Literatura. 'Eskuko ekipajea. Euskal ipuin modernoen antologia (1963-2018)'

Euskal ipuingintza modernoaren erakusleihoa

Egilea: Ibon Egaña Etxeberria. Argitaletxea: Alai.

2021eko urtarrilaren 24a
00:00
Entzun
Abaniko ireki eta askotariko bat dakarkigu Ibon Egañak Eskuko ekipajea. Euskal ipuin modernoen antologia (1963-2018) obran. Irekia, 55 urte irauten duen bidaian, beharrezkoak baino ez dituelako sartu bere eskuko ekipajean, jakitun izanik aipamena merezi duten beste hainbat bidean utzi dituela. Askotarikoa, gai, tematika, estilo, hizkuntza, erregistro, geografia eta kronologia kontuan izanda. Genero aldetik ere lanketa bat dagoela esango nuke: ez dio euskal literaturaren historiografia klasikoaren molde androzentristari jarraitu; oraindik ere gizonezko idazle gehiago aipatzen dira, baina ez dago genero arrakala horren zurrunik Egañaren katalogo proposamenean.

Antologiako ipuinen hautua nola, irakurtzeko norabidea ere irekia da. Irakurle bakoitzaren esku uzten da nola eta nondik irakurri: edo irizpide kronologikoari men egin, eta zaharrenetik berrienera egin bidea; edo, denboraren ardatza albo batean utzi, eta, nahas-mahas, Egañak proposatzen duen sailkapen tematikoari jarraitu. Asko gustatu zaidan alderdia izan da hau, joko kutsua ematen baitio irakurketa saioari.

Atzetik irakurtzen hasi, ordena kronologikoari jarraitu, edo sailkapen apetatsu, eta, nire ustez, nahiko tematikoa ardatz hartu, euskal ipuingintza modernoan aipatu beharrekoak iruditzen zaizkidan pare bat ipuin faltan sumatu ditut. Alegia, bat nator guztizautoreak bildu duen ipuingile sortarekin, euskal ipuingintza modernoan erreferentetzat ditudan idazle gehienak aipatzen baititu bertan. Baina, idazle bertsuak hautatuta ere, ez nituzke nire maletan Egañak aukeratutako ipuin berdinak gordeko. Eta hori da, aho biko ezpata bat legez, edozein antologiak duen arriskurik handiena: katalogo proposamen guztiak dira zilegi; guztiak argudia daitezke. Eztabaida eragitea, dena den, ez da gauza txarra, aukeratzeko asko dagoen seinale.

Edonork pentsa lezake aipatu berri ditudan ezaugarriak espero izatekoak direla antologia bat hizpide denean, hein handi batean, antologiak ugariak eta askotariko lanen erakusleiho izateagatik direlako antologia. Egia da. Kasu honetan, baina, nahita ekarri dut erredundantzia: Egañak bildutako sortak 50 urte (inguru) dituen genero moderno batez hitz egiten digu. Zaharragoak, gazteagoak, hemengoak eta hangoak diren idazle eta estiloen isla da. Eta hori ez da gutxi erlatiboki hain gaztea den euskal sistema literariorako. Gurean, ikusgarritasun handiagoa duten beste genero literarioen ondoan, euskal ipuingintzak badu bere izena eta izana. Euskal literaturan ere, Hego Amerikako literaturan, Errusiakoan edo Txinakoan bezala, errepertorio sendo bat dago. Horra hor antologiaren aniztasunak eta izaera irekiak euskal literaturaz, eta zehazki, euskal ipuingintzaz esaten duena.

Literatur kritikariek esan ohi dute ipuin on batek bere laburtasunean eta intentsitatean iradoki egin behar duela. Kontatzen duenetik askoz gauza gehiago esan behar dituela. Lehen begiratuan icebergaren punta soilik ikusiagatik, ur azpian askoz gehiago ezkutatzen dela irakurri nahi duenarentzat. Dudarik barik, behin baino gehiagotan irakurtzeko antologia prestatu du Ibon Egañak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.