Espainiako Gorteetarako hauteskundeak. Hego Euskal Herria

Estatutua nork defendatuko

Espainiako Gorteetarako bozetako eztabaida egin dute ETB1en EAJ, EH Bildu, PSE, EP eta PPk

Saioa Martijak —irudian, hirugarrena— ETB1en gidatu saioan, Rafa Sainz de Rozas, Maria Luisa Garcia, Joseba Agirretxea, Mertxe Aizpurua eta Laura Garrido. EITB.
Maider Galardi
2019ko apirilaren 18a
00:00
Entzun
Espainiako Gorteetako bozetarako hamar egun falta direla, Eusko Legebiltzarreko bost alderdiek beren proiektu politikoen berri eman zuten EITB1ek antolatutako eztabaidan. Saioa Martija kazetariak gidatutako saioak %1,5eko audientzia izan du EAEn; %5,1ekoa euskaldunen artean. Eskubide sozialez, Espainiako Konstituzioaren aldaketaz, pentsiodunen eskakizunez eta bestez aritu ziren, baina, saioak iraun zuen ordu eta erdian, oihartzuna bera izan zen gaia edonolakoa zela ere: EAEko autogobernua eta Gernikako Estatutua. Rafa Sainz de Rozas (Elkarrekin Podemos), Maria Luisa Garcia (PSE-EE), Joseba Agirretxea (EAJ), Mertxe Aizpurua (EH Bildu) eta Laura Garrido (PP) aritu ziren hizlari. Alderdi bakoitzaren proposamen politikoa aurkezteaz gain, hautagai bakoitzak egin zuen bere apustua Gernikako Estatutua nork hobeto defendatuko Madrilen. «Badirudi orain hemen gauden guztiok autogobernuaren defentsan elkartzen garela. Asko pozten naiz, baina tira...», zioen Garciak, saioak hartutako norabideaz jabeturik.

Garridok EAJri eta EH Bilduri egotzi zien EAEko estatutu berrirako oinarriez hitzarmena egiteagatik Gernikako Estatutua alboratzen ari zirela: «Batzuek diote estatutua defendatzen dutela, baina legebiltzarrean EAJk eta EH Bilduk akordio bat sinatu dute estatutua bertan behera uzteko. Guk gure esparru juridikoa defendatuko dugu: konstituzioa eta estatutua». «Sinesgarritasunik» ez izatea egotzi zion Agirretxeak PPko hautagaiari: «Zuek Senatuan bozkatu zenuten ez onartzea estatutuan sakontzea». Garridok oroitarazi zion Mariano Rajoyrekin adostu zituela azkenekoz Eusko Jaurlaritzak Kontzertu Ekonomikoa eta kupoa.

Madrilera begira jarri ziren bost alderdietako kideak, autogobernua eta lurralde eredua nola landu eztabaidatzeko. «Lurralde antolaketaren inguruko hitzarmen bat ezarri behar da, eta, hori, nazio aniztasunaren printzipioan oinarritu behar da, eta nazio guztien erabakitzeko eskubidea errespetatu behar da», azpimarratu zuen Sainz de Rozasek.

Aizpuruak, berriz, eskatu zuen autogobernuaren eta transferentzien gaia ez «erabiltzeko» hauteskundeetarako: «Ez da serioa horrelako gaiekin aritzea bozetan. Apurrak biltzen aritu behar dugu, eta horrek erakusten du mendekotasun egoeran gaudela». Agirretxeak erantzun zion EH Bilduko kideari «ikusle eta epaile» lanak egiten aritu dela orain arte, eta ezin duela urteotan egindako lana kritikatu «ezer egin ez badu».

Garciak ere garrantzia eman zion orain arte lortutakoari: «PSE beti egon da autogobernuaren eraikuntzan, garapenean eta defentsan. Horrek ekarri digu euskararen normalizazioa, euskal eskola publikoa, Ertzaintza, Osakidetza...». Sainz de Rozasek esan zuen konstituzioak agindutakoa «hautsi» egin dela, eta EAJk eta EH Bilduk azpimarratu zuten Gernikako Estatutuan hitzartutakoa betearazteaz gain harago ere joatea zela haien asmoa: «Daukaguna defendatzen jarri behar ditugu indarrak, baina dagokiguna eskatuta», ohartarazi zuen Agirretxeak. «40 urte badira transferentzien akordioa bete gabe. Menpekotasuna dugu, eta hori da hautsi behar duguna: autodeterminazio eskubidea bilatzera goaz», gehitu zuen Aizpuruak.

Madrilera, zertarako?

Osatuko den gobernua «baldintzatzera» doazela hitzeman zuen Aizpuruak. EAJk esan zuen bere baldintza «autogobernuaren defentsa eta euskal nortasunaren errekonozimendua» egitea dela. EPko hautagaiak eskatu zuen «estatu zentzuz» jokatzeko, Konstituzioaren hitzarmenak arriskuan direlakoan. PPk eta PSE-EEk, biek eskatu zuten lege esparru errespetatzeko, baita Gernikako Estatutua aitortzeko ere. Edonola ere, biek adierazizuten, azken batean, batak bestearen gobernu bat osatzea eragozteko asmoa.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.