Donostiako 66. Zinemaldia. Sail Ofiziala. KRITIKA

Soineko gorriaren ibilerak

Gontzal Agote.
2018ko irailaren 26a
00:00
Entzun

'In Fabric'



Zuzendaria: Peter Strickland. Aktoreak: Marianne Jean-Baptiste, Hayley Squires, Leo Bill, Gwendoline Christie. Herrialdea: Erresuma Batua. Iraupena: 118 minutu.

Saltsa pixka bat ekarri dio film britainiarrak egunetik egunera gero eta grisago —beltzetik hurbil jada— bihurtzen ari den Sail Ofizialari. Ez da harritzekoa hasierako kredituetan ekoizle lanetan Ben Wheatleyren izena irakurtzea; askok oraindik oso gogoan dute zinemaldi honetatik pasatu zen High Rise filma, zeresan handia eman zuena.

In Fabric-ek ere emanen du, akatsak akats eta hutsuneak hutsune, pelikula probokatzailea baita, bai narratiboki baita eszenaratzean ere. Hasiera indartsua du; zinema sozialaren bidetik jotzeko keinua egin, baina oso bestelako norabidea hartuko du berehala, askoz ere harrigarriagoa, askoz ere ilunagoa.

Argi dagoenez, egitura eta garapena ez dira inondik inora biribilak. Bi parte oso desberdinetan dago kontatuta filma, bi Black mirror odoltsu bailiran, eta, lehen ustekabea gaindituta, bigarren partean nabarmen galtzen du indarra.

Zaila da filma zer den esatea: sorginen ipuin garaikide bat izaten ahal da, B saileko beldurrezko film bat, vintage estetikako dibertimendu zoroa edo gizarte garaikideari egindako kritika gupidagabea.

Izan ere, azken atal hori da filmak duen alderdirik interesgarriena; pantailan pertsonaia frikiak eta egoera surrealistak agertzen diren bitartean, In Fabric-ek gezi pozoitsuekin eginen die tiro lan munduari, kontsumismoari eta giza harremanei.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.