Italiako gobernu koalizioak baditu programa eta ministroak

M5Sk eta PDk koalizio gobernu orekatua egin dute. Bihar bozkatuko dute bi ganberetan

Conte lehen ministrogaia, Mattarella presidentearekin bileran, atzo, Erromako Kirinal jauregian. PAOLO GIANDOTTI / EFE.
Andoni Imaz.
2019ko irailaren 5a
00:00
Entzun
Hilabete iraun du Italiako krisi politikoak, baina gobernu berria agintea hartzeko prest dago. Giuseppe Contek bigarren aroa hasiko du lehen ministro karguan, bihar Ordezkarien Ganberaren eta Senatuaren babesa jasotzen badu. Gobernua osatzeko enkargua egin zioten Conteri M5S Bost Izar Mugimenduak eta PD Alderdi Demokratikoak, eta atzo jakinarazi zuen ministro zerrenda. Sergio Mattarella errepublikako presidentearekin elkartu zen Conte, eta hari aurkeztu zion kabinete berria. Gainera, M5Sk eta PDk gobernu programa adostu zuten, LEU Askeak eta Berdinak alderdi sozialdemokratarekin.

Koalizio gobernuko bi alderdiek modu orekatuan banatu dituzte ministerioak beren artean: hamar izango ditu M5Sk, eta bederatzi PDk. Iazko hauteskundeetako emaitza, ordea, ez zen parekoa izan: M5Sk botoen %33 lortu zuen, eta 235 diputatu dauzka; PDk, berriz, %19, eta 107. Negoziazio luzeak izan dituzte akordioa lortzeko, baina Europako kezkak baretzea izan dute helburu. Gobernu koalizioak izan ditu lehen emaitzak: arrisku saria 149 puntura jaitsi zen atzo.

Ekonomia da gobernu berriaren kezka nagusietako bat, izan ere. Gobernua osatzearen helburuetako bat da urtea amaitu baino lehen datorrenaren aurrekontua egitea. Koalizioko alderdiek Roberto Gualtieri aukeratu dute Ekonomia ministro. Egun, Europako Parlamentuko Ekonomia batzordeko presidentea da. Ez da ekonomista, baina hamar urtean izan da PDren eurodiputatua, eta ezagutzen du Italiaren eta Europaren arteko harremana.

Luigi di Maio M5Sko buruaren karguak zalantzak eragin ditu hasieratik. Azkenean, Atzerri ministro izango da hemendik aurrera. Garapen Ekonomikorako ministroa eta lehen ministrordea izan da orain arteko gobernuan, eta lehen ministrorde izaten jarraitzeko asmoa erakutsi izan du. Halere, bi alderdiek erabaki zuten gobernu berrian ez dela lehen ministrorderik egongo.

Abuztuan hautsi zen gobernuan, koalizioko alderdiek lehen ministrorde bana zuten: M5Sk, Di Maio, eta Legak, Matteo Salvini. Dena den, Salvinik Barne ministro lanetan eman du zeresan handien, migrazio politika gogorrengatik. Gobernu berriak adierazi du politika horiek aldatzeko asmoa dutela, eta, hasteko, gobernuz kanpoko erakundeei ezarritako zigorrak kenduko dituztela. Luciana Lamorgese aukeratu dute horretarako; esperientzia handia du Barne Ministerioan.

Berrikuntzen artean, garrantzia du presidentetzako idazkariordeak, hemendik aurrera ez delako lehen ministrorderik egongo hari kontrapisu egiteko. Orain arte, Lega alderdiko kide bat zegoen karguan, eta, hemendik aurrera, Riccardo Fraccaro ariko da, M5Skoa. Bi alderdiek atzo egin zuten bilerako puntu gatazkatsuenetako bat izan zen hura, Contek Roberto Chieppa nahi baitzuen kargu horretarako, orain arte presidentetzako idazkari nagusia izan dena.

Babesaren bila

M5S eta PD atzo elkartu ziren ministroak aukeratzeko, baina aurretik gobernu programa osatzeko bilera egin zuten, LEU alderdiarekin batera. Izan ere, Contek proposatutako ministroek bihar egingo dute karguaren zina, eta, etzi, koalizioaren lehen ministrogaiak Ordezkarien Ganberaren eta Senatuaren babesa jaso beharko du kargua bigarrenez hartzeko.

Ordezkarien Ganberan ez du arazorik izango, M5Sk eta PDk 329 diputatu baitituzte 630etik. Senatuan, ordea, koaliziokideek ez dute gehiengo osorik, eta beste alderdiren baten babesa beharko dute. Horretarako behar dute LEUren babesa.

Conte lehen ministrogaiak esan zuen «etorkizunera begirako programa batek» babesten duela gobernua. Oso bestelako adierazpenak egin zituen Salvinik. Hauteskundeetara joateko asmoz hautsi zuen abuztuan koalizio gobernua, eta hauteskundeetan du burua oraindik. Haren esanetan, gobernu berriak «ezingo dio ihes egin italiarren epaiari».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.