Najat Kaanache. Sukaldaria

«Nire eguneroko ahalegina bezeroen arima ukitzea da»

JUAN CARLOS RUIZ / FOKU.
Nagore Arin.
Donostia
2019ko urriaren 9a
00:00
Entzun
Orion jaio, eta alde batetik bestera ibili da Najat Kaanache (Orio, Gipuzkoa, 1987). Egun, Marokon dihardu lanean, Nur jatetxean.

Nolakoak izan dira lehen pausoak sukaldaritzaren munduan?

Nire lehen pausoak gosea izan ziren. Ohiz kanpoko platerkadekin amesten nuen, bisigua jatearekin, banillazko izozkiarekin; nik ez nekien zer zen zapore hori, nahi izatearen eta ezinaren arteko lehia da. Ezintasunetik ikasi dut,oztopoetatik. '

Nola aldatu da zure bizitza?

Sukaldaritzak salbatu egin nau. Guztia ematen diot; egon ninteke hamasei ordu sukaldean sartuta. Nire helburua bezeroak zoriontsu egitea da; gure arimaren zati bat izan dezaten nahi dut, eta hori egiten dut: nire eguneroko ahalegina bezeroen arima ukitzea da.

Zer balio transmititzen ditu zure sukaldaritzak?

Moral altuaren balioak ditu nire sukaldaritzak: ezin daiteke lapurtu, ezin daiteke gezurrik esan... Sukalde batean ahalik eta garbiena eta puruena izan behar duzu. Kontua ez da kantitatea, kalitatea baizik, sukaldari gisa baino gehiago, pertsona gisa, eta hori ez da lan erraza; gauza asko iragazi behar dira.

Maroko oso presente dago zure sukaldaritzan, ezta?

Bai. Marokoko nekazaritza eta laborantza izugarri aberatsa da. Behar izanez gero, hegazkinak, barkuak, edo edozer geldituko nuke, adibidez, Marokoko onddoak lortzeko, baina kanpora esportatzen dituzte. Ez da bidezkoa ni marokoarra izatea, Marokon jatetxe bat izatea eta onddo horiek lortzeko erregutu behar izatea.

Eraginik izan du zu emakumea izateak?

Egia esan, triste sentitzen naiz beste emakume sukaldari askorengatik; mundua zaila da. Nik 22 emakume langile ditut nire jatetxean, eta arimarekin egiten dute lan. Hori ikusteak aurrera egiteko indarra ematen dit, gizartea aldatzeko indarra. Gezurra da ahotsik ez dutela: guztiok dugu ahotsa; beste kontu bat da, ordea, entzuten ez jakitea.

Zer proiektu dituzu buruan luze gabe egiteko?

Ilargian kozinatzea gustatuko litzaidake, baina, hemendik gutxira, proiektu handi bat egingo dut. Nire ibilbideari buruzko liburu bat argitaratuko dut; Salbamendua du izena. Argitaletxe askorekin egin dut hitzarmena, eta herrialde askotan argitaratuko da.

Nola sentitu zara Euskal Herrira itzultzean?

Hamar urte pasatu behar izan dira ni hemen egoteko: bazen garaia. Madrid Fusion biltzarreanjaso nuen gonbidapena, eta ilusio berezia egin zidan. Euskal Herrian egotea hunkigarria da.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.