Ane Pescador.
Koronabirusa. OSASUNA PENTSALDIAN

Duintasunez

2021eko ekainaren 13a
00:00
Entzun
Jaiotzen garen unetik gauza bakarra da ziurra, hilko garela. Eta orduan, zergatik ez gaude prest unea iristen denerako? Gizartean tabua da heriotza eta osasungintzak denbora luzean porrot gisa bizi izan du: gaixoa aurrera atera ezin izanak profesionalarengan sortzen zuen ezintasunagatik, heriotzari ezin aurrez aurre aurpegira begiratzeagatik.

Medikuntza triunfalistak ez zuen denbora luzean heriotza bere ogibidearen eguneroko gisa onartu nahi izan; hortaz, gaixoak abandonatu egiten ziren eta, ondorioz, gaizki hiltzen ziren. Zorionez, 60ko hamarkadan zainketa aringarriak sortu ziren. Zainketa hauek gaixo terminalaren gaitzaren azken faseetan, gaixoari eta haren senideei ongizatea, konforta eta sostengua emateko diseinatu ziren, sintomen kontrol egokia lortuz, gaixoaren azken egunak duinak izan zitezen.

Egoerak ahalbidetzen duenean, zainketa hauek denborarekin diseinatzen dira talde multidiziplinarren bitartez. Arlo fisiko eta biologikoan gaitzak sor ditzakeen sintomen kontrolaz gain, ezinbestekoa da gaixo dagoen pertsonaren arlo psikologikoa eta soziala lantzea, haren nahi eta behar guztiak ase daitezen.

Aurrez aipaturiko medikuntza triunfalistak ez lituzke minaren, goragale zein gorakoen, disnearen eta beste hainbat sintomaren kontrolak aintzat hartuko, baina ezinbestekoak dira gaixoa azken une arte duintasunez eta ahalik eta autonomia handienez bizitzeko.

Batzuetan, kontrola lortzea ez da erraza izaten eta, ondorioz, pertsona bera behin baino gehiagotan eduki dezakegu geurean ospitaleratuta. Gaitzak sortzen dizkion sintomak kontrolatzen ditugun bitartean asko ikasten dugu pertsona horretaz, zer egitea maite duen, zeintzuk diren bere senideak, gaitzarekiko duen kontzientzia maila… harreman terapeutiko estua sortzen dugu, gaixoaren nahiak, beldurrak eta kezkak entzuten ditugu. Baliteke pertsona horrek etxeko ospitaleratzearekin azkenera arte egon nahi izatea: edo baliteke etxera joan eta handik denboraldi batera gurera itzuli behar izatea, unean duen tratamendua bere ongizatea lortzeko adinakoa ez delako. Sintomak kontrolaezinak diren unea irits daiteke, gaitzak atzera-bueltarik ez duena; une horretan garrantzitsua da pertsonaren nahiei jarraituz sufrimendurik gabe duintasunez hiltzen laguntzea.

Heriotzari bizkarra ematen zion medikuntzak ez zekien zenbat galtzen zuen; zenbat ikasten dugun egunero bizitza azken une arte gozatzen bizi diren pertsonekin, agurretan maitasun hitz eta begirada zintzoenak ikusten ditugula, egunero bizitza bizitzeko dagoela erakusten digutela. Duintasunez bizitako bizitzak amaiera duina behar duela. Eskerrak besterik ezin dizkiet eman bidaiako azken momentu arte haiekin egoten uzten diguten pertsona eredugarri horiei guztiei.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.