiten dira. Manipulazioa da.

Zer gertatu zen leherketa izan zen egunean?

Gure ahizpa amarekin zegoen, Mar Mikhaelgo tailer batean zurezko pieza batzuk lantzen, portuaren aurrez aurre. Eraman zieten zura ez zen ona, eta, beraz, amaren etxera joan ziren. Zorionez; zeren, bestela, biak galduko bainituen.

Ni lantokian nengoen. Irteteko prestatzen ari nintzen, eta, bat-batean, lurrikara sentitu nuen. Sekulakoa izan zen. Berehala pentsatu nuen eraikina gainera eroriko zitzaigula. Kanpora irten nintzen korrika. Lehen leherketa entzun nuen, eta bigarrena ere bai. Gure klinikako horma gainera zetorkigun, baina eutsi egin zion zerbaitek. Mirari moduko bat izan zen guretzat.

Pentsatu nuen amari deitu behar niola, eta, erantzun zidanean, garrasi besterik ez zuen egiten. «Ahizpa, hila» eta halakoak esaten zituen. Lanetik atera, eta etxerantz jo nuen korrika. Hogei bat minutu behar izaten dira. Bidean zer gertatu zen ez naiz batere gogoratzen.

Etxera iritsi besterik ez zenuen nahi.

Iritsi nintzenean, eraikina ikusi nuen, txiki-txiki eginda, goitik behera eroria. Gaia bizkarrean hartuta eraman behar izan genuen ospitalera, baina erietxea ere suntsituta zegoen. Gogoan dut ez ginela gai xuxen pentsatzeko. Gauza katastrofikoak gertatu zitzaizkigun, eta gauza katastrofikoak ikusi genituen. Halako batean, lortu genuen anbulantzia bat. Zazpi ospitaletara eraman gintuzten, baina bakar batean ere ez gintuzten hartu, beteta zeuden eta. Azkenekora iritsi ginen arte. Han hasi zen odoletan.

Nolakoa izan zen zer gertatu zen ulertu arteko bide hori?

Lau egun behar izan nituen ulertzen hasteko. Lauzpabost egun igaro ondoren, lehen aldiz telefonoa hartu, eta orduantxe ikusi nituen leherketaren bideoak. Etxera bisitan zetorren jendeak, gainera, kontatu zigun amonio nitratoa egon zela tartean. Baina nik beti pentsatzen nuen: zer amonio nitrato klasek eragin dezake halako eztanda bat? Beharbada, hangarrean bazen beste zerbait ere, baina ez digute kontatu.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.