Maite Elizondo.
Koronabirusa. OSASUNA PENTSALDIAN

Aukeratu gabeko erronkak

2021eko otsailaren 4a
00:00
Entzun
Bizitzan zehar erronka askotarikoei aurre egiteko unean topatzen dugu geure burua. Erronka batzuk erakargarriak dira (kirol proba bat, lan proiektu bat…), beste batzuk zamatsuagoak (osasuntsua ez den ohitura baten moldaketa…). Baina badago faktore bat erronkei aurre egiteko bidean eragin zuzena duena: motibazioa. Hau da, norberak aukeratutako erronka baten aurrean gauden, ala kanpotik inposatutakoa (harreman haustura bat, gaixotasun bat...). Hementxe, aukeratu gabeko erronka baten testuinguruan koka dezakegu denok oraintxe gure bizipen unea: COVID-19ak eragindako zurrunbilo konplexu eta zailean.

Osasun egoera larri honek eta honi aurre egiteko jasotzen ari garen kudeaketak, dantzan jarri dizkigu zenbait emozio desatsegin: beldurra, ziurtasunik ez, etsipena, haserrea... Baina prozesu neketsu honetan badago zerbait bizipen eta emozio deseroso hauen intentsitate mingarria gutxitzen lagun gaitzakeena: GU GEU.

Emozioak kudeatzeko dauzkagun baliabide pertsonalak jar ditzagun martxan eta ikas ditzagun beste hainbeste tresna bidaia luze honetan emozioen autokontrola batzuetan bada ere, senti dezagun. Hori baita gizakiok dauzkagun altxorretako bat: hausnarketa eta arrazoia erabiliz ikasteko gaitasuna.

11 hilabete daramatzagu gure garunak COVID-19ri buruzko informazioz eta gogoetaz metatzen. Jakina da pentsatzen dugun horrek gure emozioetan eragin zuzena duela, beraz lagungarria izan daiteke emozioen mundu aberatsean mugimendu onuragarria eragiteko zenbait aukera kontuan izatea.

Egoera zein den ulertu eta onartzea abiapuntua izan daiteke, ez gaude COVID-19ak gure egunerokotasunean agintzen hasi aurretik genuen errealitatean; beraz, marraztu dezagun bidea egin ditzakegun gauzetan arreta jarriz.

Informatuta egotea esparru garrantzitsu bat da; gertatzen ari dena ezagutzeak prozesuaren zein puntutan gauden jartzen gaitu; beraz, informazio iturria fidagarria izatea ezinbestekoa da, eta baita edukia dosifikatzea ere. Egunean zehar sentitzen ditugun emozioen balantza orekatzeko, sor ditzagun COVID-19tik at dauden lasaitasun irlak. Gera dezagun kanpoko zarata neketsua une batez eta egin dezagun eskuragarri dugun ekintza gustukoren bat, sentituz, gozatuz, sorrarazten digun onuraz jabetuz.

Bada urtebete alde sozialak duen garrantziaz jabetu garela. Harreman modu horrek emozioak kanporatzen eta erregulatzen laguntzen digu; hausnartzen, iritziak berrikusten. Elika dezagun gure garapenerako ezinbestekoa den zutabe hau. Izurrite hau ez du inork aukeratu, baina neurri batean, aukeratu dezakegu emozionalki nola eragiten digun. Aztertu dezagun gure barneko elkarrizketa: nola hitz egiten diodan neure buruari, erruduntasuna kanporatu eta bertuteak indartu, jorratutako urratsak baloratuz.

Osasunaren Mundu Erakundeak dio osasuna ongizate fisiko, mental eta soziala uztartzen dituen egoera dela, beraz, osasun fisikoa zaintzeko neurriez gain, har ditzagun osasun mental eta soziala babesteko baliabideak ere, merezi dugu eta.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.