Albistea entzun

Koronabirusa. GIZARTEA PENTSALDIAN

Askatasuna

Idurre Eskisabel - EHUko irakaslea

2021eko maiatzak 7

Badaitort bihotza (edo burua, edo, batek daki behazuna) erdibituta segitu nuela astearte gauean Trumpen inbidiarik gabeko mezu eta jarrerarekin Madrilgo hauteskundeetan ezkerrari pasada galanta emana zion Isabel Diaz Ayusoren garaipen zeremonia. Bihotza erdiratuta egon nintzen pantailei beha, baina ez emaitza horiek sortzen didaten atsekabe eta kezka politikoagatik bakarrik —hau da, Madrildik harago, eta, bereziki, honago, sumatzen ditudan pultsio bereko sakoneko korronteek sortzen didaten beldurragatik—. Aitzitik, bihotza erdibituta egon nintzen neure barne pultsio batek tira egiten zidalako ipurdia sofatik altxatu eta Ayusoren oinetan batutako jendetzarekin komunioan «askatasuna, askatasuna!» oihukatzera.

Baliteke erantzun pavlovtar bat izatea, ez bainaiz alferrik askatasuna oinarrizko aldarrikapen eta premia zen garai eta giroaren alaba. Ez baikinen alferrik hazi lahar arteko loretxoa askatzen zuen umeari edota kaiola eta kateetatik libre, euren hegoen jabe, hegaldatzen ziren txoriei kantari. Gerora ere, makinatan ibili izan dut askatasuna ahotan hartuta... Aspalditxo honetan, ordea, beste premia eta nahi batzuk hartu didate gaina aldarrikapenen agendan.

Baina itzul nadin astearte gauekora: Ayusoren erauntsia baieztatu ahala joan ziren goritzen aiene eta purrustadak nire Whatsappean. Nola ote daitekeen eskuin-muturrarekin gobernatzeko prest denari konfiantza ematea, pandemiarekin arduragabekeriaren mugak gaindituz jokatu duena saritzea, askatasuna tabernetan kaña batzuk edateko hutsalkeriara murrizten duena txalotzea... Ondorioak ere bai: batetik, madrildar eta espainiar horiek erotuta daudela, eta, bestetik, izurria sekulako triskantza egiten ari dela pertsona zehatzen gorputzetan ez ezik, buru osasun orokorrean. Puntu horretan geundela iritsi zen solasa sukartzen denean zuhurtasuna ekartzeko dohaina duen adiskide estimatu baten mezua, hainbestetan errepikatutako oharra berriro eginez: pandemia mozkorraldia bezalakoa dela, galbaheak zulatu eta barruan katigatuta daukagun hori atera baino ez duela egin. Alegia, garenaren adierazpena indartu.

Orduan akordatu nintzen nola pandemiaren aurretik eta geurean askatasuna parekatu izan dugun autopistetan lasterrago joateko aukerarekin, zaborrak norbere erara nahaspilatzearekin... Edota nola parekatzen dugun, oro har, norbera diru kontratu bidez zilegizta ditzakegun gauzen zein bizipenen jabe egitearekin, birritan pentsatu gabe metatze horiek nortzuk eta zertzuk kaltetzen dituzten.

Akordatu zitzaidan, halaber, umetan lahar arteko loreen eta txorien bidez kantatzen genuen askatasun hark bazuela norberaren nahikeria gainditzen zuen esanahirik, nola baita ere abesten genuken batek gose diraueno ez garela asetuko, bat loturik deino ez garela libre izango... Lekutan dira, ordea, askatasunaren esanahi haiek, danak ala iñor ez desiratzen genueneko garaiak...

Askatasuna desira oinarrizkioenetakoa baitugu, hitz ebokatzaileenetakoa, eskuinak prestidigitzatzaileen abileziaz bere egin eta bakoitzak metatutako kapitalaren neurriko ondasun, gaitasun eta eskubideen gozamen indibidualera murriztu duena. Eskuinak diskurtsiboki hartara mugatu, eta ezker kumeok desiraz eta egitez halaxe gorpuztu. Hortxe baita ezkerraren egungo ments nagusietakoa: askatasun desira oinarrizkoa zentzu kolektiboz jantziko duen esanahia, eta, batik bat, bizipen gorpuztua, eratu ezina.

Sareko BERRIAzalea:

Irakurri berri duzun edukia eta antzekoak zure interesekoak badira, eskari bat egin nahi dizugu: Berria diruz babestea.

Zuk eta zure gisako sareko milaka irakurlek egindako ekarpenarekin, eduki gehiago eta hobeak sortuko ditugu. Eta, zuekin osatutako komunitateari esker, publizitateak eta erakundeen laguntzek bermatzen ez diguten bideragarritasuna lortuko dugu.

Euskarazko kazetaritza libre, ireki eta konprometitua eskaini nahi dizugu egunero; bizi zaren munduaren eta garaiaren berri ematen segitu.

Albiste gehiago

Lehen mailako artako kontsultak atzeratuko ditu Osakidetzak

Lehen mailako artako kontsultak atzeratuko ditu Osakidetzak

Arantxa Iraola-Irati Urdalleta Lete

Osasun sailburu Gotzone Sagarduik egin du jakinarazpena: «Aparteko larritasuna ez duten» kontsultak atzeratuko dira.

Baionako txertaketa gunea, artxiboan ©Guillaume Fauveau

Pfizer dosiak ez ote diren faltako beldur dira txertaketa guneetako langileak

Oihana Teyseyre Koskarat

Eskualdeko Osasun Agentziak hobetsi du Moderna txertoak banatzea. Baionako txertaketa guneko langileek lana uzteko eskubidea aldarrikatu dute, pazienteei «gardentasuna zor» zaielakoan.

5-11 urte arteko haurren txertaketa onetsi du Espainiako Osasun Publikoko Batzordeak

5-11 urte arteko haurren txertaketa onetsi du Espainiako Osasun Publikoko Batzordeak

Arantxa Iraola-Irati Urdalleta Lete

Hilaren 15etik aurrera autonomia erkidegoek haurrak txertatzen hasi ahal izango dutela jakinarazi du

Munilla meza ematen Azpetian (Gipuzkoa), 2019an. ©Javier Etxezarreta / EFE

Donostiako apezpikutza utziko du Jose Ignacio Munillak

Paulo Ostolaza

Ia hamabi urte egin ditu karguan. Alacanteko (Herrialde Katalanak) gotzaina izango da aurrerantzean.

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.